Urteurren borobila du aurten Kantuz abesbatzak, 30garrena; baina ezin izango dute nahi bezala ospatu, oraingoz behintzat. Ezingo diete eskaini, bazkideei eta herritarrei, urtero maiatzean eskaintzen dieten emanaldi berezia, Kantuz Egunekoa.
Ez dute kantatu gabe geratu nahi izan, ordea: «konfinatuta ere, ez gara ixilduko», adierazi dute. Eta kontzertuaren partez, bideoa grabatu dute, Akelarreren Kantuz abestia kantatzen, abesbatzako kideek. Ikusgai dago bideoa, albiste honetan bertan; edota Kantuz Abesbatzak Youtuben daukan kanalean.
Osasun alarma egoera honetan, bideoa ikustera gonbidatu dituzte herritar guztiak: «espero dugu bideoaz gozatzea». Aukera aprobetxatu nahi izan dute, gainera, abesbatzako bazkideei eskerrak emateko, «zuen laguntza eta babesagatik»; eta baita hernaniar guztiei ere.