UDALA

Oinarrizko jardueretan ari diren langileentzat maskarak egin dituzte

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 12a, 00:00

Herritar solidarioek langileentzat maskarak egin dituzte.

Emakume jostun talde batzuek eta Lanbide Heziketako ikasleek maskarak egin dituzte COVID-19 birusa geldiarazteko.

Herritar talde batzuk maskarak egiten ari dira beharrezkoak diren kolektiboentzat. Etxeberrin, esaterako, auzo elkartean elkartu ohi den emakume talde bat oso aktibo dabil. Jostunak izandakoak asko, etxean lortu ahal izan duten oihalak eta adinekoen etxean oso erabilita zeuden maindireak berreskuratu dituzte eta maskarak josten aritu dira. Guztira, 12 bat emakume izan dira eta bakoitzak 20 bat maskara josi ditu. Maskarila horiek udaltzainentzat, brigadako langileentzat, beste udal langile batzuentzat eta erosketak egiteko bolondres taldeko kideentzat izan dira.
Horietaz gain, herriko beste emakume batzuek ere haien ekarpena egin dute eta etxean egin dituzten maskarak eskaini dizkiote Udalari. 
Oihalezko maskarez gain, Hernani Lanbide Heziketa Zentroko ikasleek 3D inpresorarekin 120 babes-maskara ekoitzi dituzte, eta horietako batzuk herriko dendarien artean banatzen hasi da Udala. «Herrian elkartasun keinu asko sortzen ari dira eta herriak biziki eskertzen ditu horrelako jarrerak» dio Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!