COVID-19aren pandemia eta honen aurrean indarrean dauden neurriak direla eta, bertan behera geratu da, Langile Ikastolak maiatzaren 23an ospatu behar zuen ikasle ohien festa eguna, 50garren urteurrenaren egitarauaren barruan.
Hala ere, egun horretarako aurrez erositako txartelak gordetzea eskatu dute, egoerak ahalbidetzen duenean gauzatuko baita ospakizuna. Eta data berria zehaztearekin batera, egin beharreko kudeaketa zein aldaketen berri ere jakinaraziko dira.
Bestetik, ikastolatik eskerrak eman nahi izan dizkiete egun hau antolatzen laguntzen eta erraztasunak jartzen ari zirenei eta ariko direnei; aurkezle, bertsolari, musikari, sagardotegi, DJ eta ospakizun berezi honetan parte hartzeko irrikaz geratu den orori. Laster berriz ere egitarauari eutsiko diotelakoan daude.