Musika

«Gertatu den ezbehar honen gauzarik onena izan da, nire bizilagunak ezagutu izana»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 9a, 00:00

Alex Galas, bere etxeko balkoian, Laiztiaga eta Etxeberriko auzotarrentzat musika jartzen.

Ia konfinamenduaren hasieratik, 45 egunez eskaini ditu musika saioak Alex Galas edo DJ Galasek, Laiztiaga eta Etxeberri auzoen artean.

Noiz hasi zinen etxeko balkoitik musika saioak eskaintzen? Eta nolatan?
Telebistan ikusi nuen, Italian mutil bat ari zela musika jartzen balkoitik, bizilagunentzat. Eta nik ere probatzea erabaki nuen. Konfinamenduaren laugarren edo bosgarren egunean izan zen hori. Abesti pare bat jartzen hasi nintzen: Mikel Laboaren Txoria txori aurrena, eta gero beste bat ‘patxanga’koa. Eta horrela aritu ginen astebete. Baina ikusten genuen bizilagunak animatu egiten zirela, eta egunero egitea erabaki genuen, gero eta denbora gehiago, eta azkenean, jarri genuen hitzordua: egunero ordu erdi, 20:30etatik 21:00etara. Eta horrela aritu gara 45 egunez, joan den igandera arte. Ordu horretan paseatzera edo kirola egitera ateratzeko aukera dagoenez, igandekoa azkeneko saioa izango zela esan nien bizilagunei.

Nolakoa izan da ordu erdi hori, egunero?
Batez ere, haurrengatik egin dut. Nik bi seme-alaba dauzkat, eta ordu erdi hori sekulakoa izan da beraientzat. Gozatu egiten zuten, dantzatzen, kantatzen... Eta bizilagunak ere animatu egiten direla ikusita, poza ematen dizu. Dantza egiten zuten balkoietan, argiak ere jartzen genituen... Nire Facebook orrialdea zein zen esan nien, eta askok idatzi didate: batzuek eskerrak emateko, eta beste batzuek halako abestia jartzea eskatzeko, edo urtebetetzea zuen norbaiti abesti bat eskaintzeko. Eta hori asko eskertzen da. Hasieran ikusi izan banu, jendea ez zela animatzen, utzi egingo nuen.
Haurrentzako bi abestirekin hasten genuen saioa beti, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoenak, edo antzekoak. Ondoren, adinekoei zuzendutako abestiren bat jartzen genuen, Rafaela Carrarenak edo estilo horretakoak. Gero patxanga eta reggaeton pixka bat; eta bukatzeko pare bat abesti trance, niri gustatzen zaidan musika. Baina auzoan gazte asko daudenez, beraiek ere oso pozik.
Hola Don Pepito, hola Don Jose eta tankerakoak ere jartzen nituen. Musikaren bolumena jaitsi, eta denak oihuka beraien balkoitik, adin guztietakoak. Sekulakoa izan da. Eta joan den larunbatean, jendeak paseatzera ateratzeko aukera zeukanez, batzuk kalean gelditzen ziren dantzatzen. Pentsatzen nuen, azkenean deituko zidatela errita egiteko!

Gainera, argiak eta kea ere erabili dituzu...
Bai bai. Kontua da nik intxableak jarri eta apar festak egiten ditudala herrietako zein eskoletako festetan, horretan egiten dut lan. Eta erabaki nun altabozak, argiak eta ke makina ekartzea, pixka bat girotzeko. Eta bizilagunek, Gabonetako argiak atera zituzten balkoira!

Bestelako ekintzarik ere egin duzue, ezta?
Bai, bi asteburutan bingoan aritu gara, larunbat eta igande arratsaldetan, 18:30etatik 19:00etara. Eta bizilagunek gauzak ematen zituzten, sari bezala jartzeko: batek esparrago lata bat, besteak pasta kaxa bat... Pike pixka bat sortu da, eta oso ondo pasa dugu. Aplikazio bat deskargatu nuen, kartoiak lortu eta bizilagunei bidaltzeko; eta aplikazioak berak ateratzen zituen zenbakiak ere. Bozgorailuetatik esaten nituen zenbakiak, eta jendeak oihuka kantatzen zuen linea edo bingo. Saririk ez bazegoen, fidatzen ginen; baina bestela, kartoi zenbakia eskatzen genuen, konprobatzeko! Eta sarituei, portalean edo uzten genien saria. Batez ere adinekoentzat egin genuen bingoarena, eta jende askok hartu du parte. Etxean inpresorarik ez zutenei, beste bizilagunok eraman dizkiegu nolabait, jokatu ahal izateko.

