Ariketa fisikoa

«Adin guztietako bizilagunak animatzen dira ariketekin, bakoitza bere erritmoan»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 9a, 00:00

Javi Zarallo, baloi batekin ariketak egiten, etxeko balkoian. Bertatik ematen dizkie soinketa klaseak, bizilagunei.

Soinketa eta pilateseko irakaslea da Javi Zarallo, Hernaniko Pilates Zentroan, eta Lasarte-Oria eta Pasai Donibaneko kiroldegietan. Aurrez aurreko soinketa klaseak, baina, Mañe i Flaquer plazako bizilagunei ematen dizkie orain, konfinamenduan, balkoitik balkoira.

Soinketa klaseak ematen dituzu larunbatetan, balkoitik. Nolatan ideia?
Balkoitik balkoira elkartzen gara bizilagunak, hemen inguruan. Hizketan aritzen gara, eta bermuta ere egiten dugu igandeetan, 13:00etan. Eta horrelakoetan, proposamenak ateratzen dira. Aurreko batean bingoa antolatu zuen bizilagun batek, eta ni soinketako eta pilateseko instruktorea naizenez, proposatu nuen klaseren bat ematea, nahi bazuten. Pozik hartu zuten, eta horrelaxe hasi ginen. Dagoeneko hiru larunbatetan egin ditugu saioak, eguerdiko 12:00etan hasita.


Nolako klaseak izaten dira?

Musika jartzen dut balkoian, eta ariketak egiten ditut, bizilagunek ikusi eta egiteko. Ordubete pasatxoko saioak izaten dira. Beroketa egiten dugu aurrena, atal nagusia ondoren, eta luzaketak, bukatzeko.
Atal nagusia, normalean hiru ordu laurdenekoa izaten da. Egun bakoitzean, atal ezberdinak lantzen ditugu. Beti egiten dugu ariketa fisiko pixka bat, cardio delakoa. Eta ondoren, batzuetan lantzen ditugu besoak, beste batzuetan hankak, edo abdominalak... Eta etxean dauzkagun gauzak erabiltzen ditugu. Aurreko batean, esne brikak erabili genituen besoak lantzeko. Beste batean, erratzaren makila erabili genuen. Sukaldeko rodilloa ere erabili dugu. Eta lanketa orokorra egiten ari gara, gorputzaren mugikortasun osoa. Koordinazioa eta oreka ere lantzen dugu. Eta atal nagusia bukatzeko, beti sartzen diet zirkuitu bat, tabata famatu horietakoa; lau minutuko hiru edo lau saio; jendea nola dagoen arabera. 
Eta bukatzen dugu luzaketekin. Orokorrak izaten dira, baina atalen bat gehiago landu badugu, gehiago bideratzen ditugu luzaketak atal horietara, baita ere.

«Dagoeneko atera gaitezke kalera, kirola egitera; baina hala ere, jarraituko dugu klaseak ematen. Hitzordu finkoa daukagu bizilagunok, larunbat eguerdiro»

Klaseak kiroldegian edo balkoian eman, oso ezberdina izango da, ezta?
Erabat ezberdina da (barrez)! Kiroldegian zaudenean, gertuago zaude, eta ariketa bakoitzarekin, zuzendu egiten diezu ikasleei. Hemen esaten diet, lasai egiteko, nik ezin dizkiedalako posturak zuzendu. Ariketak azaltzen dizkiet, baina ezin naiz gerturatu esateko belauna pixka bat aurrerago edo atzerago mugitzeko, besoa modu batera edo bestera jartzeko... Horregatik, progresiboki egiten dugu, eta saiatzen naiz ariketa errazak egiten, inork minik ez hartzeko. Ariketa egiten dugu, baina ondo pasatzea ere bada helburua, gustora egotea.

Adin guztietako jarraitzaileak dauzkazu, gainera... Poza emango dizu, ezta?
20 bizilagun inguru animatzen dira, eta adin guztietakoak izaten dira, bai. Bakoitza bere erritmoan eta neurrian. Niri sekulako poza ematen didate. Adibidez, badago emakume bat, menpekotasuna daukana eta zaintzailearekin dagoena; eta beti ateratzen da, bere gurpildun aulkiarekin, ahal duen heinean ariketak egitera. 80 urteko bikote bat ere badaukagu, eta nola mugitzen diren! Harrituta geratzen naiz, daukaten energiarekin! Eta umeren bat ere animatzen da. Bakoitza bere erritmoan, eta denak gustora.
Orain dagoeneko atera gaitezke kalera, baina hala ere, jarraitzen dugu klaseak ematen. Ez dakigu noiz arte iraungo duen honek. Baina momentuz, hitzordu finkoa daukagu bizilagunok, larunbat eguerdiro.

«Sekulako poza ematen didate bizilagunek. Badago emakume bat menpekotasuna duena, eta larunbatero ateratzen da, bere gurpildun aulkiarekin, ahal duen heinean ariketak egitera»

Bizilagunen artean harremana egiteko ere balio izan dizue?
Horretarako ere balio izan du. Ez genuen elkar ezagutzen, edo bistaz bakarrik, baina orain balkoitik balkoira elkartzen gara, igandeetan adibidez, bermuta egitera. Batzuk mozorrotuta ere bai, eta bakoitza bere potearekin. Musika jartzen dugu, eta dantza pixka bat ere egiten dugu. Ondo pasatzen dugu.

Zertan lagundu dezake, egun hauetan ariketa pixka bat egiteak?
Ordu asko ari gara pasatzen etxean. Eta horrek suposatzen du, mugikortasuna mugatua daukagula. Ariketa egiteak laguntzen digu aktiboago mantentzen, orokorrean. Eta gero, nolako ariketak egiten dituzun arabera, atal batzuk landuko dituzu. Hori guztia, alde fisikotik. Baina horrez gain, animoa hobetzen ere laguntzen digu, autoestima landuz, bizirik gaudela erakusten baitigu. Hobeto sentitzen gara gure buruarekin, ikusita gai garela gauzak egiteko. Gainera, elkarrekin egiten baditugu, talde sentimendua ere lantzen da, eta erakusten digu ez gaudela bakarrik; denak gaudela berdin, gutxi gorabehera. Taldeko motibazioa lantzen da.

Pertsona aktiboa izango zara. Nola daramakizu konfinamendua?
Lasarte-Oriako kiroldegiarekin lanean jarraitzen dut, eta etxetik ari gara. Ez da gauza bera, noski, eta kosta egiten da, baina saiatzen naiz moldatzen. Nik bideoak egin behar ditut, kiroldegiko ikastaroetako ikasleentzat. Klaseak antolatu eta prestatzen ditut aurrena, ondoren grabatu, bideoa editatu eta musika jarri. Eta kiroldegiko arduradunari bidaltzen diogu, ikasleei helarazteko. Horrela ematen dizkiegu klaseak, grabatuta.
Eta gainerakoan, etxean egiten ditugu ariketak. Bizikleta estatikoa badaukagu, eta ni instruktorea izanda, tresna batzuk ere badauzkat: banda elastikoak, uztaiak... Familia osoak egiten dugu bizikleta pixka bat, eta eguna antolatu behar dugu. Goizean bizikleta pixka bat, gero lana... Eta orain, dagoeneko atera gaitezkeenez, aprobetxatzen dugu kirola egiteko. Lagunekin bideo-deiak egiteko ere hartzen dugu tarteren bat...
Azkenerako, ez digu ematen egunak! Lehertuta iristen gara egunaren bukaerara! Ez gara aspertzen, eta aktibo mantentzen gara

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!