Presoak

«Deseskalatzearen baitan, ahal bezain laster, presoak hurbildu behar dira»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 26a, 00:00

Kalean ezin egonda idatzia argitaratu dute presoen senide eta lagunek. «Egoera berezia bizitzen ari gara senide eta presoak espetxetan».

Konfinamendu egunak aurrera doaz eta euskal gizartearengan pandemiak eragindako ondorio mingarriak areagotzen ari dira, baita preso eta senideen inguruan ere eta idatzia argitaratu dute. «Denei gertatzen zaien bezala, gure familia da gure kezkarik nagusiena eta gehienbat egoera honen aurrean arrisku taldean dauden pertsonak, zaurgarriagoak direlako. Horregatik ezinegona sortzen digu espainiar eta frantziar Estatuetako espetxeetan dauden gure senide presoen egoerak, eta orokorrean, gatibu dauden pertsona guztiek behar dute arreta». 
«Ziur dakigu pertsona izatearen gainetik preso izaera nagusitu dutela» diote Etxeratetik.

«Presoei ez zaie prebentzio babes minimorik eman»
Espainian alerta-egoera deklaratu zenetik 40 egun baino gehiago igaro direnean, «nazioarteko erakundeek gomendatutako neurri espezifiko bat bera ere ez da abian jarri. 50 erakunde eta gizarte-eragile baino gehiagok egindako proposamenak ez dira aintzat hartu». Etxeratek dio ez dela espetxeetako superpopulazioa murriztu nahi izan, baldintzapeko askatasun-egoeran dauden presoak kartzelatik ateraz eta askatasunik gabeko zigorren ordezko neurriak bilatuz. «Ez dira aske utzi arrisku handieneko bi taldeetako presoak, hau da, gaixotasun larriak dituztenak eta 65 urtetik gorakoak. Zerbitzu medikoak ez dira indartu, berez eskasak baitira. Presoei ez zaie prebentzio, babes eta desinfekzio elementurik eman. Espetxeetako agintariek hartutako neurri bakarrak kartzela zigorrak areagotu eta familia-loturak murrizten dituztenak izan dira, baina ezta bat ere ez da izan espetxean dauden pertsonak kutsatzeko arriskua murrizteko helburuarekin».
Ziurgabetasuna dute iragarritako deseskaladan oraindik ere «izan daitezkeen murrizketen aurrean; izan ere, bidaia luzeak murriztuak izango dira espetxeetan bisitak berrezartzen direnean. Horregatik uste dugu, ahal bezain laster, presoak hurbildu behar direla. Ziklo hau igaro ondoren, euskal gizartea normalizaziorantz doanean, behingoz egin beharra dago, lastre eta sufrimendurik gehitu gabe». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!