Eusko Jaurlaritzak bere erabakia berriro aldatzen ez badu, datorren astelehenean hasiko dira ikasleak klaseetara bueltatzen, DBH 4, Batxilergoa eta Lanbide Heziketakoekin hasita. Joan den astelehenerako zegoen aurreikusita, baina astebete atzeratu zuten orduan.
Jaurlaritzak erakutsitako asmoekin kritiko azaldu da Mandazubi Guraso Elkartea, Hernani BHI Institutuko gurasoena. Eta bere kezka eta zalantzak eman ditu aditzera, idatzi baten bidez.
«Orain arte garbi ikusi da, ikastetxe bakoitza aurrera atera dela bere kabuz eta inolako baliabide, jarraibide eta sostengurik gabe, ez ekonomikoa eta ez pedagogikoa, Eusko Jaurlaritzaren erabakiei aurrea hartuz uneoro. Gure seme-alabei, ahal zuten laguntzarik onena, modurik egokienean eskaintzen, erabateko ziurgabetasun egoeran. Ahalegin itzela egin dugu guztiok, zuzendaritza taldeak, irakasle, ikasle eta familiok, bakoitzak bere eremutik eta bere gaitasun eta gabeziekin», nabarmendu dute.
Horregatik agertu dira haserre, Cristina Uriarte Hezkuntza Kontseilariaren adierazpenekin, «esanez eskolara bueltatzeko ordua dela jada, eta entsaio bat egingo dugula irailera begira, normaltasuna jada gure artean egongo balitz bezala».
«Ezin da bermatu eskolara bueltaren antolaketa, modu egoki eta zentzuzko batean»
Zentzu horretan, Mandazubik kritikatu du, Hezkuntza Sailak eskolak ireki nahi dituela, «baina guztion segurtasuna bermatzeko ardura zuzendaritza taldearen, irakasle, langile, ikasle eta familien esku utzita. Horrelako ardura, eskola bakoitzaren gaitasunetatik kanpo dago, ezin baita bermatu guzti horren antolaketa modu egoki eta zentzuzko batean», adierazi du.
Gauzak horrela, Guraso Elkarteak uste du, «segurtasuna bermatu beharrean, zalantzak eta kezka areagotu» egiten dituela Hezkuntzaren proposamenak. Eta hain justu, bere kezka eta zalantzen zerrenda zabaldu du, idatziaren bitartez.
Horrela, galdetu du Hezkuntza Sailak ba ote daukan Planik itzulerarako, eta zuzendaritza taldeekin adostu ote den; zein babes neurri bermatuko dituzten; testak edo tenperatura kontrolak egingo ote diren; zein babes material erabiliko den; nola bermatuko den desinfekzioa, edo ikas materiala ez konpartitzea...
«Egin ditzagun gauzak zentzuz eta arduraz, eta lagundu diezaiegun irakasleei»
Mandazubik azaldu du, «nahikoa lan» izango dela, datorren ikasturterako ikasketa planak berrantolatzen, «orain aurrez aurre egin ezin izan diren funtsezko edukiak berreskuratzeko, edota ikasturtea bera antolatzeko, goitik behera aldatu beharko delako agian».
Ikastetxera bueltatzeko erabakia ikastetxeen edota gurasoen esku uzteko proposamena ere gogor kritikatu du: «gure seme-alabentzat kalitatezko hezkuntza nahi dugu, pedagogia eta osasun baldintza minimoak bermatuz. Baldintza horiek bermatu bitartean, izugarrizko arduragabekeria iruditzen zaigu, inolako aurreikuspenik, baliabiderik eta adostasunik gabe, klasera bueltatzea».
Eta gaineratu du: «egin ditzagun gauzak zentzuz eta arduraz. Lagundu diezaiegun irakasleei euren jarduna ondo bukatzen ikasturte honetan. Bukatu klaseak maiatza bukaeran, dena gainditu duten ikasleentzat. Zentratu ekainean errefortzua behar dutenekin, laguntza eskainiz ohiko eta ezohiko azterketei begira, selektibitateari begira; eta betiere, ikasle guztiek bere maila gainditu dezaten ahalik eta baldintza onenetan».