Konfinamendua duela bi hilabete hasi zen, eta ordutik, «egunero-egunero» jardun dute Nahia Goikoetxea eta Enara Urdangarinek, trikitia astindu eta Larramendi kalea girotzen. 10 urte dauzka Nahiak eta Enarak, berriz, 9. Azaldu dute, orain asteburuetan jai egiten dutela, «orain arte egunero-egunero jardun dugu trikitia jotzen, baina egun asko dira hasi ginenetik eta orain asteburuetan jai hartzen dugu!».
Zeini otu zitzaion balkoietan trikitia jotzeko ideia hau?
N.G.: Enarari okurritu zitzaion, Italiako bideo bat ikusi zuen. Nola konfinamendua hasi zenean, jendea balkoira ateratzen zen, eta instrumentuak joz, auzoak girotzen zituzten, eta hau kopiatzea pentsatu zuen. Eta parean bizi garenez, biok egitea pentsatu genuen.
E.U.: Oso polita iruditu zitzaidan Italiakoa, eta Nahiak aipatu moduan, kopiatu edo antzerako zerbait egitea proposatu nion, eta aurrera eraman genuen.
Arratsaldeko 19:00etan jotzen duzue trikitia, zer dela eta?
E.U.: Ordu ona iruditzen zaigu, oraindik arratsaldea da, ez dago iluna eta txaloak beranduago datozenez, ordu horretan egiten dugu.
N.G: Bai, ordu ona iruditu zitzaigun, azkenean ez da ez goiz eta ez da berandu, tartean dago. Lehenengo egunetik gaur arte, beti egin izan degu arratsaldeko 19:00etan. Gainera, 20:00etan hasten dira txaloak, eta orain jendea ordu horretan ateratzen da kirola egitera. Guk ordurako amaitu dugu saioa, 40-45 minutu egiten baititugu.
E.U.: Batzuetan lehenago amaitzen degu, beste batzuetan luzatu egiten gara.
Nolatan hasi zineten biak batera?
N. G.: Ba egia esan, Enarak eskaini zidan proba bezala egiteko, ea zer moduz moldatzen ginen ikusteko, biak parean bizi baikara, bloke ezberdinetan. Gero gustatu egin zitzaigun eta egunero hasi ginen egiten.
E.U.: Bai, Italiako bideoa ikusi ondoren, pentsatu nuen, Nahiari eskaini behar niola, biak trikitiarekin balkoian jarri eta giro pixka bat jartzeko proposamena. Nahiak nik baino kanta gehiago ditu, eta biek dauzkagun abestiekin egiten dugu eguneroko saioa, bat berea, hurrengoa nirea, eta horrela, errepertorio osoa jo arte.
N.G.: Abesti asko jotzen ditugu, hauek dira batzuk: Pintto pintto, Uso txuria, Zorionak zuri, Doraemon, Beti eskamak kentzen, Andre Madalen, Neska zaharrak, Egia da, Itsaontzi baten, Ama ni neska, Kalez kale, Gora-behera, Beti lasai eta Zazpi jauzi.
E.U.: Amaieran, bakoitzak nahi duena jotzen dugu, amaiera moduan, bakoitzak bere estilora.
Partiturekin, buruz... nola joatzen dituzue abesti hauek? Eta zuen artean, nola komunikatzen zarete?
N.G.: Partiturekin egiten ditugu abestiak. Hhala ere, badakizkigu. Ni adibidez, kalejiretan atera naiz; orduan abestiak badakizkit.
E.U.: Gainera, aurrez aurre gaude eta horrela komunikatzen gara; agian duda bat daukagu, ea hurrengo abestia zein den, eta balkoitik balkoira argitzen ditugu gure zalantzak.
Nolakoa da bizilagunen jarrera? Gustuko dute?
N.G.: Beste blokekoak ikusten ditugu, eta ez dira asko ateratzen, baina bai, gustuko dute jotzen duguna, egia esan.
E.U.: «Beste bat!» ohiukatzen dute batzuk.
N.G.: Bai! Eta beste batek beti, pena tonuarekin «oh...» esaten du; amaitu dela-eta, triste dagoela dirudi! Egun hauetako batean, nire lagun baten urteak ziren eta Zorionak zuri jo genuen, oso polita izan zen.
Eta orduan, nola sentitzen da bat, ikustean, egindako saioa gustukoa izan dela jakitean?
N.G.: Oso-oso ondo sentitzen gara biok, jotzen jarraitzeko gogoa pizten dizu.