Martin Zabaleta

Adi Euskal Herria, munduko gailurretik entzun aldarria

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 9a, 00:00
Martin Zabaleta Hernaniko udaletxean, ongietorrian.

1980ko maiatzaren 14an zapaldu zuten Everest edo Chomolungma gailurreko tontorra, munduko altuena (8.848m), Pasang Temba sherpak eta Martin Zabaleta mendizale hernaniarrak.

Abentura lehenago hasi zen. 1980ko maiatzaren 14an, duela 40 urte, zapaldu zuen aurrenekoz euskaldun batek Everest, munduko gailurrik altuena, eta hori Martin Zabaleta hernaniarra izan zen. Baina aurreneko saiakera 1969an hasi zen antolatzen, eta 1974rako prestatu zuen igoera Tximist Espedizioak. Baina eguraldi txarra medio, ezinezkoa izan zen.

Berehala, beste espedizio bat prestatzen hasi ziren. Nepalgo Gobernuak urtean bi baimen ematen ditu, eta 1982rako lortu zuten. Baina Sobietar Batasuneko espedizio batekin trukatu, eta 1980rako prest zeuden. 1979ko azaroan materiala bidaltzen hasi ziren, eta 1980ko otsailean Nepalera abiatu ziren mendizaleak. Martxoan, Namche Bazar, Sherpa herriko hiriburuan ziren, eta martxoaren 18an Kanpamendu Nagusia jarri zuten Khumbu Glaziarraren Morrenan, 5.400 metrora. Maiatzaren 7an ekin zioten Hegoaldeko Lepotik tontorrerako bideari, txandatan. Javier Garaioa eta Nin Temba tontorretik 90 metrora geratu ziren. Planteamendua aldatu, eta maiatzaren 14an Hegoaldeko Lepotik abiatu ziren 02:30ak aldera Lorente, Zabaleta eta hiru sherpa. Zabaletak eta Tembak segi zuten aurrera, eta 10:15ak inguruan iritsi ziren Hegoaldeko Tontorrera, 8.760 metrora. Azkenean, gailurra 15:30etan zapaldu zuten.

Beherako bidea 16:15etan hasi zuten. Baina Temba 10 metroko paretan erori zen Hegoaldeko Tontorrean (8.700m), eta han pasa behar izan zuten gaua, zirrikitu batean, beste ezer gabe. Maiatzaren 15ean iritsi ziren III. kanpamendura, haien bila bidalitako 3 sherpek lagunduta. Bigarrenerako bidean elur-jausi batek harrapatu zituen ia. Maiatzaren 17an amaitu zen espedizioa.  

Everesteko tontorra egiten aurrenekoa izan zen Martin Zabaleta, 12 kideko Euskal Espedizioa taldearekin. 
 

12 kideko taldea, Euskal Espedizioa osatu zuena
Martin Zabaleta izan zen munduko gailurrera igo zen aurreneko euskalduna, baina ez zen bakarrik joan. Espedizio hura, Euskal Espedizioa, 12 mendigoizalek osatu zuten: Martinez gain, han ziren lehenago Tximist Espedizioan izandako Luis Maria Saenz de Olazagoitia Petxu, Angel Rosen, Felipe Uriarte, Ricardo Gallardo eta Juan Ignacio Lorente, eta Ramon Arrue, Xabier Erro, Javier Garaioa, Emilio Hernando, Kike de Pablos, eta J. Urbieta Takolo.

 

Pasang Temba sherpak jarri zituen tontorrean, ikurriña eta Nepaleko bandera.
 

45 minutu, puntaren puntan
Gailurrera iristen aurrenekoa Pasang Temba izan zen, Zabaletak Kronikari 2010ean egindako elkarrizketan aitortu bazion ere kosta egin zitzaiola sherpa konbentzitzen azken metroak egiteko. Gailurrean 45 minutu egin zituzten. Tembak jarri zituen bertan ikurriña, Nepaleko bandera, eta bandera antinuklearra, eta hernaniarrak argazkia egin zion. ETAren anagrama ere jarri zuten, eta eztabaida piztu zen ondorengo egunetan, argazkiak prentsan argitaratu zirenean. Zabaletak espedizioko kideei jakinarazi zien lorpenaren berri: «Egin dugu! Gora Euskadi Askatuta! Gora Euskadi Antinuklearra!».

 

Martin Zabaleta Everesten, ikurriña eskuetan. 
 

Aurreneko euskalduna, gorenean
1953an aurrenekoz Zeelanda Berriko Edmund Hillaryk eta Tenzing Norgay sherpak egin zuten bide beretik, Hegoaldekotik egin zuten tontorra Martin Zabaletak eta Pasang Tembak. Gailurra egiten aurreneko euskalduna izan zen Zabaleta; munduan 104garrena, tontorra 22garrenez konkistatu zen aldian.

