FUTBOLA

«Beldur pixka bat ematen dit Iranera bueltak; kasu asko daude han, eta hegazkinak beteta doaz»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 4a, 00:00

Irango lehenengo mailan, Foolhad Khuzestan taldean da atezainen entrenatzaile, Asier Rey Santín hernaniarra.

Atezainen entrenatzailea da Asier Rey Santín hernaniarra, Foolhad Khuzestan taldean, Iranen. Hernanin izan da egun hauetan, baina hara bueltatu behar du. Koronabirusaren hedapenak eta hango osasungintzak kezkatzen dute.

Atezainen entrenatzaile izateko ilusioari segika, Iranerako bidea hartu zuen Asier Rey Santín hernaniarrak, aurreko udaran. Ahvaz hiriko Foolhad Khuzestan taldean ari da, Irango lehenengo mailan; eta esperientzia «oso polita» ari zen izaten, Koronabirusak agerraldia egin duen arte. Azkeneko asteotan Hernanin izan da, ligan etenaldia egin dutelako, urte berri pertsiarra ospatzeko. Koronabirusak jarri du dena kolokan, baita ligaren etenaldia luzatu ere, baina bueltatu beharra dauka hernaniarrak, entrenamenduekin jarraitzeko. Bueltako bidaia «odisea bat» izango dela dio, eta kutsatzeko beldur da, han kasu asko daudelako, eta jendeak hegazkina egunerokoan hartzen duelako.

Zer moduz egun hauetan Hernanin?
Ondo. Familiarekin egoteko aprobetxatu ditut egun hauek. Pena ezin etxetik ateratzea, baina gurasoekin eta amonarekin egon naiz etxean, eta beraiekin denbora pasatzeko aprobetxatu dut behintzat. Astebeterako etorri nintzen berez, baina egoera honetan, pixka bat luzatu da azkenean. Orain dela bi aste iritsi nintzen, eta Iranen behar nuen joan den igandetik. Atzeratu egin da, oraingoz beste astebete, baina bueltatu egin beharko dut. Zain nago taldeak esan arte, entrenamenduen hasiera ere atzeratu egin dutelako, gauzak ez daudelako ondo han.

Baina Koronabirusagatik baino, ligan geldialdia aurreikusita zegoelako etorri zara, ezta?
Hori da. Nouruz deitzen dutena edo urte berri pertsiarra ospatzen da egun hauetan, eta ligan geldialdia zegoenez, astebete neukan etortzeko eta familiarekin egoteko. Egoera honetan, dena aldatu da, baina bueltatu beharra daukagu derrigor. Odisea txiki bat izango da hori. Hegazkin gutxi daude, eta asko hartu behar dituzu hara iristeko, makina bat eskala eginez. Beldur pixka bat ematen du... Europan, beharbada, ez dira oso beteta egongo hegazkinak; baina Iranen, distantziak hain haundiak direnez, jendeak egunerokoan hartzen du hegazkina, eta topera beteta joaten dira.

Eta egun hauetan ere normaltasunez dabil jendea?
Ni etorri nintzenean, jendea kalean zebilen. Bazeuden batzuk, bere kabuz, etxean gelditzen zirenak, baina ez dago araututa. Eta jende asko dabil kalean. Etxera dirua eraman beharra daukate, eta han, kalean egiten da bizitza, kalean saltzen dira produktuak... Konfinamendurik ez dago. Gomendatu dute etxean geratzea, baina ez derrigortu.

Koronabirus kasu asko daude Iranen?
Bai. Ez dakit zifra zehatza, baina uste dut estaltzen ari direla, pixka bat. Ez dute esan nahi zenbat diren benetan, baina ingurukoen bitartez, badakigu asko direla.

Kutsatzeko beldur zara?
Bai, han ospitaleak eta osasungintza oso ezberdinak direlako, hemengoen aldean. Guk, klubeko kontratuarekin, mediku asegurua daukagu, baina hobe da han ez harrapatzea gaixotasuna. Edozein kasutan, gure lanaren parte da, eta horretara joan beharko dugu. Alde ona da, hiritik aparte gaudela, eta etxeak, zelaia... dauzkala klubak. Ordu erdira dago Ahvaz hiria.

Hiri jendetsua da?
Milioi bat biztanle inguru izango ditu. Baina gutxi joaten gara bertara. Deskonektatzeko, kanpoan afaltzeko, erosketak egiteko...

