Covid-19ak eragindako alarma egoerak, «kultur programazioa hankaz gora jarri du», izan ere, konfinamendua hasi zenetik, Biteriko aretoan aurreikusitako emanaldi guztiak bertan behera gelditu ziren. Horregatik, Hernani Kultura ekimenak azaldu du, «aretoak zabaltzeko zailtasunak luzerako direla ikusita», Kultura Sailak, Hernani Kultura online programazioa jarriko duela martxan, bihartik aurrera.
Programazioaren helburuak
Herriko sortzaileei ahotsa ematea da online programazio honen helburu nagusietako bat, eta «egoera zail honetan haien lanak sustatu nahi ditugu, kulturak etenik izan ez dezan».
Horrekin batera, etxean ordu asko igaro behar denez, «astean bitan herritarren esku kultur eskaintza interesgarria jarri nahian gabiltza».
Disziplina anitzeko, saioak
Hernani Kultura ekimena, astean bitan izango da, «asteazken eta ostiraletan» hain zuzen.
Asteazkenetan, literaturari lotutako jarduerak eskainiko dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Ostiraletan berriz, 19:30etatik aurrera, musika, dantza eta antzerkiaz gozatzeko aukera eskainiko da, besteak beste. «Gehienez 15 minutuko saioak» izango direla azpimarratu dute, sortzaile bakoitzak grabatutakoak.
Programazioa, hedabide zein sare sozialen bidez zabalduko da, eta «behin emanaldiaren data pasata, Udalak duen youtube kanalean, https://labur.eus/id6xh, ikusgai izango dira saio guztiak.
Hainbat artistek hartuko dute parte, hala nola, Kattalin Miner idazlea, Ainara Ortega, Morau, Ainhoa Larrañaga eta Xabi Solano musikariak, Arantza Iglesias dantzariak, Nagorre Legarreta argazkilariak, Maite Franko eta Apaxi ipuin kontalariak.