Egoera bereziak ekarri dituzte koronabirusaren eraginez ezarritako konfinamenduak eta neurri bereziak. Hala ere, batzuentzako garai berezia izango zen hau, bestela ere; guraso bihurtzekotan ziren, eta konfinatuta edo ez, bizitzak aurrera egiten duela erakutsi diete haien haur jaioberriek.
Etxean edota ospitalean, nork bere egiten duen ingurunean erditzea garrantzitsua dela azpimarratzen dute protagonistek. Hortik aurrera, datorrenari aurre egin behar zaiola diote, tokatzen den moduan. Osasun alarma egoerak eragin ditu aldaketa batzuk, baina, orokorrean, normaltasuna nagusi dela diote guraso berriek, eta lasaitasun mezua bidaltzen diete, etorkizunekoei.
«Egoera hau da, eta dena pasatzean ezagutuko dute; ez dut penarekin bizi»
Etxeko goxotasunean jaio zen Irai, maiatzaren 3an. Koronabirusaren eraginez ezarritako alarma egoera ez du apenas nabaritu, eta etxean dago, Aitziber Otegi amarekin, Laxaro Zubeldia aitarekin, eta Enai anaiarekin.
Ez da haurra izan duen aurreneko aldia izan, Aitziber Otegirentzat, eta, agian, horregatik, lasai bizi izan ditu haurdunaldia eta erditzea. «Perfektua izan denik ezin da esan, azkenean mina pasatzen baituzu, baina oso azkarra izan zen». Koronabirusak, behinik behin, ez die kezka haundirik sortu, nahiz eta egoera kontuan daukaten. «Egia da guk segitzen dugula prebentzio neurri guztiak betetzen. Azkenean, ume jaioberri batekin, ez dakizu».
Ospitalean, maskarilla
Haurdunaldiko azken hilabete eta erdia etxean konfinatuta pasatzea egokitu zaio Aitziber Otegiri, koronabirusaren eraginez. Etxean erditu du Irai, baina ospitalera egin behar izan du joan-etorriren bat. Egoera bereziak eragindako aldaketak sumatu ez dituenik, ezin esan, baina lasai bizi izan dituzte familian.
«Erditzea izugarri ondo joan zen, baina gero, tentsioa altu neukan. Preeklanpsia gaixotasuna izan zitekeen baztertzeko gora joan beharra nuen. Analisiak egin zizkidaten, eta dena ondo zegoen. Tentsioa ere egonkortu zitzaidan. Gero, hipertentsio gestazionala izan zitekeela-eta, gaua bertan pasa behar izan nuen, eta goizean hartu zidaten berriro tentsioa. Ondo. Egia esan, arreta ona izan zen. Covid proba egin zidaten. Positibo eman izan banu beste neurri batzuk hartu beharko zituzten, beste gelaren batera eraman. Baina negatibo izanda, larrialdietako ohiko martxarekin jarraitu genuen. Hori bai, maskarillarekin. Ospitalera iritsi berri, maskarilla jartzea derrigorrezkoa zen».
Alde nabariena, haurdunaldiaren aurreko eta erditze ondorengo arretan nabaritu dituzte. «Konfinamenduaren aurretik, bai emaginarekin eta baita ginekologoarekin ere, aurrez aurreko arreta jasotzen genuen, baina ondoren, telefono bidezkoa, emaginak estreptokoko proba egin behar izan zidanean izan ezik. Bestalde, Grosera, azken ekografia egitera, bakarrik joan behar izan nuen, bikoteak ez zeukan aukerarik hor egoteko, eta horren falta bai sumatu nuela. Bestalde, konfinamendu egoeran erditze aurreko ikastaroak bertan behera geratu dira, eta erditu ondorengoak ez dakit noiz jarriko diren martxan. Enairen haurdunaldi eta jaiotzarekin alderatuz, hori nabaritu dut».
Erditze ondorengo arretari dagokionez, «ospitalean erditu dutenak etxera bidaltzen direla» dio. Beraiek alderantzizko bidea egin zuten, umea jaio eta 72 ordu pasa baino lehen proba batzuk egin behar zaizkiolako. «Hitzordua eman ziguten pilaketak saihesteko, eta maskarilla erabili behar genuen. Baina tratuaren aldetik, Enairekin bizitakoarekin desberdintasun haundirik ez dugu nabaritu. Uste dut ama-umeen eraikinean, tentsioa sumatu badaiteke ere, lasaiagoa dela, larrialdietan gehiago nabarituko dela, eta nolabait eraikin garbia dela».
