Postu gutxi ikusi daitezke Urbieta kaleko osteguneroko azokan, baina batzuk etortzen dira, eta horri esker, martxan jarraitzen du azokak Hernanin, berrogeialdian ere. Elikagaien postuak bakarrik jartzen dira, ostegunero.
Dena den, aste honetan jaieguna izango da osteguna, Ostegun Santua, eta horregatik, asteazkenean jarriko dira postuak.
Hainbat herritan, bertan behera
Azoka jartzen dutenek diote herri batzuetan mantendu direla, eta jendea pixkanaka ari dela gerturatzen, irekita segitzen dutela jakitean, nahiz eta normalean baino jende gutxiago ibili.
Hala ere, hainbat herritan bertan behera geratu dira, eta Hernanira etortzen direnek leku gutxiago bisitatzen dituzte; dagoeneko ez dute posturik jartzen Errenterian, Tolosan, Eibarren, Azkoitian... bai, ordea, Arrasaten, Bergaran edo Gernikan.
Neurriak zorroztuta, azokan ere
Normaltasunez lan egiten saiatzen badira ere, Koronabirusarekin ez kutsatu eta pandemia ez zabaltzeko neurriak hartu dituzte, ezinbestean. Dena den, «beldurrik ez, errespetua» sentitzen dutela diote. Horrela, batzuek maskarilak erabiltzen dituzte eskularruez gain; beste batzuek eskularruak bakarrik. Hori bai, denek eskuak ondo garbitzen dituzte, dirua ere bai, eta distantziak mantentzen dituzte.
Bezeroen artean ere, antzeko neurriak hartzen dituzte gehienek. Neurriekin, baina azokara gerturatzen segitzera animatu dituzte.