BERRIAK ELKARTEA

Covid19ak sortutako basamortuan bizia, komertzioak

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 23a, 00:00

Eskerrak eman dizkie Berriak elkarteak ateak irekita izan dituzten komertzioei, eta herritarrak hausnarketa egitera gonbidatu ditu.

Berriak elkartea herriko komertzioei eskerrak ematen ari da, Covid19aren eraginez ezarritako alarma egoeran ere, «herriko komertzio asko lanean aritu direlako ateak itxi gabe». Unai Agirreren bertsoa daraman txartela banatu die.

Hernaniko  establezimenduetako  «heroiak»
Elkarteak, irekita jarraitu duten denda horiei guztiei eskerrak emateaz gain, gogorarazi nahi izan du «haien lana ezinbestekoa» izan dela, «Covid19ak herria, auzoak eta kaleak basamortu bihurtu dituenean, Hernani bizirik mantendu» dutelako.
Horrexegatik eman nahi izan dizkie eskerrak, «denbora honetan guzian zehar irekita mantendu diren establezimendu horiek guztiek egin duten ahaleginagatik. Denbora honetan zehar askotan entzun dugu nola aipatu diren osasungintzako heroiak, eta haiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, baina, oraingoan, detaile txiki hau eduki nahi izan dugu Hernaniko establezimenduekin».

Unai Agirreren bertsoa
Esker horiek helarazteko, dendaz denda txartelak banatzen ari da Hernaniko Merkatari eta Ostalarien Berriak Elkartea, eta txartel horretan, Unai Agirre bertsolari hernaniarraren bertsoa txertatu dute.
Garai errazak ez dira eta
Gogoan daukagu hori
Bihotz bihotzez hernaniarrek
Eskerrik asko denori
Une zailetan guri laguntzen
Lan egin duzutenori

Herriko komertzioaren garrantzia
Bestalde, Berriak elkarteak aprobetxatu nahi izan du herritarrak hausnarketa egitera ere gonbidatzeko. Izan ere, dio: «denboraldi honek erakutsi eta ulertarazi digu internetekin denak ez duela balio, eta herriko komertzioei esker izan ez balitz, askori zaila egingo zitzaiola hozkailuak beteta edukitzea, berehalakoan tresneria informatikoarekin hornitu ahal izatea...».
Hori horrela, elkarteak hausnarketa egitera gonbidatu ditu herritarrak, «konturatu daitezen herriko komertzioak daukan garrantziaz».

Covid19aren aurrean kartelak, euskeraz
Komertzio eta ostalariak laguntzeko, Bai Euskararik ere bere ekarpena egin du. Horrela, Covid-19arekin lotutako zenbait esamolde bildu eta kartel edo errotuluak sortu ditu, euskeraz, euskeraz eta gaztelaniaz, eta euskeraz eta frantsesez. Horietan, besteak beste, establezimenduetan osasuna bermatzeko hartu beharreko neurrien inguruko esaldi eta aholkuak biltzen dira.
Nahi dutenek, eskura dauzkate kartelak Bai Euskarari webgunean, komunitatearen atalean.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!