Dantza izango da protagonista, gaurkoan, Hernani Kultura online programazioan. Arratsaldeko 19:30etan hasita, dantza eta bideo proiekzioak uztartzen dituen pieza erakutsiko du Arantza Iglesias Arbizu dantzari hernaniarrak, Jokin Labaienekin elkarlanean.
Bideo-dantza deitu diote, eskainiko duten lanari, eta ikusgai izango da Hernaniko Udalaren Youtubeko kanalean, eta handik ekarrita, baita albiste honetan bertan ere, azpiko txokoan. Lotura zuzena aurkitu daiteke Udalaren web orrian ere (hernani.eus).
Emanaldi honekin emango diote bukaera, online programazioaren hirugarren asteari. Eta datorrenean, maiatzeko azkeneko astean, beste bi emanaldi daude aurreikusita, Hernaniko Udalaren Youtubeko kanalean horiek ere. Asteazkenean, arratsaldeko 18:00etan hasita, poesia saioa eskainiko du Andoni Tolosa Morauk: Nire oinen atzetik. Eta ostiralean, 19:30etan hasita, Xabi Solano musikariaren emanaldi labur bat ikusteko aukera izango da, bertan.