Koronabirusak, «mundu osoa hankaz-gora jartzen ari den pandemia honek, aspaldian ikusi gabeko ondorioak ekar ditzakeela» ikusi du Gazte Asanbladak. «Osasun-krisi batetik haratago, langileriaren kontrako ofentsiba bat agerian geratzen ari da», haren ustez.
Horregatik, «ofentsiba honen benetako eragina eta izan ditzakeen ondorioak ezagutzeko langileriaren testigantzak jaso nahi» dituela adierazi du.
«Burgesia gertatzen ari denaren egia osoa ezkutatzen ari da»
Hernaniko Gazte Asanbladak Gazte Koordinadora Sozialistak martxan jarritako kanpainarekin egin du bat horrela: Burgesiaren ofentsiba gelditu. Helburua da «fenomeno honen eragin erreala ezagutzea». Izan ere, «burgesia gertatzen ari denaren egia osoa ezkutatzen ari» dela diote, «orokorrean, langileria izango baita krisi honen ondorioak pairatu beharko dituena».
Horregatik, «burgesiaren ofentsiba langileriaren baitan eragiten ari den ondorioak ezagutu» ahal izateko, Hernanin eta eskualdean gertatzen ari denaren berri jaso nahi dute testigantzen bitartez. «Gure buruak defendatu ahal izateko bitartekoak sortzera begira, ezinbestekoa zaigu gertatzen ari dena ezagutzea».
Testigantzak emateko prest dagoena 657 795 822 telefonoan edo kontrakantxagazte@gmail.com helbide elektronikoan jarri daiteke Gazte Asanbladarekin harremanetan.
«Ofentsibaren eragina», hainbat esparrutan
Honek guztiak hainbat esparrutan eragiten duela adierazi du Gazte Asanbladak, eta bakoitzeko testigantzak jaso nahi lituzkeela.
Horietako bat da «auzi laborala», adibidez. «Lanik gabe geratu diren milaka langile daude, ERTEak aplikatuta, edota kontraturik gabeko lanean ibili izanagatik... Bestalde, lanean jarraitzen duen jendea dago, baina egoerak behartuta eta aitzakia horrekin, lan-kargak zeharo haundituta eta baldintza okerragoetan, kutsatzeko arriskuak asko areagotuta».
Bestalde, «kontrol soziala ikaragarri haunditu» dela diote, eta «behartutako konfinamenduan askatasun politiko oro debekatu. Egunero ikusten ari gara polizia ezberdinen atxiloketa, jipoi eta isun arbitrarioak kalean dabilen jendearengan. Gehiegikeria horiek jasotzea da helburua».
Era berean, osasunaren arloan, diote «nabarmen» geratu dela «osasungintzak ez dituela beharrezko baliabideak izan egoerari aurre egiteko» eta zahar-etxeetan ere, «egoera gordinak» bidi direla.
Azkenik, «konfinamenduak sortu duen salbuespen egoerak» eragiten dituen beste kasu batzuk ere izan nahi dituzte kontuan: «etorkinenak, etxerik ez dutenenak, etxean bertan arazoak izan ditzaketen familienak, erasotzaileekin bizi daitezkeen emakumeenak...».
'Hilerokoa' eta proposamenak, sare sozialetan
Bestalde, Kontrakantxa Gaztetxearen facebook, twitter eta instagram kontuetan, egun hauetarako hainbat irakurgai, dokumental edota irratsaioren berri ematen ari dira. Egunero proposamen berriak egiten dira.
Era berean, Gaztetxeko jardueren berri jasotzen duen Hilerokoa argitalpenaren ale guztiak eskuragarri jarri dituzte.