Astean zehar etxean entrenatu, eta asteburuetan Ospitalera lanera. Nola edo hala jarraitzen du Maider Altuna Lertxundi hernaniarrak, belar hockeya eta erizain lana uztartzen, aste zail hauetan. Koronabirusarekin ez dauka harreman zuzenik lanean, Ospitaleko jaioberrien zainketa intentsiboen unitatean ari baita; baina izan dute kasurik, hala ere. Belar hockeyean, berriz, zalantza da nagusi bere taldean, Realean: ez dakite zer gertatuko den aurtengo Ohorezko Mailako denboraldiarekin, baina badaezpada ere, gogor jarraitzen du entrenatzen Altunak, etxeko terrazan.
Zer moduzkoak ari dira izaten aste hauek?
Aste hauek nahiko gogorrak izaten ari dira. Oraindik ezin dut sinetsi bizitzen ari garen egoera, oso gogorra baita gaur egun Koronabirusaren ondorioz gertatzen ari dena. Asteburuetan joaten naiz ospitalera lanera, eta astean zehar ez dut lanik egiten. Etxean egotearena nahiko ondo eramaten ari naiz.
Erizain bezala ari zara lanean. Zein den zure jarduna?
Jaioberrien zainketa intentsiboen unitatean lan egiten dut. Nik egiten ditudan txandak zazpi ordukoak dira, 08:00etatik 15:00etara eta 15:00etatik 22:00etara. Unitatea bi sailetan banatzen da, larritasunaren arabera: zainketa intentsiboak eta zainketa ertainak. Unitate gogorra den arren, oso lan polita da.
Eta kontaktu zuzenik daukazu, Koronabirusa duten pazienteekin? Nolako babes elementuak erabiltzen dituzue, eta zein neurri berezi hartu dituzue?
Zuzen-zuzenean ez nago kontaktuan horrelako pazienteekin, baina kasu susmagarriren bat egon da, gurasoetako batek positibo eman ondoren. Horregatik, hainbat lankide erditze gelara joan behar izan dira babes neurri berezi batzuekin, protokoloa jarraitu behar delako. EPI izeneko babes-jantzia da: betaurreko berezi batzuk, maskarilla, bata, guanteak eta buruko zinta.
Baina esan bezala, ez gaude zuzen-zuzenean Koronabirusarekin kontaktuan, unitate hau nahiko isolatuta baitago, egoera guzti honengandik.
Hala ere, kutsatzeko beldur zarete? Zein dira zuen kezkak?
Gure kezka nagusia ez da hori. Egia da beldur pixka bat egon daitekeela, baina babes neurriak errespetatuz gero, gure lana nahiko segurua da. Gurasoekin kontaktuan egoten gara, eta gurasoak umeekin. Kutsatzeko arriskua areagotu daiteke, eta horregatik da oso garrantzitsua babes neurriak aintzat hartzea, eta jarrera zentzudunarekin jokatzea.
Zein izan dira momenturik txarrenak zuretzat, aste hauetan?
Momentu txarrenak izaten ari dira, batez ere jendea bakardadean hiltzen dela jakiten dudanean, eta jendeak ezarri diren arau berezi hauek errespetatzen ez dituela ikusten dudanean. Egoera gogorra da, eta hobetzeko aurreneko pausua arauak errespetatzea dela iruditzen zait.
Ospitaleko langileoi, iristen zaizue jendearen babesa eta errekonozimendua? Laguntzen dizue horrek?
Bai, babes hori jasotzeak asko hunkitzen gaitu. Indarra eta kemena ematen digu, gure lana burutzeko.
Zer egiten duzu, hau guztia eramangarriago egiteko?
Egunak aktibitate desberdinekin betetzen ditut. Gehienbat kirolarekin, eta sukaldean errezeta berriak probatzen. Oraindik bide luzea gelditzen zait azkeneko esparru honetan (barrez).
Egun hauetan, belar hockeya bigarren maila batean geratu da zuretzat?
Oraintxe bertan bigarren maila batean gelditu da, bai. Hala ere, kirola egiten jarraitzen dut, txapelketarekin zer gertatuko den ez dakigulako. Hortaz, oso garrantzitsua da egoera fisiko ona mantentzea.
Jarraitzen duzu etxean entrenatzen, beraz?
Bai, egunero egiten dut kirola. Gure prestatzaile fisikoak bidaltzen dizkigun ariketak egiten ditut. Intentsitate altukoak dira, korrika egin ezin dugunez. Gustura egiten dut kirola etxean; ariketa ezberdinak egiten saiatzen naiz, oso monotonoa ez bihurtzeko. Terraza nahiko haundia daukadala aprobetxatuz, bertan egiten ditut nire entrenamenduak.
Zer esan dizu taldeak? Gaixotuko ote zaren beldur dira?
Egia esan, ez. Beraiek badakite nire sailean ez dagoela hainbesteko arriskurik. Beraz, gehienbat animoak bidaltzen dizkidate.
Oraingoz, bertan behera geratu dira txapelketak. Badakizue zerbait gehiago?
Egia esan, ez dakigu ezer. Hainbat alternatiba planteatu dira, aurtengo txapelketa bukatzeko. Itxaroten ari gara, ea zer erabakitzen duten.
Bost partidu bakarrik falta dituzue, eta mailari eusteko lehian sartuta zaudete. Nola ikusten zenuen taldea, geldialdiaren aurretik?
Egoera nahiko zailean sartuta gaude. Emaitzak onak izan ez diren arren, egoera aurrera ateratzeko animoak badauzkagu oraindik.
Gogorra izan da denboraldia, zuentzat? Orain bi urte txapeldun izan zineten... Zer aldatu da taldean?
Denboraldia nahiko gogorra izan da. Baja garrantzitsu ugari izatearen ondorioz, harrobitik jokalari gazte asko igo behar izan dira, eta esperientzia falta hori asko somatu dugu.
Une honetan azkeneko postuan zaudete. Zer gertatu liteke, liga bukaera suspendituko balitz?
Lehen aipatu bezala, ez dakigu ezer. Horregatik da oso garrantzitsua forma fisikoa mantentzea, edozer gauza gerta daitekeelako.
Eta zure kasuan, nolako denboraldia izan da? Gustora aritu zara?
Talderekin gustora nago. Giro oso polita daukagu. Baina ez nago ohituta hain egoera zailean egoten. Azken finean, emaitzak ez direla iristen ikusten dudanean, ezin naiz nire errendimenduarekin guztiz gustora egon. Gehienbat ni naizelako kapitainetako bat, eta horregatik ardura gehiago daukadala sentitzen dut.
Selekzioarekin debuta egindakoa zara, nahiz eta azkeneko urteotan ez zaren deialdietan egon. Esperantzarik bazenuen, Joko Olinpikoetan egoteko?
Egia esan, 2016an uko egin nion selekzioari, ezinezkoa egiten zitzaidalako lana uztartzea, goi-mailako kirol bizimoduarekin. Pena handia eman zidan, baina belar hockeya kirol minoritarioa da, eta ez du baliabiderik eskaintzen, horretaz bizi ahal izateko.