Konfinamendu egoeran ere, auzotarrak biltzeko saiakera egiten ari dira Portun, garai hauek elkarrekin pasatzeko. Eta horretarako, makina bat ekintza antolatu dituzte, egun hauetarako, nork bere balkoitik parte hartu dezan.
Gaur bertan, zita hirukoitza jarri dute balkoietan. Arratsaldeko 17:00etan hasita, mozorro txapelketa egingo dute aurrena. Baina parte hartzeko, irudimena lantzea eskatu dute. Izan ere, etxean aurkitzen duten materialarekin prestatu beharko dute mozorroa. «Ez du balio erositako mozorro bat hartzea», jakinarazi dute.
Mozorro txapelketa bukatuta, bingoan arituko dira, arratsaldeko 18:30etan hasita. Eta bingorako zita, gainera, igandera bitarte errepikatuko dute, arratsaldero.
Eta gaurko azkenekoa, pintxopotea edo afari merienda izango da, nork bere balkoian egingo duena, iluntzeko 20:00etatik 21:00etara.
Biharkoan, berriz, bingoaren aurretik pintxo txapelketa ere antolatu dute, 17:00etan hasita. Eta inoiz baino gehiago, aplikatuko dute begiekin jatearena: «ezin dugunez zaporearengatik baloratu, itxurarengatik baloratuko ditugu pintxoak».
Larunbateko plana, anuntzio txapelketa izango da: familia bakoitzak telebistako iragarki bat imitatu beharko du, nahi duena, eta bideoan grabatu.
Eta igandean, azkenik, argazki lehiaketa egingo dute. Egun hauetan atera beharko dute argazki bat, etxe barruan, edo leihotik zein balkoitik.
Aste Santuko oporraldian, marrazki lehiaketa ere egin dute, eta argazkikoa izan da irabazlea: Portu auzoa irudikatzen duen marrazki bat, metro eta erdi inguruko zabaleran.