Konfinamenduko egitarau bereziarekin jarraitzen dute Portuko auzotarrek, eta aurreko egunetako makina bat txapeketaren ondoren, gaurko ere jarri dute zita: Txapel Txapelketa egingo dute, arratsaldeko 17:00etan hasita; eta ondoren, bingoan arituko dira, 18:30ak aldera, ia arratsaldero bezala.
Atzokoan, anuntzio txapelketa egin zuten, telebistako iragarki bat imitatuz familian. Eta aurreko egunetan, mota guztietakoak izan dira txapelketak. Esaterako, pintxo lehiaketa bat ere egin zuten, zaporeagatik beharrean itxuragatik baloratu zutena. Goiko argazkikoa izan zen, lehiaketako pintxo irabazlea; eta ondoren sailkatutako biak, hauexek:
Konfinamendua bukatzen denerako, plana auzoan
Bizilagunek egindako pintxoak dastatzerik ez dute izan, oraingo txandan; baina horri erremedioa jartzeko asmoa daukate. Ez oraindik, baina bai konfinamendua bukatzen denean.
Izan ere, ordurako plana egin dute dagoeneko: auzoan pintxo dastaketa bat antolatuko dute, postrea barne. Eta orduan banatuko dituzte, txapelketa guztien eta bingo berezien sariak ere.
Bitartean, horrelako ekintzak antolatzen jarraituko dute, auzotarrak terrazatik terrazara eta balkoitik balkoira elkartzeko. Eta musika jartzen jarraituko dute, auzoko txikiak eta ez hain txikiak alaitzeko.