«Hernanikoa ez dut behin ere ahaztuko»

Gailurra egin eta hilabetera etxean ziren. Bilboko ongietorriaren ondoren, Zabaleta besarkatu zuen Hernanik 1980ko ekainaren 12ko gauean.

Sondikako aireportura 1980ko ekainaren 12an iritsi ziren espedizioko kideak; denak, Jabier Garaioa, Kike de Pablos eta Xabier Erro izan ezik, materialaren bidalketa antolatzeko geratu baitziren Kathmandun. Zain zeuzkaten, besteak beste, Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta senitartekoak, 17:10etan lurra hartzean. Bilbon izan zuen segida ongietorriak, eta bertan afaltzen geratzekoak baziren ere, Martin Zabaleta Hernanira etorri zen. 

Txarangek eta jendetzak lagunduta igo zuen Kale Nagusia, Zabaletak.
 

Gaueko 21:00etan iritsi zen, kotxez, senitartekoekin. Bi ordu lehenago txarangak zebiltzan kalean gora eta behera. Zinkoeneara iritsi ziren kotxeak. Hainbestekoa zen jende pilaketa, ezinezkoa izan zutela Kale Nagusian gora jarraitzea, eta, beraz, Martin Zabaletak oinez egin zuen Plazarainoko bidea, txarangek eta herritarrek lagunduta.

Jendetza bildu zen Plazan Martin Zabaleta omentzeko, 1980ko ekainaren 12an.
 

Ekintza eta Urtza dantza taldeek osatutako arkupetik sartu zen Plazan. Txistulariek jotako Agurra dantzatu zioten segidan, eta Musika Bandak Eusko Gudariak jo zuen, herritarren kantuak lagunduta. Incansables txaranga ere bertan zen, eta Martin Zabaletak gogoan izan zuen hilabete lehenago hil zuten Zapa, txarangako kidea.

Telesforo Monzon bera gerturatu zen Hernanira, Zabaletaren ongietorrira.
 

Udaletxean, Telesforo Monzon idazle eta politikariak berak egin zion harrera, momentu hartan Espainiako Gobernua haren atzetik bazebilen ere. Ondoren, orduko alkate Juan Jose Uriak Hernaniko Urrezko Ikurra jarri zion, eta goraipatu egin zuen, «borrokalari bezala, herri honen eskubideen erreibindakzioan egindako lanagatik». Zabaletak berak ere egin nahi izan zituen hitz batzuk, baina ez zen gain izan. Zabaletak Kronikari aitortu zion 2010ean, «bikain ospatu» zutela; «zer esanik ez, gero Herna­nikoa nolakoa izan zen. Ez dut behin ere ahaztuko, eta beti nere bihotzean izango dira egun horiek».
2010ean, balentriaren 30garren urteurrenean, omenaldia egin nahi izan zitzaien bai Zabaleta eta baita Zapari ere, Preludioan. Euriagatik bertan behera geratu zen, baina udaletxean interpretatu zen Joxan Goikoetxea hernaniarrak sortutako Namaste, Chamo Longmu  obra. Himalaia eta Euskal Herriko doinu eta erritualak nahastutako lau pieza izan ziren, Ana Remiro eta Xabier Segurak dantzatuak, Tomas Garmendiaren ahotsean, eta Mikel Laskurain eta Pello Goelloren aktore-lan eta atrezzoarekin. Audioa berreskuratu du Goikoetxeak:

 

30garren urteurreneko omenaldian, Zabaleta eta Zaparen senitartekoak.

Zabaletak gailurra zapaldu ondorengo Egin egunkariaren azala.

Berri freskoak, bihotzak epeltzen
Orduan ez zegoen egungo teknologiarik, eta teletipo bidez iritsi zen mezua: Everesteko gailurrera iristea lortu zuen Martin Zabaleta hernaniarrak. Hainbat egunkarik, Egin egunkariak bezala, berria jaso zuten hurrengo egunean, maiatzaren 15ean, osteguna. Orduan, hurrengo egunetan Felipe Ugartek beste saiakera bat egingo zela aurreratu zuten, baina, azkenean, maiatzaren 17an espedizioarekin bukatzea erabaki zuten. Izan ere, maiatzaren 15ean iritsi ziren beherakoan III. kanpamendura, eta II. kanpamendurako bidean ia harrapatu zituen Lothseko paretan izandako elur-jausiak.

Martin Zabaleta, amarekin (Monika Larburu, 2019ko abenduaren 23an zendua).

Jaka eta errosarioa, EMMOAn
Gailurrean, aurreko espedizioak utzitakoa hartzen du hurrengo mendizaleak. Zabaletak poloniarrek utzitako errosarioa ekarri zuen, eta ama Monikari oparitu zion. Honek Euskal Mendizaletasunaren Museoari eman zion 2018ko udan. Igoeran erabilitako jaka ere Fundazioari eman zion Zabaletak iaz. Ama, Monika Larburu iaz hil zen 95 urterekin.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!