Hendaian bizi zara, eta konfinatuta gaude denak. Ze neurri bete behar dituzue han?
Oso ezberdinak dira, konfinamendua ezberdina da Hendaian eta Hernanin. Orain kirola egiteko aukera eman du Gobernuak, baina lehenago ere, Hendaian, etxetik irtetea, ibiltzea edo korrika egitea, onartuta zegoen. Ordubete bat-edo, ateratzeko baimena eduki dugu. Hori bai, paper bat erabiltzen dugu, eta paper hau gainean eraman behar duzu; ateratzen garen bakoitzean paper hau betetzen dugu. Niri pertsonalki, lanera joateko bai, eskatzen didate papera, baina mugan. Hemen Hendaian ez. Esaterako, datorren astean, adibidez, ez zait tokatzen lanera joatea; etxean, Hendaian geratuko naiz, eta ateratzen banaiz ogi bila joateko, edo ibiltzera, edo egunkaria erostera… sekula ez naute gelditu eta hau egitea debekatu, ezta paperik eskatu ere. Azkenean ni bizi naizen herria txikia da, ez da hiri haundietan bezalako kontrolik egoten, ez dago Hernanin bezainbesteko jarraipenik, poliziarik… Eta egia esan, asko nabaritu dut, gure herrian, balkoietatik jendea ez dela kexatzen besteak zer egiten duen eta zer ez. Eta hegoaldean bai gertatzen ari da, beste hainbat zonatan bezala. Baina Hendaian ez da kexarik, bakoitza berera doa. Nik behintzat ez dut hori ikusi, inorekin gertatu denik. Eta ni irteten naiz egunero etxetik egia esan, nere emaztea ere ateratzen da zakurrarekin, eta ez zaio ezer ere pasa, eta ez zaio inor kexatu zakurrari buelta bat eman diolako. Gu egunero ateratzen gara eta ez digu inork esan ezer, sekula.
Umeekin ere nabaritu dut, nere etxe ondoan, familia asko daude, umeekin, batzuk 10, 12, edo 11 urtekoak dira, eta beraien etxeko terrenoan jolasten jarduten dute denbora dexentean, eta kalera ere ateratzen dira pixka bat, patineteekin ibiltzera… Eta ez da ezer ere gertatzen.
Muga igaro behar duzu lanera etortzeko… ze neurri hartu behar dituzu?
Hendaiatik Hernanira lanera noanean, egunero-egunero Polizia Nazionalak geratzen nau, paperak eskatzeko, enpresako paperak. Lanera noanaren justifikantea eskatzen didate, NANa ere eskatzen dute. Hori Hendaiatik Hernanira joateko, eta behin lana amaituta etxera bueltatu behar dudanean, hau da, Hendaiara sartzeko mugan, frantsesek geratzen naute. Hor ere, justifikatu behar duzu nondik zatozen, eta paperak beti gainean dauzkat, beraz, hauek erakusten dizkiet… Hau guztia egunero-egunero. Lanera joateko eta itzultzeko egunerokotasuna horrela da, gelditzen zaituzte beti.
24,5 kilometrora dago Hendaia, Hernanitik. Beste hiriburu batzuetara askoz ere gehiago dago, eta ez dira hainbesteko neurriak hartzen…
Ba bai, nire lankide baten kasuan, Altzon bizi da eta Tolosa aldean askotan geratzen omen dute. Altzotik jaisten da, Tolosatik barrena hartzen du bidea Hernanira etortzeko, eta esan didanaren arabera, askotan gelditu dute, nora doan galdezka…
Ni adibidez, Urnietatik Hernanira nijoala, kontrol bat jarri zuten, eta gainera paisanoz zeuden, eta hurrengo egunean etxera nindoala ere gelditu egin ninduten. Ertzaintzari esan nion, bezperan bertan gelditu nindutela. Hala ere, nora nindoan galdetu zidan eta gero utzi zidan pasatzen.
Beste egoera kurioso bat ere gertatu zait, oso kuriosoa gainera. Santa Barbara aldean nenbilen ogia eta egunkaria banatzen, baserrietan. Eta normalean, 09:00ak inguru izaten da banaketa prozesu hori. Ohitura daukat, banaketarako ogiaz aparte, ogi zati bat niretzat hartzeko, lan ordu tartean mokadutxo bat jateko. Ba Santa Barbaran eskalada egiten den azpi-alde horretan nengoen, furgonetan, nire hamaiketakoa prestatzen jateko, eta Ertzaintza etorri zen. Eta alde egiteko agindu zidaten, bestela 600 euroko isuna jarriko zidatela azpimarratuz. Esan nion, okindegian egiten banuen hor egiten ari nintzena, okerrago izango zela, okindegian jendea dago, eta furgonetan ni bakarrik nengoen, ezin nuen inor kutsatu. Azkenean, hamaiketakoa alde batera utzi, furgoneta arrankatu eta alde egin behar izan nuen. Ez dudana ulertzen da zergatik diren toki batzuetan gauzak hain zorrotz eta bestetan xuabeago.
