«Everesteko igoera hartu zen gure herri eta nortasunaren sinbolo bezala»

Kronika - Erredakzioa 2010ko mai. 15a, 02:00
30 urte pasa dira jadanik, atzera begiratuta, nola ikusten duzu Everesteko igoera?
Urruti, momentu hartan ilusioa egin zidan, baina gaur egunean ez dago nire gogoan.

Euskal Herrian izugarriak izan ziren itzuleran egin zizkizueten harrera eta omenaldiak.
Egia esan, arrakasta izugarria izan zuen Euskal Herrian. Nik beti alde egin nien protokolo haundiei; beti izan naiz herrikoiagoa. Garai hartan, Eve­res­teko igoera hartu zen gure herriaren sinbolo bezala. Gure nortasunaren sinbolo bezala: gure etorkizunaren jabe gu geu izateko, inoren interferentziarik gabe.

Zer iruditzen zaizu 30 urteren ondoren jendeak oraindik
horrelako emozioarekin
gogoratzea zuk lortutako Everesteko balentria hura?

Beno, gutxiago gelditzen ari gara. 30 urte joan dira, eta ez dira alferrik joan. Batzuk hil dira eta beste batzuek badituzte arazo haundiagoak, Eve­rest gogoan izatea baino.

Ekainaren 13an iritsi zineten Euskal Herrira, 1980an.
San Joanak aurreratzea
izango zen hura.

Dena izan zen oso emozionantea. Jende ona, oso ona ezagutu nuen egun horietan. Poza sentitzen zen kalean. Uler­tzen dut jendearen poza eta ilusioa; neretzat gehiegizkoa ere bai, agian. Baina egia da, izugarria izan zela.

Ikurrina igo zenuen gailurrera,
eta Gora Euskadi Askatuta
oihukatu. Zeresan haundia
eman zuten hitz haiek.

Bai, egun haietan Gerra zikina zen nagusi gure herrian. Api­ri­lean, urte hartan bertan, Zapa hil zuten; oso ezaguna zena,  Hernanin. Irailean beste hiru hil zituzten herri inguruan. Egoera sekula ez da izan ona Euskal Herriarentzat, bai­na urte haietan, gauzak bereziki ziren zailak. Europan gaiz­ki ikusi zituzten hilketa haiek, eta sofistikatzen joan dira demokrazi berri honekin.
Baina azken bolada ho­netan, hasi naiz ikusten argi pixka bat tunelaren bestaldean; euskaldun guztiok arrimatzen bagara, zerbait lortuko dugu.
Beti izango da nire oihua: Gora Euskadi Askatuta.

Erakusketa bat antolatzen ari dira, hitzaldiak, `Agur Everest´ filma berriz jarriko dute umeentzat eta helduentzat... Espero zenituen
ho­rrelako omenaldiak 30 urte pasa eta gero?

Egia esan, ez. Orain dela 5 urte paripe bat egin zuten Gas­teizen, 25 urte bete ziren omenaldirako, eta neretzako pe­nagarria izan zen. Nere espedizioko lagunak ondo senti­tzen ziren giro horretan: presidentea, diputadoak eta horrelako jendilajea. Nik esan nuen azkenekoa zela, ni ez nindutela harrapatuko berriro horrelako batean. Espero dut Her­nanin gauzak txukun egin­go direla, eta denok ondo bukatuko dugula.

Espedizio guztitik, zuk eta Pasang Temba sherpak bakarrik lortu zenuten gailurrera iristea...

Elurra latz botatzen zuen arra­tsal­dero, eta haize zakarra ze­bilen goian, egun haie­tan. Saio batzuek egin zituzten tontorrera, talde bat baino gehia­gok, eta gertu ibili ziren.
Lorente beste bi sherpekin saiatu zen tontorrera igotzen,  gurekin, baina 8.150 metrora Lorentek ez zuen bere burua ondo aurkitzen, eta behera egin zuten, Hego Lepora. Gure zain han egon ziren, eta oso eskertzekoa izan zen nola lagundu ziguten Hego Lepo­ko kanpamentu hartan. 

Pasang Temba sherparekin
erlazioa mantendu al duzu?

Ez dut ikusi azkeneko 5 urte hauetan. Erlazio oso ona ge­nuen. Pena pixka bat ematen dit ikusteak nola dena galdu duen edanarengatik: familia, lan onak espedizioetan, eta abar.

Nola bizi izan zuten zure ingurukoek espedizioa?

