Kirola edo jarduera fisikoa egitea da, osasun alarmaren puntu honetan, baimenduta dagoen ekintzetako bat; eta horri heltzen diote, egunero, makina bat herritarrek; bereziki, asteburua iristen denean.
Horren jakitun, zenbait neurri hartu ditu Hernaniko Udalak, eta jakinarazi du, gaurtik aurrera, asteburuetako tarte batzuetan hiru eremu egokituko direla herrian, oinezkoek eta txirrindulariek lehentasuna izan dezaten, jarduera fisikoa eta kirola egiteko. Jarduera Fisiko eta Kirol Saila eta Udaltzaingoa arituko dira elkarlanean, horretan.
Urbieta, Sagastialde eta Akarregiko eremuetan izango dira horiek, alarma egoerak irauten duen bitartean, «modu erosoagoan eta seguruan aritu daitezen laguntzeko». Hori horrela, moztu egingo dira errepide batzuk.
Urbieta kalean, 450 metro inguruko tartea egokituko dute, igandeko 06:00etatik 23:00etara. Eta ordutegi berean, Sagastialde auzoan, atletismo pistaren aurreko errepidean norabide bat itxiko dute, 300 metroko luzeran.
Eta Akarregin, azkenik, zenbait bide itxiko dituzte, larunbateko 16:00etan hasi, eta igandeko 19:00ak arte. Batetik, gasolindegitik Hernaniko sarreraraino doan errepidea itxiko dute; bestetik, Karabeletik Landarera bidean doan errepidea, Zubipeko parkinaren sarrera pasa ondoren; eta azkenik, Floridako lur azpiko pasabidean sartu baino lehen. Horrela, hainbat ibilbide zirkular ahalbidetuko dira.
Hiru eremuetako planoak eta informazio gehiago, azpian dagoen dokumentuan.