Orain, hiru aste pasata, egokitzen ari dira, prebentzio neurriak betetzen, baina lasai. «Familiakoek ez dute Irai ezagutu, aurrez aurre. Baina, alde batetik, ondo dator, batzuetan erditu ostean bisitak gehiegizkoak izaten baitira… Egoera honetan, etxeko lasaitasunean gaude, eta bideo-deiak badaude. Egoera hau da, eta dena pasatzean ezagutuko dute; ez dut penarekin bizi».
Etxeko erditzeek, gora
Otegiren esanetan, «etxean erditzeko erabaki gehiago hartu dira konfinamendu egoeragatik, ospitalea saihesteagatik. Magaleko emaginek hala diote. Azken batean, denok daukagu buruan ospitalera joateak ekar lezakeela Covid19rekin gaixotzea, edo beste zerbaitekin».
Baina Aitizber eta Laxarok lehendik ere hartua zuten erabaki hori. Enai ere etxean eduki zuten. «Goizean esnatu, eta gosaldu egin nuen, lasai. Gero, kalera atera nintzen bueltatxo bat ematera. Lehenengo aldia zen kalera nijoala, gainerakoan, prebentzio moduan, etxeko eraikin barruko eskaileretan ibili bainintzen gora eta behera». Kontrakzioekin 13:30ak aldera hasi zen, eta intentsitateak gora egin arte itxoin zuen, hala adostuta. Komunean, 16:00ak aldera poltsa hautsi zuen, eta 16:30etarako emaginak etxean ziren. «Animalia instintoa atera zitzaidan, kontrakzioak pixkanaka gero eta intentsoagoak eta segidakoak ziren. Poltsa hautsi eta bultzatzeko gogoa etorri zitzaidan. Lau hanketan jarri, eta pelota aurrean nuela, bultza egin nuen, lehenengo erditzean bezala; 16:45ak izango ziren, eta 17:40etarako besoetan genuen Irai. Oso ondo».
Hain zuzen, etxean erditzea hautu bat dela azpimarratzen du. «Uste dut emakume guztiak garela gai etxean erditzeko. Ez naiz ausarta, hautu bat egin dut. Emakume bakoitzak aukeratu behar du berari hobekien dijoakiona. Ni erditze-gelan lan egindakoa naiz, eta niretzako, nahiago nuen tenpoak nik manejatu, etxeko goxtasuna… Ospitalea arrotza da. Baina beste batek erditu dezake ospitalean segurtasun haundiagoa ematen diolako bertako tresneriak, ginekologoak… Bakoitzak aukeratu behar du. Gertatzen dena da, etxean erditzea ez dagoela onartuta. Osasun publikoak ez du eskubide gisa onartzen, beste herrialde batzuetan bezala, eta etxean zerbait gertatuz gero, mundua erortzen zaizu gainera; ez egoera zaila bizitzeagatik bakarrik, baizik eta gero, mediku taldea daukazulako kontra. Gauzak argi eduki behar dituzu».
«Eskertuko genituen bisitak, beste esku batzuk umea hartzeko»
Konfinamendu egoera ezarri, bi aste etxean pasa, eta alarma-egoeraren gorenean jaio zen Elaia, martxoaren 27an, Donostiako Ospitalean; Oihane Sanz eta Mikel Rodriguezen aurreneko haurra. «Momentuan ez genekien zer zetorren».
Normal zijoan dena Oihane Sanz eta Mikel Rodriguezentzat. «Anbulatorioko erditze-aurreko klaseez aparte, Magalen ibili ginen, ordutegiagatik bikoteak ezin baitzuen besteetara joan, eta hau bion gauza da».
Ospitalean erditzeko erabakia hartua zuten hasieratik, baina «etxean ahalik eta gehien eustea ezinbestekoa» zela erakutsi zieten, «eta egoera honetan, gehiago!». Espero ez zuten egoera egokitu zitzaien, «ezezaguna zen egoera hori, etxean konfinatuta bi aste pasa eta eztandaren unean. Orain gehiago ezagutzen da gaixotasuna, eta agian, beldur gehiago dago. Momentuan ez genekien zer zetorren».