Izan ere orduko teknologiak ez ziren gaur egunekoak, eta ez dut uste Himalayatik Edurne Pasabanek bezala irratitik hitz egin ahal izango zenutenik...
Orduan ez zegoen mediorik zuzenean hitz egiteko, eta dena kartaz egiten genuen. Beheko kanpamenduan zegoen  mail runner delakoa. Ko­rri­ka joaten zen Luklara, eta handik abioez Katmandura. Gure tre­kkingeko konpainiak bida­l­tzen zituen korreoak gure etxeetara. Orduan, ho­riek izaten ziren 24 eguneko notizi frexkoak. Gauza ga­rrantzizkoa bazen, telefonoz egiten zen Katmanduko trekking kopainiaren bidez.
Nire gurasoentzat, Mar­tinek mendi aldera egiten zuen beste ateraldi bat izango zen Everestekoa; gero konturatuko ziren komunikabideen bitartez, zerbait haundia egiten ari ginela.
Nire anaia Jon, igoerako egun horietan, Everesteko beheko kanpamendura joan zen, eta egun horiek bizitzeko aukera izan zuen.  Jonek eman zion beheko kanpamenduari toke pertsonala. Artista denez, marrazkiekin gure denda ingurua dekoratu zuen. Oso polita eta emozionantea izan zen bion arteko besarkada, beheko kanpora jaitsi nintzenekoa. Ospatu genuen, bikain- Eta zer esanik ez, gero Herna­nikoa nolakoa izan zen. Ez dut behin ere ahaztuko, eta beti nere bihotzean izango dira egun horiek.

Zergatik joan zineten Collado Sur delako bidetik? Nolakoa zen bide hori?
Permiso hori lortu genuen erru­siarrek eman zigutelako; bestela be­randuago egin be­harko genuen espedizioa. Erru­siarrek beranduago egin nahi zuten espedizioa, eta guk lehenago; beraz, trukatu egin genituen permisoak. Collado Sur bidetik igo ginen, egia esan, errazena hortik zelako.

Estatu espainiarreko medioak
lorpena ´espainolizatzen` saiatu ziren, ezta?

Bai, saiatu ziren espedizio hau espainolizatzen, baina ni ez naiz Juanito eta ezta Pasaban ere. Harri kozkor gogor batekin topo egin zuten.

Nolakoa da 8.700 m-ra lo egitea?
Ez dakit. Lo ez nuen egin, gau guztia dardarrez pasa nuen. Nik usten dut igoera eta jai­tsiera horretan galduko nituela 12 bat kilo; gehiago ez baziren!

Noizbait pentsatu al zenuen
buelta ematea, tontorrera igo gabe?

Ez neregatik. Baina zalantza haundiak izan nituen Pasang Tenbarekin. Ez zen izan nere­tzako laguntza ederra igoeran; gehiago esango nuke, lastre bat izan zela. Sherpa onak bagenituen gure espedizioan, baina ni, gelditu nintzen, hor esaten den bezela,  buscalios batekin.

Sherpekin zer nolako erlazioa zenuten?

Sherpekin erlazio oso ona ge­nuen. Tontorretik beheko kanpamendura jeitsi nintzenean, hartu ninduten sherpek be­raiekin eta Namtseraino eraman ninduten, txiringitoz txiringito, chang-a edanaz, moz­kortu arte (chang-a, nepaleko zerbeza da, arta-txikiarekin egiten dena, mijoarekin).

Zuen aurretik igo ziren polakoen errosarioa non dago? Eta zuk utzitako ikurrina hura?
Errosarioa nere amarekin dago eta gurutzea eta termometroa Lorentek dauzka. Iku­rrinak Polonian egon behar du, museo batean edo mendiko soziedade batean.
 
Beste 8.000korik igo duzu?

Igo naiz Kanchenjunga eta Cho Oyu-ra. Eta saiatu naiz, K2, Lhotse, Shar eta Makalura igotzen.

Azken asteetan Pasaban eta Miss Oh-ren dueloa dago guztien ahotan.Gaur egunean nola ikusten duzu alpinismoa? Asko aldatu al da 8.000koen mundua?
Orain zirko bat bihurtu dira horrelako 8.000koak. Nere­tzako ez dute garrantziarik horrelako igoerek. Prentsak orrialdeak bete behar ditu, sentsazionalismoarekin, eta ahal bada, txaskarrilloekin. Egia esanda, ez diet kaso haundirik egiten horrelako berriei. Jendeak joan nahi badu 8000koetara, bide normalak egitera, joan daitezela; eta dirua sortzen badute ho­rretako, oso ondo. Nik esango nuke, hauek direla: ordaindutako oporrak.
Badira espedizioak, mendi txikietara joaten direnak, baina garrantzi haundiagoa dutenak, alpinistikoki.
Nik gauza bat esango di­zut: Bereziartua, Pou eta beste horrenbeste gazte, maila onean dabiltzanak, ezagunagoak dira munduan Pasaban eta Juanito baino.

Gaur egunean eskalatzen
jarraitzen duzu?

