Musika

«Gaur egun disko bat erosiko dizutela esatea ez da gutxi, eta, beraz, atera beharko!»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 16a, 00:00
Agustin Garmendia gitarra-jole hernaniarra (goian, ezkerrean) da Kilimak taldeko sortzailea.

Kilimak taldea Gazteako Maketa Lehiaketan ari da parte hartzen. Aukeratutako 20 talderen artean dago, eta apirilaren 29ra arte eman daiteke botoa, finalera zein pasa aukeratzeko.

Agustin Garmendia hernaniarra hasi zen abestiak egiten, duela bost bat urte, eta Ione Zozaya batu zitzaion kantuan. 2018ko udan, Antxon Gutierrez baju-jolea, Oskitz Gorrotxategi tronpeta-jolea eta Ander Larra perkusio-jolearekin eman zuten Kilimak taldearen aurreneko kontzertua izango zena. 
Euskal runba egiten dute, eta diskoa grabatzea dute helburu. Horretarako, Gaztea Maketa Lehiaketa lagungarri izatea espero dute. Apirilaren 29ra arte eman dezake publikoak botoa: https://www.eitb.eus/eu/gaztea/maketa-lehiaketa/ 

Itxialdian ere entzun da Kontakatilu abestia balkoiren batetik, Lasarten…
Lagun batek bidali zigun bideoa. Gutako inor ez da bizi Lasarten, baina uste dugu gurekin lanean aritutako musika teknikari bat izan zela kantua jarri zuena.

Konfinatuta, baina ez zaudete geldi. Nolatan hartu duzue parte Gazteako Maketa Lehiaketan?
Lehengusinak esan zidan izena emateko. Taldean aipatu genuen aukera ona izan zitekeela jendeak gure musika entzun zezan, erronka gisa, gehienbat, gure musika eta euskal runba entzun zedin Euskal Herrian. Herri askotan jo dugu orain arte, baina txoko askotara ez gara iritsi, eta gure proiektua zabaltzeko modua ikusi dugu.

Zein izan da prozesua?
Galbahe bat pasa dute. 100 proposamenetik gora aurkeztu ginen, eta hortik aukeratu dituzte 20. Orain, jendeak bozkatu ahal izango du apirilaren 29ra arte. Guk nahi duguna da, noski, ahalik eta jende gehienak bozkatzea. Horretarako, Kontakatilu kantua aukeratu dugu. Bozketa fase honetan publikoak eta epaileek aukeratutako taldeak, hiru bat uste dut, finalera pasako dira. Ez dakit noiz, baina, Bilboko Kafe Antzokian egingo da, eta hor aukeratuko da irabazlea.
 
Zergatik, Kontakatilu?
Guri asko gustatzen zaigu eta esanahi asko dauzka. Uste dut isladatzen dituela gaur egungo gizartean dauden horrelako komunikazio modu asko: ibiltzen gara kontakizunak kontatzen eta gezurrak esaten, letrak dioen bezala, eta zer esanik ez, gure agintariak eta komunikabideak. Gure agintariak kontakatilu hutsak dira. Joko horrekin, garrantzia eman nahi izan diogu hori guztiari. Kritika bat da, baina modu barregarri edo dibertigarrian. Azkenean, denak gara kontakatilu xamarrak.

Euskal runba da zuena. Zer da? 
Egia da euskeraz eta gaztelaniaz egiten ditugula kantuak. Baina gure berezitasuna da runba estiloan aritzen garela, eta hau dator erritmo latinoetatik, espainiar musikako flamenkotik eta guk jaso dugun euskal musikatik. Nahasketa da gurea. Ez dugula runba bakarrik jotzen, baina kontzertuen zati haundi bat hartzen du, eta gure berezitasuna da runba euskeraz kantatzea. Gaztelaniaz beti entzun izan da, baina euskeraz, ez.
 
Nola hasi zenuten bidea?
Lehenik eta behin, ni hasi nintzen kantatzen, neskalagunarekin, Ionerekin. Zugarramurdikoa da bera. Duo bat egiten genuen. Lehendik ere banituen kanta batzuk eginak, orain bost urte-edo. Gatza, adibidez. Kantu horiek jotzen nituen Ionerekin, edo bakarrik. Hernanin behin hiru orduz aritu nintzen! Gero, orain pare bat urte, ezagutu genuen Larra, Donostian, kalean jotzen. Elkartu eta proiektuari forma ematen hasi ginen, taldea sortzeko fantasiarekin, Los duendes izenarekin. Eta azkenik, Larraren bidez, elkartu zitzaigun Antxon, baju-jolea, eta orain taldean ez dagoen beste kide bat: Ruth. Kataluniarra da, baina Mexikon ezagutu nuen. Bartzelonara itzuli zen. Orain gaudenok, lehenengo kontzertua Urgulleko Polboriñean eman genuen. Larraren bitartez, talentu ehiztaria bera, ezagutu genuen Oskitz tronpeta-jolea. Basaurikoa da, baina Donostian bizi da. Jolasean, ia prestatu gabe eman genuen kontzertu hori eta horrela hasi ginen.

Ordutik hainbat txoko bisitatu dituzue. Bada kuttunenen bat?
Oso modu berezian gogoratzen dut, nik gutxienez, Agiñako eliza zaharrean jo genuenekoa, hortik aurrera jarraitzaile sutsu batzuk izan baititugu. Gehiago ere badira, baina... Jende gaztez beteta zegoen elizan runba jotzea berezia izan zen, eta politena zen ez gintuztela ezagutzen. Gero, kontzertuetara etorri dira behin eta berriro. Orduan sortu ziren konexio horiek. 

Aurrerantzean zein asmo duzue? Eragin dizue Koronabirusak?
Pena haundia dugu. Hasi ziren kontzertu batzuk erortzen. Hernanin ere, Langileren 50garren urteurrenean jotzekoak ginen; Bilbon, ezkontza batean... eta pena haundiena eman diguna Herri Urrats izan da. Udara hau hirugarrena izango dugu, eta nahiko kaxkarra izango da, seguru. Oraindik ez dugu gainditu egoera, eta bukatzen denean, edo normalizatzen denean, ulertzen dugu ezingo direla kontzertuak eman eta ez dakit zenbat jende elkartu. Beraz, denbora hartu nahi dugu barruko lana egin eta ikusteko, ea diskorik grabatzeko aukerarik dugun!

Sareetan entzun daiteke kanturen bat...
Kontakatilu grabatu genuen arratsalde batean, Molotoff irratiak eskatu zigulako. Bertako lagun batekin hasi ginen grabatzen beste kantu batzuk, baina denborak jarri gabe, eta oraindik kantuak aldatzen ari ginen bitartean. Beraz, erabaki genuen uztea. Baina horrek balio izan digu maketa lehiaketara bidaltzeko kantuak edukitzeko! Baina gure nahia da, Koronabirusak elkartzen uzten digunean, serio jarri eta maketa grabatzea. Jende askok eskatu digu, eta gaur egun, jendeak disko  bat erosiko dizula esatea ez da gutxi, eta, beraz, atera beharko! 

Maketa lehiaketa irabaztea lagungarri izan daiteke?
Dirua ematen dute sari, eta asmoa litzateke horrekin grabazioa ordaintzea. Ea zortea daukagun eta jendea animatzen den bozkatzera! Bultzadatxo honekin, irabazi eta diskoa ateratzea ederra litzateke!  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!