Eta klimaren aldetik, alde haundia dago?
Bai, bero haundia egiten du han, 40-50 gradutan ere egoten gara. Une honetan ez, 20-25 gradutan gaude, eta hori da urteko garai hotzena. Baina hemendik hilabete batera sekulako beroa egingo du, eta etxean geratu beharra dago.

«Konfinamendurik ez dago Iranen, eta jende asko dabil kalean. Etxera dirua eraman beharra daukate, eta kalean saltzen dira produktuak han. Gomendatu dute etxean geratzea, baina ez derrigortu»

Urtebete exkax daramakizu Iranen.
Udaran iritsi nintzen, Eibarko nesken taldean bi urtez egon ondoren, oso gustora. Lagun batek, Josu Sesmak, deitu zidan proposatzeko hara joatea. Astebete pasa nuen pentsatzen, horrelako toki batera joateak beti sortzen dizkizulako zalantzak. Beti dauzkagu buruan gerra eta horrelakoak, baina behin etorrita, konturatzen zara hirian bizimodua arrunta dela. Bai konturatzen zarela, batzuk oso aberatsak direla, eta aldi berean pobrezia dagoela. Baina arazorik ez dut izan, eta kaleak seguruak dira. Sesmak bi urte zeramazkien, eta kontatu zidan nola zen dena. Beraz, onartzea erabaki nuen.

Zer moduzkoa ari da izaten esperientzia?
Oso esperientzia polita. Beste kultura bat da, oso ezberdina, bai jendearen aldetik, eta baita futbolari dagokionez ere. Eta klubean ere primeran, instalazio politak dira, haundiak. Denetik izan dut, onetik eta txarretik, baina aberasgarria izan da.

Eibarren bezala, beste talde askotan aritu zara hemen.
Eibarren aurreneko esperientzia nuen nesken talde batean, eta sekulakoa izan zen, oso polita. Familia giroa dago klubean. Aurretik, Guijuelon egon nintzen, Salamancan, Bigarren B Mailan, beste bi urtez. Eta lehenago, hemengo taldeetan: Antiguoko, Ostadar, Ekintza, Kostkas, Vasconia... Pixkanaka, esperientzia pilatzen urtero, hori baita garrantzitsuena.

Nolatan atezainen entrenatzaile?
Txikitatik izan naiz atezain. Eta 16 urterekin, entrenatzaile bezala ere hasi nintzen, eta ikusi nuen gabeziak zeudela atezainen arloan, entrenamenduetan. Esaten zitzaien beraiek berotzeko eta gero taldearekin bat egiteko, eta horrelakoak. Pixkanaka, atezain bezala, oso atezainen entrenatzaile onak izan nituen; tartean, Luis Llopis, Arteaga... Eta beraiek ikusita, konturatu nintzen beharrezkoak ziren atezainen entrenatzaileak. Beraz, horretarako ikasten hasi nintzen, tituluak atera nituen, urtero gauza berriak ikasten. Esperientzia guztietatik ere, ikasi egiten duzu, etengabeko prozesua da. Formakuntza oso garrantzitsua da, gero hori guztia zure atezainei erakusteko.

«Luis Llopis oso erreferentzia ona da niretzat. Txikia nintzenetik ezagutzen dugu elkar, askotan hitz egiten dut berarekin; eta nik bide hau hasi nuenetik, beti egon da niri laguntzeko prest»

Bidea ez zen erraza izango...
Ez da erraza izan, ez. Galiziara joatea erabaki nuen, esku hutsik. Talde batean entrenatzaile bezala hasi nintzen, eta gero atezainen ardura hartu nuen. Hurrengo urtean, berriz, koordinatzaile bezala aritu nintzen, atezainekin, bi taldetan. Eta handik, Guijuelora deitu ninduten. Eta bidea egiten hasi nintzen. Txinako akademia batean aritzea ere eskaini zidaten, baina azkeneko astean okertu zen dena. Eibarren beka jaso nuen orduan. Bi urte oso polit izan dira han. Eta horrela iritsi naiz Irango lehenengo mailara, esperientzia bizitzeko gogoz. Gustatuko litzaidake etxera bueltatzea eta bertan izatea aukera, atezain entrenatzaile izaten jarraitzeko. Baina badakigu nola dauden gauzak, eta ez da erraza. Urtez urte, han edo hemen, jarraitu nahi dut honetan, etxean edo etxetik kanpo. Hau da nire pasioa.

