Hernaniko Langileon Babes Sarearen eta Gazte Asanbladaren artean, aholkularitza zerbitzu ezberdinak jarriko dituzte martxa. Jada zabalik dute jazarpen polizialaren esparruan laguntzeko zerbitzua, eta datozen egunetan auzi laboralari erantzungo diona zabalduko da. «Urrats bat aurrera eman eta gure buruak defendatzeko baliabideak sortzera goaz. Aurretik aipatu izan dugun bezala, COVID-19 birusak sortu duen egoera aprobetxatzen ari da mundu mailako burgesia, langileriaren aurkako ofentsiba berri bat abiatzeko. Arlo desberdinetan izan dituen eraginak ikusten ari gara, baina oraindik ez dugu dena ikusterik izan. Egoera honetan, Gazte Koordinadora Sozialistak abiatutako kanpainara batu ginen, egia, osasuna, askatasun politikoak eta langile antolakuntzaren aldarriak gure eginez».
Orain, GKSk egindako lana berera ekarrita, sektore behartsuenentzako aholkularitza zerbitzua jarriko dute martxan Hernaniko Gazte Asanblada eta Hernaniko Langileon Babes Sarearen artean. Izan ere, «sektore proletarizatuenak inolako baliabiderik gabe geratu dira, euren buruak defendatzeko. Lanetik kaleratuak izan dira, edota baldintza txar eta arriskutsuetan lanean jarraitzera behartuak, laguntzarik jaso gabe, babesik gabe, alokairuak eta eguneroko gastuak ordaindu beharrean, eta abar. Sortzen ari diren miseria egoera orokortu honek, denboran luzatzeko itxura guztia du, ofentsiba hau Koronabirusak alde egiten duenean mantenduko baita».
«Proletargoaren antolakuntza, eta polizi jazarpenaren aurrean zerbitzu juridikoa»
Horregatik, proletargoaren antolakuntza politikoan sakondu beharra ikusten du. «Orain arteko salaketa politikoa eta testigantza bilketaren ondoren, kanpainari aurrerapauso berri bat eman eta bitarteko berriak jarriko ditugu behar dutenen eskura. Alde batetik, salbuespen egoerak eragin duen konfinamendu egoera orokortua eta jazarpen polizialari aurre egiteko aholkularitza juridikoa eman nahi dugu, sortu diren egoera ezberdinetan zer egin dezakegun eta zer ez jakiteko. Horrela, polizia ezberdinen partetik jasaten ari garen gehiegikeriak ekidin eta askatasun politikoen aldarria egin nahi dugu».
Martxan jarri da jazarpen polizialaren esparruan sortutako egoera ezberdinen aurrean laguntzeko aholkularitza juridikoa, eta laster auzi laboralari erantzungo diote. «Beraz, behar izanez gero, jarri harremanetan gurekin. Gure bizi baldintza eta askatasun politikoak defendatzeko garaia da».