Maskara eta gela banatuko zaizkie merkatariei

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 9a, 00:00

Establezimenduko bi maskara banatuko dira, gehienez.

Astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dira Berriak elkartean, 09:00etatik 12:30etara. Bina maskara banatuko dira.

Dagoeneko hasi dira irekitzen herriko merkatari eta ostalari txikiak, Covid-19a gerarazteko konfinamendu egoera arintzeko neurriak hasi direla-eta. Horregatik, «saltokietan irekiera seguruagoa izaten laguntzeko», maskarak eta gel desinfektanteak banatuko dituela jakinarazi du Hernaniko Udalak.

 

Jasotzeko aukera, astelehenetik aurrera

Banaketa Berriak elkartearekin elkarlanean antolatu du Udalak. Horrela, Hernaniko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak Andre Kaleko 30 zenbakian daukan egoitzara joan beharko da maskarak eta gela jasotzera.

Astelehenetik aurrera hasiko dira banaketan, eta astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 12:30ak arteko tartean jaso beharko da materiala.

 

Maskarak bi; ontziak, nork bereak

Azpimarratu dute establezimendu bakoitzeko, «gehienez ere bi maskara» banatuko direla. Gel desinfektantea jasotzeko, berriz, azaldu dute «bakoitzak bere edukiontzia» eraman beharko duela, produktuarekin bete ahal izateko.

Banaketarekin astelehenean hasiko direla jakinarazi bada ere, noiz arte egingo den ez da zehaztu. Izan ere, materiala dagoen bitartean banatuko da, bukatzen den arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!