Haurren konfinamendurako, eskaerak

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 14a, 14:25

Koronabirusa geldiarazteko ezarritako konfinamendu egoera zehaztean, haurren beharrak kontuan ez direla hartu salatu dute hainbat herritarrek, eta neurriak arintzeko eskatu.

Eguerdiko 12:00etarako egin dute deialdia, eta hainbat herritarrek egin dute bat. Salatu dute ez direla haurren beharrak kontuan hartu, koronabirusaren zabalpena geldiarazteko konfinamendu egoera ezartzean. Beste herrialde batzuetan haurrak kalera modu ordenatuan eta arautuan atera ahal izateko neurriak hartu direla aldarrikatu dute, eta hemen ere gauza bera egiteko eskatu. 

Txantxilla auzoan, bizilaguek kazerolada egin dute balkoietan, eta 'Akerra ken' kantuaren doinua hartuta, bertso sorta osatu. Iluntzean berriro ere kantuari ekingo diote. Hauxe da letra: 

Haurrak kalera lehenbailehen

Zakurra ikusi dugu
parkera joaten;
jabea ikusi dugu
zakurra eramaten.
Jabeak, zakurra; zakurrak parkean; ta gu hemen!
Zakurrak bai, ta umeak zer?! Zer?! Zer?! Zer?! Zer?!

Gizona ikusi dugu
ogi bila joaten;
ogia ikusi dugu
kale-buelta ematen.
Ogiak, gizona; gizonak kalean; ta gu hemen!
helduak bai, ta umeak zer?! Zer?! Zer?! Zer?! Zer?!

Andrea ikusi dugu
lanera joaten;
Urkulu ikusi dugu
joateko esaten
Urkuluk Andrea; andreak lanera; ta gu hemen!
Lanera bai, ta umeak zer?! Zer?! Zer?! Zer?! Zer?!

Kalera irten nahi dugu
umeok lehenbailehen.
Kalera irten nahi dugu
umeok lehenbailehen.

Kaleak, arnasa, arnasak bizitza, bizitzak poza, pozak osasuna...
lehenbailehen!
Haurrak kalera lehenbailehen, le-hen-bai-lehen!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!