Gaur egunean jarraitzen dut eskalatzen eta inoiz baino indar­tsuago. Oso pozik nabil. Orain, 60 urte ditut, eta oraindik kriston gosea daukat alpinismoa eta eskalada egiteko, mundu zabal honetan. Ho­rrela nere burua gazte mantentzen dut, eta ilusio haundiarekin.

Zer moduz bizi zara AEB-tan? Askotan etortzen al zara Hernanira?
Montanan bizi naiz. El oso Yogi bizi den lekuan. Gure etxetik ordu bat dago Yello­wstone Parke Nazio­nalera. Oso menditsua eta paketsua da. Urtero joaten naiz Hernanira.

BERROGEITA BOST MINUTU, MUNDUAREN GAILURREAN
«Oso emozionantea». Horrela definitu zuen Martin Zabaletak 1980ko abentura hori. Espe­dizioa haundia izan zen oso, munduko punturik altuena konkistatzeko.
Martin Zabaletaren ustez Hego Lepotik, beraiek aukeratutako bidetik, Everestek ez du ge­hiegizko zailtasunik. Egu­ral­diak ez zien asko lagundu, eta elurra gogotik bota zuen egun horretan, eta horrek igoera oso nekagarri bihurtu zuen. Zaba­le­ta­ren ustez, Pasang Tem­ba berarekin zihoan sherpak, «ez zuen igo­tzeko gogo haundie­girik» eta asko kostatu zitzaion konbentzitzea, Hego Tonto­rrera mugiarazteko. Bide horretan aurkitu zuten Hilla­ryren paso ezaguna, Everesteko gailurrera iritsi zen lehenengo pertso­na­ren omenez, Ed­mund Hillary eska­latzaile neozelandarraren ome­nez, bataiatutakoa. Zaba­­leta­ren­tzat igoeraren tarte politena izan zen hori, eta hortik igarota iritsi ziren hego tontorrera. Baina sherpak hortik aurrera ez zuen jarraitu nahi izan, eta Martini ederki kostatu zitzaion berriro ere bere aurrera egitea. Eskalatzaile hernaniarraren us­tez «ertz honek Pasang Temba pixka bat bildurtu egin zuen».

«Tripodea ikusita,
nere barruak buelta
eman zidan!»

Azkenean aurrera egitea lortu zuten, eta hor aurkitu zuten, ertzaren magalean, eskalatzaile txinatarrek bertan utzitako tri­pode famatua, tontorretik hurbil zeudela adierazten zu­ena. «Tripodea ikusita, nere barruak buelta eman zidan! Ton­to­rre­rako azken metroak laino tartean egin genituen eta nahiz eta urrutiago zegoela iruditu, laister gi­nen tontorrean. Pozez elkar besar­katzen pasa genituen lehenengo uneak, eta behekoei radioz deika, esanez, nola egin genuen tontorra. Denbora mantso joaten da han, lasaitasun sentsazioa, aska­ta­suna, pakea... Mundu honetatik kanpora egongo bazina bezala da, baina berriro errealitatera bueltatu behar duzu, eta jaitsierako bidea hartu» dio Zabaletak. Munduaren gailurrean 45 minutu igaro zituzten, 12 orduko igoera egin ondoren.

Jaitsiera oso konplikatua
Jaitsiera oso konplikatua izan zen. Lehenengo, Pasang na­hastu egin zen, eta iparraldera joan zen, oxigeno faltaren ondorioz. Bo­tilak bertan uztea erabaki zu­ten, eta jaitsie­rari ekin zioten. Hillary pasoa igaro zuten berriz ere, oraingoan alderantzizko norabidean, eta bapatean sokak tiradizo bat eman zion Martini. Eta garrasiak entzun zituen...
Pasangek irrist egin zuen, eta hortxe zegoen, zintzilika, ertzeko txapelaren azpian. «Gauzak ez nituen ikusten oso on­do. Eskerrak oraindik indar pixka bat banuela! Eskuz atera nuen handik». Sus­toa­ren ondorioz Pasang ez ze­goen jaisteko kondizioetan, eta nahiz eta ahalegina egin, bertan pasa behar izan zuten gaua, gutxi gora behera 8.800 metrora.
«Gaua oso gogorra izan zen, urik ez, oxigenorik ez, zakurik ez, kanpaina dendarik ez, eta janaririk ere ez. Eta noski, kriston hotza! –30ºC gutxi gora be­hera. Esaten den bezala, a pelo, puro vivac» Martin Za­baletaren esanetan. Azke­nean Lorentek bi sherpa bidali zituen hurrengo goizean eta Martin Zabaletak eta Pasang Tem­bak abenturari amaie­ra zoriontsua ematea lortu zuten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!