Goizeko 09:00etan kontrakzio arinekin hasi, gaueko 21:00etan indartsuagoak sumatu, eta 00:00ak arte eutsio zion Sanzek. «Hori zen gure helburu nagusietakoa; ospitalean ahalik eta denbora gutxien egitea, oxitozinak eragina edukitzeko lasai egon behar baituzu, eta ospitalera goizegi igoz gero, moztu edo mantsotu daiteke. Ez zuen lagunduko. Azken bi asteak etxean egoteak ere, mugimendu gutxirekin, gutxi laguntzen du erditzea». Baina ederki joan zen dena. «02:45etan gainean neukan Elaia».
Koronabirusaren eragina ez zuten bereziki nabaritu. «Sartzean maskarilla eman zidaten, baina erditze-gelak lasai kentzeko esan zidan emaginak. Gerora badakit jarri behar izan dela. Hasiera zen, eta agian protokoloa ez zen hain zorrotza. Ez dakit ondo edo gaizki, baina hala izan zen. Bikotea ere ondoan izan nuen denbora guztian».
Ondorena, arraroagoa
Konfinamendu egoera ezarri zenerako, gutxi geratzen zen Elaia munduratzeko, eta beraz, egoeraren eragina, bereziki, erditze ondorenean nabaritu dute. «Emaginak, adibidez, oraindik ez nau ondo begiratu».
Haurrak ere egoera arraroa sumatzen dutela ikusi dute. «Ospitalera ezin zen inor joan. Umea kalera atera da hilabete zuenean, baimena eman dutenean; ordura arte, ezer ez. Eta familiarekin ere ez gara egon. Hori da gogorrena. Eta eskerrak garai hauetan gaudela, eta bideo-deiak badirela! Baina haurra ibili da antsiarekin, suminkor, ingurukoen eragina hor dago. Kalera edo anbulatoriora atera eta dena da tentsioa, eta umean nabari da. Esaten digute hirurok bakarrik ondo gaudela, baina, egia esan, eskertuko genituen bisitak, noizean behin beste esku batzuk umea hartzeko. Egoera ez da normala, eta umea ere antsiaz, negarrez aritu da. Gu ere berriak gara. Ezin atera kalera, etxean denbora guztian, itogarria da».
Dena den, pozik daude, oso. «Erditzea oso ondo joan zen. Oso ondo nago. Nire iritziz, azkar errekuperatu naiz, eta ez daukat kexarik. Azkenean, ateratzen duzu zure barruko indar hori guztia honi aurre egiteko. Fisikoki oso ondo nago. Psikologikoki, gora eta behera… Hormonak dantzan!».
«Erditzea nolakoa izango den ezin duzu aurreikusi edo kontrolatu»
«Eskemak hautsiz» iritsi da Izan, Helena Cancelo eta Ander Txintxurretaren bizitzetara, apirilaren 11n. Etxean erditzeko ideia zuten, baina ospitalean bukatu behar izan dute. Han ere, aurreikusi gabeko egoeran. Baina «normaltasuna» nabaritu dute.
Aurreneko bi-hiru asteak «nahiko gorabeheratsuak» izan dituzte, baina «pixkanaka egonkortu da umea». Hasieratik, «eskemak hautsiz» ekin dio bizitzari Izanek. «Ideia zen etxean erditzea», azaldu du Helena Cancelo, amak. «Baina erditzea nolakoa izango den ezin duzu aurreikusi edo kontrolatu». Hori bera «neurri batean polita» izan dela dio Ander Txintxurreta, aitak. «Inportanteena ez da non jaiotzen den, baizik eta gertatzen denarekin norberak zer egiten duen, zerekin jartzen den harremanetan, eta gai ote den horrekin egoteko. Ikasketa hori da».
Etxetik ospitalera
Hiru gau «oso gogorrak eta intentsoak» pasa zituen Cancelok, kontrakzioekin. Baina egunean zehar geratu egiten ziren. «Hirugarren egunerako leher eginda nengoen, mina gorputz guztian, atsedenik ezin hartu». Horregatik igo ziren ospitalera, epiduralarekin mina arintzeko.
