Koronabirusak eragindako egoera honen aurrean, kontsumitzaile eta erabiltzaileek hainbat eskubide dituzte, eta informazio hau helaraztea izan da Hernaniko Udalaren nahia.
Kontsumitzaile eta erabiltzaileek, eskubidea daukate, hegaldia hartu badute, hau ezeztatzeko. Hegazkin-konpainiak Osasun Ministerioaren gomendioz bidaiatu behar ez den herrialde edo leku baterako hegaldia ezereztu ez badu, gomendatzen da egiaztatzea ea garraio-kontratuaren baldintza eta terminoetan badagoen kontratua suntsiarazteko aukerarik edo hegazkin-konpainiak ematen duen hegaldia atzeratzeko edo aldatzeko aukerarik.
Hegaldia aldatzen ez bada, baina alarma-egoeran ezarritako neurrien ondorioz erabiltzailea kaltetuta atera bada, kontratua inolako penalizaziorik gabe suntsiarazteko eskubidea izango du. Hegazkin-konpainiak beste hegaldi bat eskaini ahal izango du eta ebazpenetik 60 eguneko epean bi aldeak akordio batera iritsi ez badira, eskainitako aukeraren aurrean, ordaindutako zenbatekoa berriro jasotzeko eskubidea eduki ahal izango du.
Hegaldiak bertan behera utzi ondoren
Hernaniko Udalaren arabera, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz hegaldi asko bertan behera geratu behar diren arren, airelineek ez dituzte azken unera arte bertan behera uzten hegaldi horiek, eta, zenbaitetan, bidaiatzeko asmoa zuten pertsonak kezkatu egiten dira, eta ez dakite ondo nola jokatu.
Une honetan aire-konpainia batzuk aurreratzen ari dira, eta hegaldiak bertan behera utzi baino lehen bezeroei hegaldi edo data alternatiboak eskaintzen dizkiete, kasu batzuetan baita txartelaren zenbateko bereko baleak ere.
Hau kontuan hartuta, Hernaniko Udalak adierazi du, bi aldeen arteko itun baten aurrean gaudela. Konpainiaren jokabidea zuzena da, eta erabiltzaileak erabaki beharko du konpainiaren eskaintza komeni zaion ala ez. Beraz, Hernaniko Udalak Kontsumitzaileari aholkatzen dio hegaldien prezioak aire-konpainiaren orrian egiaztatzea, konpainiak egin dion proposamena zenbatekoarekin alderatu ahal izateko.
Trenez egiteko bidaietan, Hernaniko Udalak aholkatzen du, konpainiek aldaketei eta bidaiak bertan behera uzteari buruz, eta bidaiariei inolako kosturik eragin gabe, premiaz gaitu dituzten neurri zehatzak kontsultatzea.
Beste kasu batzuetan, pertsona batek ezin duenean bidaiatu alarma-egoeran ezarritako neurrien ondorioz, edo konpainiak bidaia bertan behera utzi badu arrazoi horrengatik, garraio-kontratua penalizaziorik gabe amaitu ahal izango du, alarma-egoera eta horren luzapenak amaitzen direnetik zenbatzen hasi eta 14 eguneko epean. Gainera garraiolariak bidaia alternatibo bat eskaini ahal izango dio, eta bidaia bertan behera utzi zenetik 60 egun igaro eta bi aldeak ados jarri ez badira, eskainitako alternatibaren gainean, bidaiariari ordaindutako dirua itzuliko zaio ordainketa egin zen bide beretik.
Ekitaldiak eta beste era bateko zerbitzuak bertan behera utzita
Ekitaldi bat (kultura-ekitaldia, kirol-ekitaldia, eta abar) bertan behera utzi bada edo edozein eratako zerbitzua (hoteleko edo jatetxeko erreserba) ematea ezinezkoa bada, erabiltzaileak kontratua inolako penalizaziorik gabe ezeztatzeko eskubidea izango du alarma-egoera eta horren luzapenak amaitzen diren egunetik zenbatzen hasi eta 14 eguneko epean.
Kuotak eta aseguruak
Gimnasio, akademia eta beste hainbat zerbitzuk, alarma-egoerarekin bateragarriak diren beste modu batzuetara emateko aukerak proposa ditzakete (online saioak, eta abar), edo zerbitzua geroago berreskuratzea proposa dezakete, eta kontsumitzaileak onartzeko edo ez onartzeko eskubidea ere badago.
Gaixotasun-aseguruak eta osasun-laguntzako aseguruak izenpetuta dituzten pertsonek aseguru-etxearekin izenpetutako kontratuaren baldintzak eta zehaztapenak egiaztatu beharko dituztela ere aholkatu du Udalak.
Kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideei buruzko informazio gehiagorako, 943 55 78 54 telefonora deitu daiteke edo marian-o@hernani.eus helbidera idatzi.