Egindakoa eskertzeko, opariak egin eta kartelak jarri dizkizute. Ilusioa egingo zizun...
Oso polita izan da. Azkeneko musika saioan esan nuen, gertatu den ezbehar honen gauzarik onena izan dela, nire bizilagunak ezagutu izana. Kalean elkar agurtzen genuen, baina elkar ezagutu ez. Honen ondorioz, gehiago hitz egiten hasi gara. Bukaeran tronpetarekin abesti bat eskaini zidan bizilagun batek, eta gero gainerakoak nire izena oihukatzen hasi ziren. Oso hunkigarria izan zen. Eskerrak emateko kartelak ere jarri zizkidaten balkoietan, eta gauza pila bat oparitu dizkidate, eskertzeko egun guzti hauetan musika jarri izana. Eta igandean bertan, adineko emakume bat kalean paseatzen ari zela, galdetu zidan ea ni ote nintzen musika jartzen zuena, eta esan zidan: ez dago dirurik munduan, ordaintzeko egun hauetan egin duzuna. Sekulako poza eman zidan. Gainera, ni oso sentikorra naiz adineko jendearekin, betidanik bizi izan bainaiz amonarekin.
Balkoitik balkoira hitz egiten dugu bizilagunok orain, eta komentatu dugu, hau dena bukatzen denean, geratu beharko dugula, kafe bat hartzeko behintzat.
Ni, gainera, ez naiz hemengoa; Basaurikoa naiz. Eta noski, Hernanin ez nuen inor ezagutzen; horretarako balio izan dit honek.

Noiz etorri zinen Hernanira bizitzera?
Hiru urte daramazkit Hernanin. Nire bikotekidea donostiarra da, eta hona etorri ginen bizitzera. Aurretik ezagutzen nuen herria, puzgarriekin eta apar festarekin etorri izan naiz eta. Are gehiago, hona bizitzera mugitu baino urtebete lehenago, hiru eskoletako festetan egon nintzen.

Kontzertuak ere ematen dituzu DJ bezala, ezta?
Disko jartzaile izatea da nire hobbya. Lemoako NON, Debako Txitxarro edota Oiartzungo Itzela diskoteketan aritutakoa naiz, bertako disko jartzaile bezala. Eta astebururo neuzkan emanaldiak. Inglaterran eta Frantzian ere asko aritu naiz. Baina gero, seme-alabak izan nituenean, utzi egin nuen pixka bat. Orain, tarteka eskaintzen dut emanaldiren bat. Eta hori aprobetxatu dut egun hauetan Hernanin musika jartzeko.

Zer dela eta hasi zinen disko jartzaile bezala?
NON diskotekara joaten nintzen, festara. Eta gero, hango harreman publikoetako langile bezala hasi nintzen. Orduan, disko jartzaile batzuk hasi zitzaizkidan musika jartzen erakusten, eta ez nintzen gaizki moldatzen. Horretan hasi nintzen orduan, eta ez naiz batere gaizki ibili.

Haiek erakutsitakoaz gain, nola prestatu zinen, disko jartzaile izateko?
Binilo asko erosi nituen, eta musika ekipo bat. Eta orduak eta orduak eman nituen praktikatzen. Nire kasa aritu nintzen, eta diskoteketako disko jartzaileei eskatzen nien gauzaren bat erakutsi edo aholkuren bat emateko.

Eskaini dituzun emanaldien artean, zein dauzkazu gogoan?
Disko jartzaile bezala, denek egiten dizute ilusioa. Txikitan pentsatzen nuen, gustatuko litzaidakela DJ izan eta halako diskotekan aritzea; eta ia denetan aritu naiz. Inglaterran emanaldiak eskaintzeak ere ilusioa egin dit, eta lautan joan naiz hara; Frantziara ere askotan joan naiz.

Biarritzen eskaini zenuen azkenekoa, osasun alarma egoeraren aurretik. Nola gogoratzen duzu?
Astebete lehenago eskaini nuen hura, bai. Oso polita izan zen. Orain ez nabilenez lehen bezala, %100ean disko jartzaile gisa, emanaldiren bat eskaintzen dudanean, aspaldi ikusi ez dudan jendearekin egoten naiz, eta oso oroitzapen onak ekartzen dizkidate. Orain, eskaera asko jaso arren, bi edo hiru hilean behin eskaini dezaket emanaldiren bat.

Beste emanaldirik bazeneukan aurreikusita orain?
Hilabete hauetan ez, baina abuzturako neukan lotuta emanaldi bat Inglaterran, eta airean dago, oraindik ez baitakigu zer gertatuko den.

Puzgarriekin ere ez duzue eskaririk izango orain...
Hala da. Eskoletako festa guztiak bertan behera geratu dira, eta herrietako festa pila bat ere bai. Ez dakit irailean zerbait salbatu ahal izango dugun, baina nik denboraldia galdutzat ematen dut. Anaia eta biok gabiltza horretan, eta orain mantenimendu lanak egiten ari gara bakarrik, materiala garbitzen eta txukuntzen: konpondu, margotu... Gurekin daukagun langileari ERTE bat aplikatu behar izan diogu, diru-sarrerarik ez daukagulako batere.

Auzotarrek, behintzat, eskatu dizute festetan jotzeko, edo hilero saioren bat eskaintzeko...
Bai bai. Etxeberriko festak laster izan behar ziren, eta bizilagunek komentatu didate, ea jaien larunbatean musika jarri dezakedan balkoitik. Ikusiko dugu... Espero dut beharrik ez izatea, berriro konfinamendurik arintzeko; baina birusak berriro indarra hartuko balu, ez zait ezer kostatzen musika jartzea. Gustora egingo nuke.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!