Neurriak hartu dituzte Correosen ere. Txentxo Elizondo da Hernaniko postaria bertan, eta «langileak erdira jaitsi» direla azaldu du. «Txandaka egiten dugu lan, batzuk egun bikoitietan, eta besteek bakoitietan. Egun batean lan, eta bestean jai».
Banatzen dituzten mezu eta paketeetan ere izan dute aldaketarik. «Presazko paketeak bakarrik banatzen ditugu, Correosen sartzen direnak. Amazon eta horrelakoenak ez». Ondorioz, «lana asko jaitsi» dela onartzen du. «Orain arte udaletxeetako eta Eusko Jaurlaritzako jakinarazpenak, isunak eta horrelakoak, gordeta egon dira, baina hasi gara banatzen. Baina, Lanbidetik datozen berri onak ere ematen ditugu!».
Gainontzean, ohiko neurriak hartuta ari dira lanean; «eskularruekin eta horrelakoekin. Bulegoa ere, hiru orduz bakarrik irekitzen da, goizez, 09:30etatik 12:30etara».
Nabarmendu du «oraindik kasurik ez» dutela izan, eta «nahiko lasai» dabiltzala. «Etxean ere, ni bakarrik ateratzen naiz lanera, baina, arazorik gabe. Kutsatzeko arriskurik ez dugu. Osasuntsu gaude eta ez dugu arazorik, oraingoz, behintzat!». Dena den, kalean bestelako egoera sumatzen dela dio. «Nabaritzen dugu jendeak daukala beldur asko. Badago horrelako alarma bat». Alderdi positiboari begiratu nahi izan dio, hala ere. «Denak etxean daude, eta, beraz, denek irekitzen digute atea, arazorik gabe!».