ARREMANITZ

«Bizitzak erdigunean jartzearen garrantzia agerian utzi du krisiak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 22a, 00:00

Alarma egoerak itxialdian lehentasuna zerk izan behar duen agerian utzi du Arremanitz Kooperatibaren esanetan. «Aspalditik esan dugu».

Arremanitz Kooperatibak bizi dugun alarma egoerak sortu duen lehentasunen aldaketa azpimarratu du azken buletinean. «Muxuak, besarkadak eta aurrez aurre begietara elkar so egitea inoiz baino gehiago ari gara balioan jartzen. Itxialdiak betaurrekoak jartzera gonbidatzen gaitu. Gure gorputzei behar duten arreta eskaintzea ezinbestekoa dela gogorarazi digu, baldintzaz betetako egoera ezohiko honetan».

Koronabirusaren krisiak egunerokotasuna asaldatu du, eta horrekin batera, produktibitateari eta ekonomia sistemari emandako lehentasun eztabaidaezina irauli du Arremanitzeko kideen ustez. «Gizakion osasuna erdigunean jartzean, bizirik irauteko aukera bakarra dela ikusten ari gara behingoz, eta kostata. Jendarteak zaintzen utzikeria muturrera eraman duen arte, ez gara biluzik aurkitu egia honen aurrean. Orain, tratu onen eta feminismoaren ikuspegia dugunok aspalditik aldarrikatzen dugun lehentasuna – bizitzak erdigunean jartzea- ezarri nahi dute larrialdiari aurre egiteko. Gazi-gozo».

«Sortu denak lehena eta ondorena marraztu digu. Beldur anitzen parean, tratu onak, parekidetasuna eta harremanak eraldatzeko aukera ere zabaldu digu» adierazi dute Arremanitzekoek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!