Lizeaga

'Maritxu Balkoi' eguna, bihar Lizeagako Madalena plazatxoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 4a, 00:00

Aurreko astean irrintzi lehiaketa egin zuten.

Dotore jantzita aterako dira eguerdiko, 12:00etan, balkoira eta selfia aterako du bakoitzak. Ondoren bingora jolastuko dute.

Lizeaga auzoko bizilagunek entretenimendurako bideak bilatu dituzte konfinamenduan. Aurreko igandean irrintzi txapelketa antolatu zuten eta bihar Maritxu Balkoi festa antolatu dute. Arrasateko Maritxu Kajoiri jarraituz Madalena 8 plazatxoko bizilagunak dotore jantzita irtengo dira balkoietara, eguerdiko 12:00etatik.
Dotore jantzita egongo direnez, bakoitzak bere selfia aterako du. Argazki hauek photo-collage bat egiteko bilduko dira. Bilduma hau eginda dagoenean parte hartu duen jendeari bidaliko zaio berriz. Selfiak edo argazkiak atera ondoren helbide honetara bidaliko dira: maritxubalkoi@gmail.com.
Behin argazkiak dotore jantzita atera eta gero bingoan jolastuko dute bizilagunek. Aurretik kartoiak eskatu behar ditu jendeak maritxubalkoi@gmail.com webgunean helbidean. Parte hartu nahi duen guztiari kartoi bat emango zaio (etxe bakoitzeko bi kartoi). Mariak, etxean bingo jokua duenez, bere balkoitik kantatuko ditu zenbakiak. Bingo kantatzen duenak txalo zaparrada ederra jasoko du. Bingoko kartoiak jasotzeko  izena eta bizilekua eman behar dira aipatutako posta elektronikoan.
Eguerdia pasatzeko modu atsegina izango da eta tartean musika ere egongo da Maritxu Balkoi eguna ospatzeko asmotan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!