Askotan polizia edo ertzaintza ikusi, eta tentsioan jartzen da gorputza bat batean. Nola bizi duzu hau?
Egia esan, gertatzen ari den honekin guztiarekin harritua nago. Poliziaren kontuarekin ere bai. Aspaldiko urtetan baino okerrago gaude orain. Nahi dutena egiten dute polizi askok, edozein edonon gelditzen dute, paperak eskatu… ez dute arrazoirik behar gelditzeko, ez dute justifikaziorik behar, askotan iruditzen zait gelditzen dutela ez daukatelako besterik egiteko. Esan dudana, orain dela urte dexente baino okerrago gaude momentu honetan. Kontrolatuak gaude. Koronabirusaren aitzarekin, atzerapausua egin dugu.
Esan duzu askotan gelditzen zaituztela Izan duzu arazo larririk? Paperak, segurtasun neurriak... direla-eta.
Ez, azkenean arazo larririk ez dut izan, paperak beti gainean ditut eta hauek eguneratuta eramaten ditut. Dauzkadan paperak erakusten ditut, eta ez dizkidate pegak jartzen, azkenean ziurtatzen dut lanera nijoala edo lanetik etxera bidean naizela. Arazorik ez dut izan egia esan, baina gelditu bai, askotan. Egia esan, etxetik txip horrekin ateratzen naiz, mugan gelditu egingo nautela pentsatzen dut eta horrelaxe da.
Orain arte hartu diren neurriekin ados zaude?
Hemen Hendaian hartzen diren neurriak nahiago ditut, Hernanikoak baino. Hemen errazago eramaten dira, askatasun gehixeago dago. Han Hernanin, jendea, zaharrak, umeak, gurasoak, denak daude etxetik ateratzeko gogoarekin, eta kalean ikusiz gero ez dela ondo jokatzen, segituan datoz kexak. Hemen, ordea, ez da horrela, nik behintzat hori ez dut nabaritzen. Oso desberdina da Hendaian. Nire alabak, adibidez, bi ume dauzka, eta lasai asko ateratzen da kalera, neurriak hartuz, noski. Askoz ere errazago eramaten da hemen konfinamendua. Bizitza sozialik ez da egiten, ez da talderik elkartzen, baina ibiltzera, edo haizea hartzera jendea ateratzen da. Iruditzen zait, hegoaldeko neurriak, gehiegizkoak direla, agian.
Nola iruditu zaizu izan dela konfinamendu prozesua?
Niri gogorrena iruditu zitzaidan momentua, enpresak itxi ziren unea izan zen, 15 egun horiek. Urnieta eta Andoainera egunean dexente joaten naiz, eta errepidean edonor gelditzen zen zerbaiti buruz galdezka. Baina hori enpresen itxierarekin nabaritu dut. Orain berriro aktibitate batzuk bueltatu dira eta ez dut askorik nabaritu. Orain gauza apur bat lasaiago ikusten dut, hori bai.
Gogorra egiten zaizu bizi dugun egoera honetan, egunero muga pasatzea?
Bai. Gertatzen dena da, azkenean ohitura moduan hartzen dela egunerokotasun hori, azkenean badakizu eugnerokoa hori dela, eta gauza normal gisa hartzen dut. Nik badakit lanera noanean gelditu egingo nautela, eta lasai noa, askotan Gantxurizketa gainean egoten dira eta gelditu egiten naute, eta lanetik bueltan berdin, gendarmeekin.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Nik uste, data bat jarri dutela, baina ez dituzte gauzak baloratu. Hasieratik ez dira gauzak ondo egin; hasiera eman zitzaionean istorio honi, berandu hasi ginen neurriak hartzen. Aurreikusi zitekeen zer gertatuko zen, baina ez... Hemen berandu hasi ginen, begira Portugalen, bestela… Ez daukagu hain urruti, eta hemen baino konfinamendu askoz ere malguagoarekin, hemen baino askoz ere lehenago hasi ziren, eta neurri hobeak hartu dituzte, eta emaitzak ere hobeak izan direla uste dut.