«Baina ez zen eroso sentiaraziko ninduen nire ingurua; banekien ez zela sortuko, eta ez zen sortu. Nekea batetik, eta aurrera egin ezina bestetik, kirofanora sartu behar izan genuen, eta ate haunditik!». Zesarea egin behar izan zioten. Hortik ere ikasketa ateratzen dela azpimarratzen du Txintxurretak; «batez ere Helenaren kasuan, ez baita erraza hori onartzea». Baietz dio berak. «Saihestu nahi nuen guztiarekin egin nuen topo, baina ez zegoen beste modurik, bere bidea eta jaiotza hori zela onartzea baino. Bizitzaren miraria horrelakoxea da!».
Bizipen horiekin nahikoa entretenituta, ez zituzten modu nabarmenean nabaritu osasun alarma-egoeran ezarritako neurriak. Aitak ezin zuen kirofanoan egon, «baina hori beti da horrela». Gainontzean, «sartzean eskuak garbitu, maskarilla jantzi, eta hortik aurrera, dena normal zegoen erditze-gelan. Giroa lasaia da ama-haurren sailean. Normaltasuna da nagusi».
Normaltasun berria, zalantzarik gabe
Kontzeptua gero eta gehiago erabiltzen den honetan, haur jaioberria dutenentzat are nabarmenagoa bihurtzen da 'normaltasun berrira' egokitu beharra. «Txip aldaketa egin beharra dago, zure norbanakoaren bizimodua izatetik, 24 ordutan haur bat besoetan edukitzera», dio Cancelok.
Konfinamenduak ekarritako egoera berriari dagokionez, erditze ondorenean nabaritu du aldea. «Haurdunaldiaren azken hilabetean harrapatu ninduen, eta ordurako etxekotua nengoen ni, barrura, etxera, nire kabira bilduta. Ez zen arazo izan. Baina erditze-ondorena gogorragoa egiten ari zait».
Ospitaletik etxera ohikoa baino egun bat lehenago bidali zituztela gogoratzen du Txintxurretak, eta ondoren, egoera «barregarriak» bizi izan dituzte. Anbulatorioan emagina eta pediatrarekin egin beharreko bisita batzuk telefonoz egitea hobea zela uste izan dute batzuetan, koronabirusa medio, eta joateko agindu diete. Beste batzuetan, berriz, alderantziz. «Baina ez dugu buruhauste haundirik izan». «Orokorrean lasai» daudela dio Cancelok. «Arreta aldatu da, aurrez aurreko bisiten falta medio. Ebakuntzako orbainak min ematen zidan, eta kosta zitzaidan, baina azkenean lortu nuen aurrez aurreko bisita, eta orduan, emaginarekin primeran». Hortik aurrera, falta haundiena, familiarena nabaritu dute. Bizkaian bizi da Cancelorena. «Oraindik ez dute haurra ezagutu. Bestalde, ordutegiena ere gogorra da. Jaioberri batekin ordutegi gabe bizi zara, eta nahastuta gabiltza. Orain arteko gogorrena, hala ere, izan da beso gehiago ez edukitzea, behar baita». Aita ados dago amarekin. «Lehenengo bi asteetan eskertzen da lasaitasuna, izugarri. Gure izaera ere horrelakoa da. Baina, azkenean, hau oso intentsoa da». Txintxurretaren familiak aste honetan ezagutu du Izan aurrez aurre.
Nork, bere denborak
Ezer ez da atera aurreikusi bezala. Baina etxean erditzearen aldeko aldarria egiten dute. «Ez da aukera kontua ere», dio Helenak. «Kontua da, non sentitzen zaren eroso. Nik eroso eta seguru, maite nituenekin egoteko tokia behar nuen, emagina eta bikotearekin. Prozesuak bere bidea egin dezan, behar duzu goxotasuna, intimitatea, denboraren presio eza. Ospitalean denak denbora du, eta bestela, esku-hartzeak hasten dira. Nik presioarekin ez dut funtzionatzen, eta ikusi zen. Hori bai, ospitalera joan behar izanez gero, zorionekoak, ospitaleak!»
Ander ados agertu zen, Helenak etxean erditzeko ideia planteatu zionean. «Naturalagoa iruditzen zait. Pentsatzen dut pixkanaka berreskuratu behar genukeela naturaltasun hori bizitzaren arlo guztietan, batez ere, osasungintzan. Falta da garai bateko jakituria eta egungoaren arteko uztarketa. Iruditzen zait hori dela bidea, bakoitza prest dagoen neurrian. Gero, ez dakizu ikasketa non dagoen, baina prozesua polita da»