Musika

Finalerako txartela eskura, Kilimak taldeak

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 29a, 00:00

Gazteako Maketa Lehiaketan ari da parte hartzen, eta zerrendan aurrenekoa da. Gaur da bozkatzeko azken eguna.

Euskal runba taldea da Kilimak musika taldea. Agustin Garmendia hernaniarrak osatzen du, Ione Zozaya, Antxon Gutierrez, Oskitz Gorrotxategi eta Ander Larrarekin batean. 2018ko udan hasi zuten ibilbidea, baina oraindik ez dute diskorik atera.

Orain, ordea, Gaztea irratiak antolatzen duen Maketa Lehiaketan ari dira parte hartzen, eta irabaziz gero, «horrekin grabazioa ordaintzeko» asmoa agertu dute. Gaurkoa da botoak emateko azken eguna, eta martxa onean ari da taldea. Izan ere, botoen %22 jasota, finalerako txartela lortzeko zerrendan aurreneko postuan daude. Atzetik gertu dauzkate beste batzuk, ordea, botoen %18 edota %16rekin, eta azken bultzadatxoa ezinbestekoa izango dute, finalera pasa ahal izateko.

 

Botoak, webgunean

Finalera lau talde pasako dira; entzuleek aukeratzen dutena, eta epaimahaiak aukeratutako beste hiru. Hain zuzen, entzuleen boto gehien, oraingoz, Kilimak taldeak jaso ditu, eta gaurkoa da botoa emateko azken eguna. Horretarako, www.eitb.eus webgunean sartu behar da, 'irratia' saileko 'maketa' atalean.

Finalean lau taldeak zuzenean ariko dira Bilboko Kafe Antzokian, egoera dela-eta, oraindik noiz izango den ez badakite ere. Epaimahaiaren saria jasotzen duenak 5.000 euro irabaziko ditu, eta entzuleen boto gehien jaso dituenak, 2.500 euroko GazteBizhitza saria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!