ALPINISMOA

«Nahiz une batez igarri heriotzari usaina, ze gizatasun itzela, ze portaera bikaina»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 14a, 00:00

Martin Zabaleta eta Juanjo Uria, udaletxeko eskaileretan, omenaldiaren egunean.

40 urte beteko dira gaur, Martin Zabaleta hernaniarrak Everesteko gailurra zapaldu zuela. Juanjo Uriak, orduan Hernaniko alkate zenak, ondo gogoan ditu «herrian nabaritzen zen urduritasun eta jakin nahia». Balentriaren ondoren Zabaletari eskainitako bi bertso berreskuratu ditu Uriak, bere artxibotik.

1980ko maiatzaren 14an zapaldu zuen aurrenekoz, euskaldun batek, munduko tontorrik altuena. Eta Martin Zabaleta mendizale hernaniarrarenak izan ziren Everestera (8.848 metro) bidea osatu zuten oin haiek, orain dela 40 urte. 12 kideko Euskal Espedizioaren parte, Zabaleta bera eta Pasang Temba sherpa iritsi ziren gailurrera. Gaur izango du urteurren borobila, balentriak.

Kanpamendu Nagusitik, Lorente eta beste bi sherparekin batera, bost lagunek hasi zuten tontorrerako bidea, Hegoaldeko Lepotik, 02:30etan. Zabaletak eta Tembak egin zuten aurrera, eta 15:30etan iritsi ziren tontorrera. 16:15etan hasi zuten beherako bidea, baina 10 metroko paretan erori zen Temba, eta han pasa behar izan zuten gaua, zirrikitu batean, ezer gabe. Hurrengo egunean iritsi ziren hirugarren kanpamendura, haien bila igotako hiru sherparen laguntzaz.

Egun haiek bizi zituzten hernaniarrek, ondo gogoan izango dituzte. Juanjo Uriak, orduan herriko alkatea zenak, ez ditu ahaztu: «urduri geunden Martinekin harreman zuzena genuenok, eta herrian ere nabaria zen urduritasuna eta jakin nahia, Martinek zer egingo ote zuen», kontatu du.
Garai hartan Zabaletari eskainitako bi bertso berreskuratu ditu Uriak, bere artxibotik:
Doinua: Aita izena kanta beharrak

Zortzi milako mendi erraldoi
hauetan xamurrik ezta,
eta abian jarri ezkero
ze ardura ta ze kezka,
baina taldea gogotsu joan zen
itxaropenez gainezka,
herria berriz, albisteen zain
urduri eta galdezka,
ea Martinek jada zapaldu
ote zuen Everesta.

Doinua: Baserrian jaio nintzen (Habanera)

Gorantza hustu egin zen
baina egin zuten gaina,
behera bidea ordea
arriskutsu ta labaina,
gero sherpa erori zen
arazo larria baina,
hura bakarrik utzita
ez zen joango kapitaina,
nahiz une batez igarri
heriotzari usaina,
ze gizatasun itzela,
ze portaera bikaina,
larrialdian itzuli
zion sherpari ordaina,
esanez: «hau ere bada,
beste gizakiok aina».  

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!