Bertan behera geratu dira udal zerbitzu gehienak, edo murriztu egin behar izan dituzte, COVID-19 birusak eragindako osasun alarma tarteko. Eta zerbitzu horien kuotak, herritarrei bueltatzea erabaki du Hernaniko Udalak.
Aste honetan bertan hasiko da dirua bueltatzen, eta guztira, 102.779,02 euro izango dira herritarrei itzuliko dizkienak. Zehazki, honako zerbitzuen kuotak bueltatuko dituzte, osorik edo zati batean: kiroldegikoa 1.445 herritarri (19.876 euro guztira), Musika Eskolakoa 493 herritarri (51.900 euro), Biteriko ikastaroetakoa 396 herritarri (6.822 euro); Udal Euskaltegikoa 163 herritarri (20.791 euro guztira); eta Kantuzeko gitarra ikastaroena 37 herritarri (3.388 euro).
Ikastaroen kobraketa egin zen kontu korrontean bueltatuko da, maiatzaren 22tik 25era.
Zergen ordainketak, hiru alditan egiteko aukera
Udalak gogorarazi du, bestalde, atzeratu egin dituela ibilgailuen zergaren eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordainketak, «krisi honen ondorioz diru-sarrerak murriztu zaizkien herritarrei laguntzeko asmoz». Ibilgailuen zerga uztailaren 20tik irailaren 10era ordaindu ahal izango da orain, eta Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (IBIa) abuztuaren 1etik urriaren 9ra.
Gainera, ordainketa horiek behin egin beharrean, hiru alditan egin ditzakete, interesik gabe. Horretarako, eskaera egin behar da udaletxean: 943 33 70 45 telefonora deituta, 10:00etatik 14:00etara; edo emailez idatzita bilketa@hernani.eus helbidera.
Alarma egoeran egindako kirolari buruz, galdetegia
Bestalde, Hernaniko Udalak galdetegi bat helarazi die herritarrei, jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotuta. Jakin nahi dute, herritarrak jarduera fisikorik egiten ari diren osasun alarma egoera honetan; zer nolako jarduerak egiten dituzten; eta zein baliabide eta zerbitzu izatea gustatuko litzaiekeen etorkizunean.
Test moduko 11 galdera dira, zenbait azpigalderarekin; eta betetzea eskatu die herritarrei, «aurrera begira zein pauso eman zehazten joateko».
Hauxe da galdetegia erantzuteko helbidea, euskeraz zein gaztelaniaz: labur.eus/RXr3p.