ARREMANITZ

Haurren sexualitateaz, Nerea Sanchorekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 14a, 00:00

Tratu Onen Foroa gidatuko du psikologo eta sexologoak, 18:00etan hasita.

Tratu Onen Foroa antolatu du gaurko, Arremanitz kooperatibak. Interneten izango da, Zoom programaren bitartez; eta haurren sexualitateari buruz ariko dira bertan.
Nerea Sancho Esnaola psikologo eta sexologoak gidatuko du saioa, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara; eta Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako 3garren mailara bitarteko haurren gurasoentzat izango da bereziki.
«Gurasook egunerokoan ditugun erronkak gutxi baziren, egun COVID-19ak muturreko egoerak ekarri dizkigu, aukerak eta zailtasunak biderkatuz. Haurrekin elkarbizitza intentsuagoa da, partekatzen diren une bereziak gehiago, baita nekeak eta buruhausteak ere. Sexualitateak, etxeko giro desberdinetan ageriko lekua har dezake: begi-bistako esplorazioak, galdera deserosoak, mugikorraren bitartez sartzen diren edukiak, gurasoen arteko harremana begi bistan egotea... Honen guztiaren inguruan esku-hartzeko irtenbide eta zaintza praktiko sorta eskainiko dugu saio honetan. Eta elkarrekin bizi diren gurasoek, bikote harreman intimoak zaintzeko eta bizi-pozari heltzeko, gako errealista eta egingarri batzuk ere eskuratuko dituzte», aurreratu dute.

Bi zati
Aurreneko ordu erdian, hitzaldia eskainiko du Sanchok berak, haurren sexualitatearen inguruan; eta bigarrenean, bertaratuen galderei erantzungo die.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!