Baloratuta daude atezainen entrenatzaileak?
Pixkanaka, gero eta gehiago baloratzen dira. Beharbada, Bigarren B Mailatik behera, ez zaie hainbesteko garrantzia ematen. Azken batean, aurrekontu bat daukate, entrenatzailea dago, prestatzaile fisikoa... Eta beste plano batean geratzen dira atezainen entrenatzaileak. Baina maila profesionaletan, oso ondo ikusita daude. Entrenatzaileek, beraien konfiantzazko atezainen entrenatzaileak eramaten dituzte taldeetara.

Luis Llopis, Jose Manuel Otxotorena... eta orain zu.
Bitxia da, Hernani bezalako herri batean, profesionaletan hainbeste atezainen entrenatzaile izatea, ezta? Beraien ibilbidea ikusita, nik nire bidaia hasi ere ez dut egin oraindik! Luis oso erreferentzia polita da niretzat. Txikia nintzenetik ezagutzen dugu elkar, askotan hitz egiten dut berarekin, eta nik bide hau hasi nuenetik, beti egon da prest niri laguntzeko. Edozein zalantza daukadanean, beregana jotzen dut. Beraz, nire erreferentea da Luis, are gehiago hernaniarra izanda.

Atezain bezala, Hernanin ere aritutakoa zara, ezta?
Bai, hiru etapa egin nituen bertan. Infantiletan egon nintzen aurrena, eta ondoren jubeniletan. Eta tartean, Antiguokon, Lengokoaken, Ostadarren... Eta ondoren, belaunean ebakuntza egin beha izan zidaten, 20-21 urterekin. Hernanira bueltatu nintzen, baina ez nuen askorik jokatu, ebakuntzaren ondoren ez nengoelako ondo. Hori izan zen nire hirugarren etapa Hernanin, erregional preferenteen taldean.

«Txikitatik izan naiz atezain. Eta 16 urterekin, entrenatzaile bezala hasi nintzenean, konturatu nintzen gabeziak zeudela atezainen arloan, entrenamenduetan»

Lesioa izan aurretik, maila oneko atezaina izan zinen.
Bueno, maila normalekoa. Ez nintzen sekulako atezaina izan. Egia da Antiguokon aritzeko, eta Lengokoaken Liga Nazionalean, behar dela maila pixka bat. Baina gero, nire mailak okerrera egin zuenean, eta aldi berean entrenatzaile bezala ari nintzenez, erabaki behar nuen jokatu edo entrenatu; eta bigarrena aukeratu nuen. Ordu asko kentzen dizkizu entrenatzaile lanak. Eta horretan ari naiz, nire bidea egiten.

Eta bide horretan, zein da hurrengo geltokia?
Ba ez dakit. Oraingoz, hemengo denboraldia bukatuko dugu hemen. Baina futbolean, ezin da jakin. Egun batean talde batean zaude, eta hurrengoan etxean lanik gabe. Etxera bueltatzea gustatuko litzaidake, baina aukera sortu behar da horretarako.

Badaukazu metarik?
Nire taldea, txikitatik, Reala izan da. Meta bezala hori ikusi daiteke. Baina lan honetan, ez dakigu non egongo garen, hurrengo denboraldian. Akaso Hernanin, edo auskalo non. Balio duena da egotea. Nire ilusioa da, atezainen entrenatzaile bezala jarraitzea. Oso zaila da, baina horretarako, egunero lanean jarraitu besterik ez dago. Ikasi, kurtsoak egin, eta pausoak emanez joan.

Zer esan dizu familiak, orain hara bueltatzeari buruz?
Beraiek ere badute beldur pixka bat. Baina esan diet, nire lana dela, eta hara joan beste aukerarik ez dudala izango. Gutxi geratzen zait, maiatzean bukatzen baitzait kontratua. Eta datorren denboraldira begira, ikusiko dugu.

Han jarraitzeko asmorik ez daukazu?
Ez ditut ateak itxiko. Baina aukera berriak suertatuz gero, baloratuko ditugu eta ikusi zer den onena. Momentuz, Iranen talde polita daukagu, eta gustora nago. Ikusiko dugu non gauden, datorren denboraldian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!