Udala

«Bi milioitik gorako inpaktua duen Ekintza Plana», martxan

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 9a, 00:00

Ekintza Plana osatzeko Udal talde guztien elkarlana azpimarratu zuen alkateak.

Tokiko kontsumoa bultzatzera 700.000 euro arteko bonoak bideratuko dira, eta  jarduera ekonomikoa suspertzera, 600.000 euro. Herritarrentzat zergak ere atzeratu edo eten egingo dira.

Covid-19aren eraginez sortutako alarma egoera kudeatzeko Ekintza Plana jarri zuen martxan Udalak «konfinamendua ezarri zen aurreneko egunetik», Xabier Lertxundi alkateak atzoko prentsaurrekoan azaldu bezala. Aurrena, birusaren hedapena eusteko faseko neurriak hartu ziren, «berehalakoak», eta orain, «berraktibatze fasekoak, egoera berri honi erantzuteko» hartutako neurriak jarriko dira martxan.

Hala azaldu zuten atzo telematikoki egindako prentsaurrekoan, alderdi politiko guztietako ordezkariek. Izan ere, alkateak azpimarratu zuen «Ekintza Plana elkarlanaren emaitza» dela. «Eskerrak eman nahi dizkiet gobernu taldeko kideei, lehenengo lerroan lanean ari diren udal langileei eta alderdi guztiei, adostasunagatik; politikarien ardura da adostasunak bilatzea horrelako egoeretan».

Osasuna eta komunitatea
Planak lau helburu eta lehentasun izan dituela azaldu zuen: osasuna lehenestea, eta horretarako, birusaren  hedapena gerarazteko Udalaren esku zegoen guztia egitea; egoera honek sortutako krisi sozialak eragindako herritar zaurgarrienei erantzutea; Hernanik berezkoa duen komunitate izaera indartzea; eta zaintza krisiari eremu publikotik erantzuna ematea.

Orain arte hartutako  hainbat neurriren laburpena egin zuen alkateak. Batetik, osasuna lehenetsi eta telelana antolatu da. Zerbitzu batzuk bertan behera utzi dira, eta beste batzuk moldatu edo indartu; kaleen desinfektazioa, hondakinen bilketa, udaltzainen lana... Era berean, adinekoen egoitzan, klinika laguntzaile eta erizainen kontratazio berriak egin dira, eta Osakidetzari eskaaera egin zaio medikua dedikazio osoan aritu dadin. Bestalde, «orain arte ez zegoen materiala erosi du Udalak: EPIak, trajeak, maskarak... behar gehien zegoen kolektiboetara bideratzeko».

Gainera, «herriko eragileekin elkarlana inportantea» izan dela azpimarratu zuen Lertxundik, eta horrela, elikagaiak banatu, adineko herritarrei jarraipena egin, bakarkako diru-laguntzen partidak haunditu edota erroldarik gabeko pertsonei bermatu zaie oinarrizko beharrei erantzuteko sistemarako sarrera, besteak beste.

Funtsezkoak ez diren aktibita­te­­en kasuan, egokitu egin di­­ra, eta «irizpide bera erabili da fun­­tzi­o­nario eta kontratatutako lan­­gi­­le­ekin; soldatak bermatu di­ra».

Milioi eta erdiko laguntzak, jarduera ekonomikorako
Hemendik aurrera, berriz, berraktibatze faseko laguntzak emango dira, eta orain arteko inbertsioa kontuan hartu gabe, milioi eta erdi bideratuko dira. «Guztira, ekonomikoki udaletxearentzat bi milioitik gorako inpaktua duen Ekintza Plana da».

Besteak beste, 600.000 euro bideratuko dira jarduera ekonomikoa suspertzeko, alarma egoeraren ondorioz itxi duten enpresei, ohikoa baino %40a gutxiago fakturatu dutenei, eta kontziliazioagatik itxi behar izan dutenei laguntzeko. Hondakin eta ur tasak ez dira kobratuko edo murriztu egingo dira, ostalaritzan aforo mugak iraun bitartean terraza tasarik ez da kobratuko, eta zuzeneko diru-laguntzak ere izango dira. 

Tokiko kontsumoa bultzatzeko, berriz, 700.000 euro arteko bonoak martxan jartzeko modua aztertzen ari da Udala Berriak elkartearekin. «Neurri hau hainbat hilabetetan hartuko da, helburua baita herritarren kontsumo ohitura aldatzea, herrian kontsumitzea in­dartzeko. Herritarrek bonoaren %70 ordainduko dute; Udalak %30».

Herritarrentzat ere, fiskalitate malgua ezarriko da; ordainketak zatikatzeko, interesik gabe, eskaerak egin daitezke: bilketa@hernani.eus edo 943 33 70 45 (10:00-14:00). Eman ez diren ikastaroetako tasak ere itzuliko dira.

Guztiak «udal aurrekontuan inpaktu haundia» izango duela onartu zuen alkateak, eta «hori aztertzen» ari direla. Aldundiko funtsetik ere datozen bi urteetan %20-25 gutxiago jasotzea espero da. «Kalkulatu dugu 5 milioi gutxiago izango ditugula, eta aurreikusi gabeko inbertsioak. Ahal den neurrian aurrekontuari eusten saiatuko gara. Baina moldatu egin beharko da».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!