Gaur irekiko da berriro Herritarren Harrerarako Zerbitzua, izan ere Covid- 19ak sortutako egoeraren ondorioz, bi hilabete egon da itxita.
Aurrez aurreko arreta berreskuratuko da, baina baldintza zehatz batzuetan; alde batetik, «aurretiko hitzordua duten herritarrak atendituko dira», eta bigarrenik, «banaka sartu behar dute herritarrek». Ordutegiari dagokionez, goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:00ak arte egongo da bulegoa irekita. Udalak gomendatu du, «telefonoz, posta elektronikoz, eta modu telematikoan egin daitezkeen tramiteak bide horietatik egitea», azkenean bulegoa irekita egongo da, baina modu telematikoan egin daitezkeen tramiteak ere bideratzen jarraituko du Udalak.
Alarma egoera arintzeko, 1. fasearen barruan sartuta gaudela, «HHZren bulegoa irekitzea erabaki dugu, baina zerbitzuak muga batzuk izango ditu, udal langileen zein herritarren segurtasuna bermatze aldera».
Hainbat baldintza aipagarri
Udalaren arabera, «soilik hartuko dituzte aurretik hitzordua duten herritarrak». Eta hitzordua hartzeko edo beste tramite zein kontsultak egiteko, 943 33 70 00 telefonora deitu behar da.
Behin hona deituta, zein tramite egin nahi den azaldu behar du herritarrak, «ahal diren tramite gehienak internetez edo telematikoki egitea lehenetsiko da, baina ezin denean, hitzordua emango zaio herritarrari».
Hitzordua duenak, kanpoaldean itxaron beharko du bere txanda izan arte. Gainera herritarrak banaka sartuko dira. Eta laguntzailea behar den kasuetan, bi pertsonek sartu ahal izango dute. Udalak aipatu du «egin beharreko tramiteetan pertsona batek baino gehiagok parte hartu beharko balu, bulegora txandaka» sartuko direla.
Maskara eta boligrafoak, etxetik
Bulegoaren barruan, egongo diren langileen mahaietan, «manpara bat dago, langileen eta herritarren segurtasuna bermatzeko xedez». Sarreran eskuak garbitzeko hidrogela egongo da, eta baita barruko mahaietan ere. Sarreran beraz, eskuak garbitzea eskatzen du udalak, eta horrez gain, gaineratu du «mesedez, maskara eta boligrafoa etxetik ekar dezatela, kutsatzeko arriskua murrizteko asmoz».
HHZko beste langile batzuk, etxetik ariko dira lanean, eta orain arte bezala, telefonoz , eta postaz atendituko dituzte herritarrak.