Nondik, noiz eta zertarako sortu da Zaintza Sare hau?
Urumea HerriGunetik abiatu zen sarea, Covid-19 alarma egoera aktibatu eta hurrengo astean.
Gure helburua, zaurgarri izan daitezkeen herritarrei, sare propioak asetzen ez dizkieten beharrak asetzea da.
Ez da bat-batean sortzen den ideia bat. Azken urteotan kolektibo ezberdinetatik ematen ari garen zaintzen inguruko hausnarketak motibazio izanik, egungo errealitatera eta ditugun baliabideetara egokitzen den zerbait abiatu nahi zen, nolabait elkarren ardura hartuz eta komunitatea indartuz, zaintzaren kultura ureztatzen jarraitzeko. Landatzen ari diren hazi horiek pixkanaka esperientzia 'organikoagoak' loratuko dituztela espero dugu.
Nortzuk osatzen duzue Sare hau?
Urumea HerriGuneko kideez gain, 100dik gora herritarrek aurkeztu dute euren burua zaintza sarearen parte izateko.
Zein da Zaintza Sarean egiten duzuen lana?
Eskariaren arabera, 25eko zaintza talde iraunkorrak sortzen ditugu eta hauek dira egunerokoan zaintza behar dutenekin kontaktu zuzena dutenak. Gainontzekoak, itxaron zerrendan geratzen dira eta bitartean informazioaren hedapenarekin laguntzen digute (kartelak jartzen, sareetan elkarbanatzen...). Gainera, beren gertuko komunitatean (familia, bizilagunak...) adi ibiltzeko eta zaintza saretxoak sustatzeko gonbita egin diegu, tokian tokiko egoerak ezagutzea eta horietan konfiantza lantzea, askotan gertutik elkar-zaintza sortzea errazagoa baita.
Nork, non eta zertarako jo dezake zuengana?
Koronabirusagatik kutsatzeko arrisku egoeran dauden pertsonek edo egoera zaurgarrietan daudenek, beren kabuz edo sare propioen bidez bizitza eusteko lanak egin ezin dituztenean. Adibidez, erosketak egiteko, haurrak zaintzeko, animaliak paseatzeko, zaborra jaisteko... laguntza behar dutenek. Bakarrik bizi den norbaitek 'bizilagun telefonikoa' behar badu telefonoaren bestaldean norbaitek berarekin gai pertsonaletaz hitz egiteko eta barrenak askatzeko, guri deitzeko aukera dauka. Hau ere, plazaratutako telefonoetan eskatu daiteke, ondoren momentuan momentuko pertsona boluntarioarekin kontaktuan jarriz. Udaletik etxeetara deiak egiten ari dira, bai, baina ulertzen dugu edozein ez dela gauza pertsonaletaz instituzioarekin edota langile teknikariekin mintzatzeko eroso.
Zein lotura egiten duzue zuen lana eta Tratu Onen Hernaniren artean?
Zaintza sare bat egotea bera dagoeneko Tratu On bat da. Elkarren ezagutzan, konfiantzan, konplizitatean eta elkarren sostenguan oinarritzen den komunitatea sortu nahi badugu, beharrezkoak ditugu zaintzen sareak. Sare hauek, adin ezberdinetakoen artean, jatorri ezberdinetakoen artean etab. izan behar dira. Gure ideia da, dagoeneko toki askotan gertatzen ari den bezala, zaintzen kulturaz Hernani zipriztindu eta zaintzarako sare naturalagoak sortzen joatea.
Bitarte horretan, egoera espezifiko honi begira, guri deitzen digun edozeini egiten dizkiogun bi galderak tratu onen oinarri dira guztiz: 'Zer moduz zaude? Zer behar duzu?'
Jasotakoa bolondresei transmititu eta hauen behar eta ahalmenetara egokitzen dugu, ahalik eta osoen asetzeko. Eskaera bat ez dugu 'agindu' bezala bizitzen eta eskaria egiten dutenei, beharren aurreikuspenekin eta segurtasun neurriekin zaintzaileak zaintzeko eskatzen diegu.
Herrian daukaguna baloratze aldera, zeintzuk dira egun dauden praktika onak?
Lehen aipatu dugun bezala, hau ez da bat-batean jaiotzen den ekimen bat. Zaintzaren inguruko hausnarketa bat ematen ari da herrian, kolektibo ezberdinetatik (Mugimendu feministan, Iturolan, Amherren, Langileen Babes sarean...). Gainera, ideiatik haratago, hitzari ekintza jartzeko prest dagoen jendea dago. Ba al dago bizitzak erdigunean jartzea baino Tratu Onagorik?
Eta zuen ustez, eta Tratu Onei dagokionez, zer indartu behar da Hernani mailan?
Jakitun bakoitzak bere borrokak eta lehentasunak dauzkala, borroka komunetan sakontzea falta zaigu, behar eta zapalketa guztiak mahai gainean jarri eta elkarrekin erantzunez. Komunitate begirada indartzea ta zaintza sare organiko sendoak eraikitzea.
Zer nolako Zaintza eredua irudikatzen duzue denontzako ona izango den Tratu Onen Herrian?
Behar indibidual eta kolektiboen arteko oreka bat duena, txikitik handira antolatzen dena. Bizitzak berak markatzen dituen erritmoetan oinarritzen dena eta ez instituzio, kapital, burokrazia erritmoetan. Gehiegitan burokraziak bitzitzaren erritmo eta beharren atzetik doaz eta kapitalari eskua emanda, eta kapitalak markatzen duen erritmoak ez dio bizitzari arnasten eta bere erritmoa jartzen uzten.