Hernaniko nerabeek, beste kolektibo askok bezala, konfinamendua etxean pasa dute, goizez ordenagailuaren aurrean ikasten eta, arratsaldez, lagunekin mugikor bidez berriketan, nagusiki. Osasun krisiaren ondorioz, astean zehar izan ohi duten dinamika zeharo aldatu zaie, baita asteburuetakoa ere. Aisialdirako ohiturak aldatu dira, eta horrekin lotzen diren arrisku jarrerak ere eraldatu dira.
Hernaniko 12 eta 16 urte bitarteko nerabeek dituzten arrisku jarreren ikerketa egin zen 2019an. Bertan jasotzen zen tabakoa, alkohola eta droga arinen kontsumoaren inguruko hainbat datu. Jakina da itxialdian, nerabeak, oro har, sustantzia horien kontsumoa gutxitu dutela. Orain, itxialdia arindu den honetan, hainbat gomendio luzatuko zaizkie Hernaniko Gaztelekutik, bereziki tabakoa edo kalamua erretzea, edo alkohola edatea gutxitu duten nerabeei.
Drogen kontsumoaren prebentzioaren lanketa 'Ai Laket!!'-ek
Ai Laket!! Elkarteko kideen laguntzarekin, drogen kontsumoaren prebentzioaren lanketarekin jarraituko da. Lehenengo ekintza maiatzaren 14an egin zen. Hernaniko nerabeen arrisku jarreren ikerketaren emaitzak gazteei gerturatzeko asmoz. Gaian sakontzen hasteko, instagram bidez hausnarketara bideratutako galdera batzuk erantzuteko gonbidapena luzatu zitzaien.
Gaztelekuko instagramean gazteekin gaur zuzenean solasean, 17:30etan hasita
Gaur, asteazkena, Ai Laket!!-eko kide bat izango da zuzenean Hernaniko Gaztelekuko instagram-ean (hgaztelekua) gazteekin solasean. Elkarrizketa 17:30ean hasiko da. Ai Laket!! elkarteak drogen kontsumoa murriztera begirako ekintzak egiten ditu. Bertako kide batek nerabeei zuzenean hainbat gomendio luzatuko dizkie.
Itxialdia nola eraman duten ere azaltzeko aukera izango da, eta sortu daitezkeen zalantzak zuzenean galdetu ahalko dira txat-aren bidez.
Aurreko egunetan, gazteek aukera izan dute instagram bidez beraien galderak bidaltzeko. Jasotako galderak Ai Laket!!-eko kideei helaraziko zaizkie zuzenekoan erantzun ditzaten. Guztia modu anonimoan egingo denez, gazteak animatu nahi dira dituzten kezkak azaleratzera eta parte-hartzera. Ezohiko egoera bizitzen ari dira eta denek dituzte galdera asko eta erantzun gutxi. Horregatik, gaian adituak diren gazteak egongo dira zuzeneko bidez informazio espezializatua ematen, hausnarketa sustatzen eta gomendioak eskaintzen.
Horretaz gain, ikerketaren aurkezpenak eta laburpena eskuragarri daude udal webgunean, www.hernani.eus euskaraz zein gazteleraz. Etxean nerabeak dituzten gurasoak gonbidatu dira ikerketaren emaitzak begiratu eta euren seme-alabekin gaiaz hitz egin dezaten.