Asteburuan emango diote segida Portuko auzotarrek, konfinamenduan prestatzen ari diren egitarau bereziari. Pintxopoteak ez zuen hutsik egin ostegunean, eta biharko, berriz, zita hirukoitza jarri dute.
Arratsaldeko 17:00etan ekingo diote, eta aurrena, txapelketa berezi bat prestatu dute: margolan ospetsu bat aukeratu beharko du familia bakoitzak, eta hura imitatu beharko du, argazki bat ateratzeko.
Ondoren, 18:00etan, bingoarekin hitzordu klasikoa izango da bueltan. Eta azkenik, iluntzeko 20:00etatik aurrera, Kaldereroen festa ospatuko dute. Denak kaldereroz jantzi eta balkoietara ateratzeko deia luzatu dute, afari merienda egiteko. Eta kaldereroen abestiak kantatuko dituzte elkarrekin, ondoren.
Igandea, berriz, Izarren Eguna izango da Portun. Estilo askotariko musika jarriko dute egunean zehar; eta arratsaldeko 17:00etan, musika talde ospetsu bat imitatuz, karaokea egin eta bideo bat grabatuko du familia bakoitzak, taldera bidaltzeko. Berriro bingoan arituz bukatuko dute asteburua.