Zaintza Taldea

«Jendea oso eskertuta agertzen da; batzuek propina ere utzi nahi izan dute!»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 28a, 00:00

Gel eta maskarak derrigorrezkoak ez direnez, alkoholdun gel desinfektantea erabiltzen dute boluntarioek.

Konfinamendu egoera ezartzean sortu zen Hernaniko Zaintza Taldea. Behar duenari enkarguak etxera eraman, haurrak zaindu edo txakurra ateratzeko laguntza ematen diote. Orain, baita telefono bidezko arreta ere, hitz egiteko.

Farmazian enkargua egin eta eskaera egin duenari etxera eramateko bidean lagundu dio Kronikak Leire Moreno boluntarioari. Beste hainbat herritar bezala, Hernaniko Zaintza Taldean hartzen du parte.

Koronabirusaren zabalpena gerarazteko konfinamendu egoera ezarri eta berehala jarri zen martxan taldea. «Urumea Herri Gunean ibiltzen garen batzuk elkartu  ginen», azaldu du. «Nahiko natural atera zen taldea sortzearena, gainera zer zetorkigun ikusita. Lau lagun elkartu eta deialdia luzatu genuen. Hurrengo bilerarako 15 bat lagunek eman zuten izena. Nola antolatu adostu, eta whatsapp taldea sortu genuen, kartelak jartzen hasi... Orain jende dezente gaude boluntario, eta eskariak gutxi dira».

Egiten dituzten enkarguen artean daude erosketak edo farmaziako enkarguak egin eta etxera eraman, haurrei eskola liburuak eraman edota haurrak zaindu, txakurrak paseatzera atera, eta orain, baita ere, telefono bidezko arreta eman, hitz egiteko beharra duenari.

100dik gora boluntario
ERTEaren eraginez, lanik gabe dago orain Leire Moreno. Baina boluntarioen artean, denetariko jendea dagoela dio. «Perfila oso anitza da. Jende gaztea dago, eta baita 70 urtekoa ere. Hauek kalera ateratzea arriskutsua izan daitekeela pentsatu genuen, arrisku taldekoak direlako, eta beraz, telefono bidezko laguntzaile lanak egiten dituzte orain, bakarrik daudenei, hitz egiteko beharra dutenei, deitu eta hitz egiteko aukera emanez. Ez du inork deitu, baina zerbitzua eskaintzen da».

«Eskaera gehien emakume helduek egin dituzte, 70 urtetik gorakoek»

Gehitu duten azken zerbitzua izan da. Gainontzean, egin dituzten enkargu gehienak izan dira «medikamentuak eramatea, janaria erostea eta aurrei liburuak etxera eramatea».

Lan horiek egiteko, denera 130 bat boluntario daudela dio Morenok. Horietako 40 bat aurreneko bi txandetan daude. Hau da; talde iraunkor bat dago, momentu honetan boluntario lanak egiten dituztenekin osatua, eta gainerako guztiak, erreserbako taldean daude. «Batzuek enkargu bat baino gehiago egin dute. Beste batzuek bat ere ez. Whatsappez adierazten da zein den egin den eskaera, eta gehien irakurtzen duenak, agian, bi txanda egiten ditu. Guk egiten duguna da azaldu eskaera egin duena zein auzotakoa den, eta horren arabera ere, boluntarioek erabaki dezakete enkargua hartu edo ez, batzuek ez dutelako asko mugitu nahi».

Eskariak, 20 inguru
Boluntariorik ez da falta, baina eskariak ez dira asko izan. 

«20 bat eskariri erantzun diegu. Gutaz aparte, Gizarte Zerbitzuetatik ere ari dira lanean. Hala ere, badakigu gure berri ez zaiola hainbat jenderi iristen. Baina zaila da. Agian ez dituzte teknologiak erabiltzen. Edo ez dute prentsa irakurtzen. Udaletxea telefono deiak egiten ari da, eta gure berri ematen. Anbulatorioko mediku batekin ere hitz egin genuen, gure protokoloak ezartzeko, eta gure berri emango zuela ere azaldu zigun. Kartelak ere jarri ditugu farmazietan, portaletan...».

Osasun protokoloak eta ziurtagiriak, bermatuta
Lanerako prest agertzen diren boluntarioei txosten bat ematen diete, sareak nola funzionatzen duen azaltzeko, eta segurtasun protokoloak zein diren azaltzeko. «Anbulatorioko medikuak esan zigun protokoloak oso ondo zeudela. Pare bat gauza gehitzeko gomendatu zigun eta egin dugu».

Besteak beste, eskariak jasotzean, sintomarik ote duten galdetzen diete eskatzaileei, eta hala bada, DYAra bideratzen dituzte, «gu baino baliabide gehiago dauzkate, eta hartara ez dugu boluntarioa arriskuan jartzen». Horrez gain, alkoholdun gel desinfektanteak banatu dituzte, eta maskarak ere bai. «Lehenengo txandarako ez genituen lortu, baina bigarrenerako bai». Dena den, «Udaleko Babes Zibilerako teknikariek ez dute beharrezko ikusten maskara eta esku-larruen erabilera», protokoloan zehaztutakoaren arabera, eta, beraz, gel desinfektantea erabiltzen dute. Ordainketetarako, berriz, dirua gutunazaletan jasotzen dute. Dena den, askotan ez dute dirurik erabiltzen, laguntza eskatu duena dendariarekin konpontzen delako.

ZAINTZA TALDEA
BOLUNTARIO IZATEKO
663 473 045 telefono zenbakira whatsappez idatzi. Talde iraunkorrera pasa arte, erreserban dauden boluntarioen taldea da.

LAGUNTZA ESKATZEKO 
690 145 760 zenbakira idatzi edo 691 651 850 zenbakira whatsappa bidali.
Hitz egiteko beharra dutenek ere zenbaki horiek erabili ditzakete.

Bestalde, Udalak emandako akreditatazeko txartelak erabiltzen dituzte boluntarioek. «Boluntarioen datuak ematen dizkiogu Udalari, eta aseguru zibila egiten digute. Txartel bat ematen digute, udaletxearen zigiluarekin, ikusteko boluntarioak garela, eta poliziarekin arazorik ez edukitzeko».

Esker ona, nagusi
Eskaera gutxi jaso arren, «harrera oso ona» izan dela nabarmentzen du Morenok. «Eskaera gehien emakume helduek egin dituzte, 70 urtetik gorakoek».

Bereziki, medikamentuak etxera eraman, erosketak egin eta haurrei liburuak etxera eramatea egokitu zaio. «Batez ere, liburuak entregatu ditut nik, eta ikusten da beldur pixka bat. Hartu-emana distantziarekin eta ahalik eta azkarren egiten da. Baina jendea oso eskertuta agertzen da; batzuek propina ere utzi nahi izan dute! Ez dugu onartzen, noski!».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!