AZOKAK

Elikagai postuak Urbieta kalean eta landareenak Latsunbeberriko kirol pistan, gaurko ferian

Lide Rekondo Urkia 2020ko mai. 14a, 00:00

Segurtasun neurri berriak hartuko dituzte ostegunetako ferian, eta 08:00etatik 15:00etara izango da, Urbieta kalea trafikora erabat itxita.

Normaltasunera bidean pixkanaka, egoerara egokitu dituzte, Hernanin egiten diren azoka ezberdinak. Ostegunetako feriak, esaterako, segurtasun neurri berriak izango ditu gaurtik, baina azokarik ez da faltako.
Goizeko 08:00etan hasi, eta arratsaldeko 15:00ak arte egongo da azoka; eta bitarte horretan, trafikora erabat itxiko dute feriaren eremua, bi norabideetan, Urbieta kalea oinezkoentzat bakarrik utzita.
Horrela, Urbietan bertan jarriko dituzte elikagai postuak, eta 10entzako tokia izango da. Izan ere, postuen arteko distantzia haundituko dute, segurtasun neurri gisa, eta sei metro utzi beharko dituzte haien artean, gutxienez.
Hori horrela, landare saltzaileak ez dira Urbieta kalean egongo: Latsunbeberriko kirol pistan jarriko dituzte, Urbieta kalearen azpiko aldean, hain justu.
Aldaketen aurrean, jarriko diren seinaleei kasu egin eta udaltzainen aginduak betetzeko eskatu du Udaltzaingoak.

«Salmenta mailarekin pozik», Behemendiko azokakoak
Beste azoka bat ere jarri zuten joan den larunbatean, Plaza Berrin: bost posturekin izan zen Behemendiko azoka, bertan.
Larunbateko esperientziarekin gustura agertu dira, Behemendikoak. Eta jakinarazi dute, «pozik» bueltatuko direla Plaza Berrira, ekainaren 13an, azokaren hurrengo hitzorduan, «tartean beste eragozpenik ez badago behintzat».
Azokan postua jarri zutenek, nabarmendu dute, postuetara gerturatu ziren herritarrek «normaltasunera bidean beste pauso bat antzeman» nahi zutela adierazi zietela. Eta aipatu dute, plazaren aldameneko kaleetan, «lasaia eta arduratsua» izan zela jendearen presentzia eta mugimendua.
Gainera, larunbatean postua jarri zutenek, azaldu dute «salmenta mailarekin pozik» etxeratu zirela, «bereziki kontutan izanda bi hilabetetako etena izan duela azokak».
Hortaz, etenalditik bueltatu ondoren, azokari segida emateko gogoz daude Behemendin, eta ekaineko hitzordu hori, dagoeneko jarrita daukate: hilaren 13an, 09:00etatik 14:00etara. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!