UDALA

Ordenagailuei buruz ikastaroa, gazteentzat

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 5a, 00:00

Maiatzaren 8ra arte eman dezakete izena 12 eta 17 urte artekoek. Online emango da ikastaroa, hilaren 12 eta 14an.

Ezinbestekoak bihurtu dira ordenagailuak egun hauetan, eta ikasle batzuek egindako eskaerari erantzunez, ordenagailua hobeto erabiltzen ikasteko ikastaroa antolatu du Udalak, doan, 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta.
Ikastaroa maiatzaren 12 eta 14an emango da online, eta izen-ematea hilaren 8an bukatuko da.

Hiru ardatzeko ikastaroa
Ordenagailua erraztasunez erabiltzen ikasteko hainbat gako ematea izango da ikastaroaren helburua. Arkaitz Sukuntza Alkorta izango da irakaslea, eta hiru arlo landuko ditu. Batetik, ordenagailuaren erabilera orokorra errazteko moduak: karpeten antolaketa eta fitxategien kudeaketa, teklatu lasterbideak, pantaila-irudi mozketak...). Bestetik, Interneterako oinarrizkoak: argazki, bideo eta informazio bidaltzea; gehien erabiltzen diren aplikazioak; gehigarriak; gogokoak; segurtasuna eta baimenak... Eta azkenik, disko gogorraren erabilera eta segurtasun kopiak.
Ikastaroa hilaren 12 eta 14an emango da 16:00etatik 18:00etara, eta gehienez, 15 ikasle onartuko dira. 
Izena, https://labur.eus/Zgv6l loturan eman behar da.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!