Koronabirusa dela eta, hainbat herri eta hiritako festak bertan behera utzi behar izan dira eta Hernaniren kasuan, askok galdetuko dute, «zer gertatuko da San Joanekin?».
Udalak aipatu du, argi dagoela, San Joanak bere horretan, «ohiko moduan» ez direla egingo, egoerak ez baitu uzten.
Hala ere, Udala, Jai Batzordearekin ari da elkarlanean, zer egin daitekeen pentsatuz. Izan ere, Udalak, egoera berrira egokitu daitezkeen jarduerak bildu nahi ditu, ohiko programazioa ez den programazio alternatibo bat osatze aldera.
Horregatik, maiatzaren 13an, hau da, datorren asteko astezkenean, egingo dute bilera online, Udalak eta Jai Batzordeko kideek, arratsaldeko 19:00etan.
Maiatzaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak erabakia
Igandean, hainbat erabaki hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak, festak egin daitezkeen, egiten badira zein neurritan, eta beste hainbat.
Hori horrela, Hernaniko Udalak dio, «egoera aldakorra denez, maiatzaren 10era arte itxarotea besterik ez daukagu, ideiak sortzen jarraituko dugu bitartean, baina hala ere segurtasunik ez daukagu. Ez dago gure esku San Joanak egin edo ez, hori goitik datorren aginduaren araberakoa baita».