ZAHARREN EGOITZA

«Egoera berrira egokitu eta neurri zorrotzak hartu ditugu, egoiliarren ongizateari begira»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 4a, 00:00

Koronabirusak eragindako egoera honen aurrean, zerbitzu gehienak itxi dituzte. Hernaniko zaharren egoitzan, bertako zonak sektorizatu dituzte.

Covid-19ak eragindako alarma egoera honetan, hainbat neurri hartu dira Hernaniko zaharren egoitzan, eta bertako prebentzio neurrien berri eman nahi izan diote, Kronikari.

Nola eragin dizue Covid-19aren egoerak?
Adinekoei zuzendutako zerbitzu batzuk itxi behar izan dira: Jangela soziala, eguneko zentroa, eguneko arreta… Beste zentroetan (egoitza, apartamentuak…) neurri prebentiboak hartu behar izan dira. Itxi diren zerbitzuetako erabiltzaileekin harreman zuzenean gaude eta sortu zaizkien behar berriei erantzuten ari gara, otordua etxera eramanez edo etxez etxeko laguntza zerbitzua handituz.

Udalak honen aurrean, prebentzio neurri gisa egoitzak ixtea agindu du. Zer iritzi duzue? Horrelako neurriak hartzea eskatzen zuen egoerak?
Udala gara gu, eta Udalak erabaki duela esaten denean, guk erabaki dugula esaten da. Teknikariok eta politikariek elkarrekin hartutako erabakia izan da. Beharrezkoa da ahalik eta zerbitzu gehienak itxita egotea. Neurri egokiena da etxetik atera gabe egotea.

«Sektorizatu egin ditugu zonak: kutsatutakoak, sintomak dituztenak, kontaktua izan dutenak, sintomarik ez dutenak eta kontakturik ez dutenak»

Zer moduz daramakizue berrogeialdia? Zaharren egoitzako egunerokotasuna kontatzerik bai?
Egoera berrira egokitu behar izan dugu, eta oso azkar gainera. Lan gogorra ari da izaten, baina denak prebentzioari begira eta egoiliarren ongizateari begira beharrezkoak direnak.

Gaur egun, egoitza sektorizatuta dago. Zorionez, momentuz ez dugu kasu positiborik.

Sektorizatu ditugu zonak: kutsatutakoak, sintomak dituztenak, kontaktua izan dutenak, eta sintomarik ez dutenak eta kontakturik izan ez dutenak. Langileek ere neurri bereziak dituzte. Egoiliarrak ere beren neurriak dituzte, baina monitoreek denbora librean lan egiten dute, egoera normalizatuz eta lasaitasun bat transmitituz. Bisitarik ezin dituzte jaso baina bideo deiak egiten dituzte.

Zeintzuk izan dira, egoitzako langileok hartu behar dituzuen neurri horiek? Gogorra egiten da neurri hauek hartzea?
Tenperatura kontrolatu behar da txanda aldaketetan. Maskarilla erabili behar dute arnas klinika duten egoiliar guztiekin.

Lan tresnen eta tresna pertsonalen higienea zorroztuko da, 70 graduko alkoholarekin garbituz. Eskuen higienerako neurri zorrotzak bete behar dira. Bai egoiliarren eta besteen artean, bai eremu komunen gainazalak ukitu aurretik eta ondoren, eremu horien artean daude kontsultategiak, bilera gelak, sendaketa gelak, erabilitako ekipo informatiboak… Segurtasun neurriei buruzko prestakuntza eta prebentziozko alderdiekin lotutako teknika zehatzak (eskuen higienea…), Osakidetzako esteketan daude. Sukarra duten profesionalak ez dira beren lanpostura joango, eta telefonoz erreferentziazko medikuarekin jarriko dira harremanetan. Sektorizazioaren arabera langileak banatuta daude, eta aldagelak ere bai. Plantilla errefortzatu da: erizain bat, 18 klinika laguntzaile eta 4 garbitzaile gehiago lanean ari dira egoitzan.

«Udala gara gu, eta Udalak erabaki duela esaten denean, guk erabaki dugula esan nahi du. Beharrezkoa da ahalik eta zerbitzu gehien itxita egotea, eta neurri egokiena da etxetik atera gabe egotea»

Adinekoak nola bizi dute hau guztia? Haiek ere neurriak hartu beharko dituzte ezta? Zeintzuk?
«Egoera berrira egokitu eta neurri zorrotzak hartu ditugu, egoiliarren ongizateari begira» Covid-19ak eragindako alarma egoera honetan, hainbat neurri hartu dira Hernaniko zaharren egoitzan, eta bertako prebentzio neurrien berri eman nahi izan diote, Kronikari. Logela aldaketak nozitu dituzte bakoitzaren osasun egoera kontutan hartuta. Familiaren bisitak ezin dituzte jaso. Bideodeiekin edo telefonoz hitz egiten dute. Kanpotik datozten jarduera guztiak bertan behera gelditu dira. Ahal den neurrian, zentroan moduluka egingo da lan, eta erabiltzaileak ez dira beste modulutara pasako.

Espazio komunetan segurtasun distantzia gordeko da, eta gune horiek behar bezala aireztatuko dira. Arnasketa sintomak zorrotzak dituztenean zentroan indarrean dagoen protokoloa aplikatuko da, baita dagokion arreta zuhurtasuneko arauak ere, gune komunak saihestuz eta erabiltzaileen egonaldia beren logelara mugatuz. Gune komunak erabiliz gero, maskarilla jarriko dute eta segurtasun tartea gordeko dute. Bizi dute, denok bezala, aldi baterako dela eta ezarritako neurriak onartu behar dituztela. Goizero biltzen da profesional desberdinek osatutako krisi mahaia, eta egunero neurriak adosten dira bertan.

«Familiak urduri daude eta normala da. Gure lana da beraiek informatzea eta lasaitzea. Gainera, teknologia berriekin, hasi gara bideodeiak egiten, familiarrak ikusteko aukera izan dezaten»

Egoera larririk pasa duzue? Heldu askok ulertuko dute egoera, beste batzuek agian ez…
Kontatu pixka bat, nola hartu duten Koronabirusaren kontua. Egoera konplikatua da. Normaltasun egoera ez den honetan, saiatzen gara normaltasuna mantentzen, egoilarrei begira. Helburua beraiek lasai eta gustura egotea da. Egoera azaldu zaie, eta ulertu dute. Egoera larririk ez dugu momentuz; kasu batean azterketa egin da, eta negatibo eman du.

Bisitak ez dira onartzen. Zer moduz daramakite hau bertako helduek? Eta zuek, bertako langileak zaretenok?
Zaila da bisitarik ez jaso, eta familiarrik ezin ikustea, bai egoiliarrentzat baita familiarrentzat ere. Horregatik, egunero egoilar bakoitzaren familiarekin harremanetan jartzen ari gara egoeraren berri emateko. Familiak urduri daude eta normala da; gure lana da beraiek informatu eta lasaitzea. Orokorrean ulertzen dute egoera. Teknologia berriak aprobetxatuz ere hasi gara bideodeiak egiten, familiarrak ikusteko aukera izan dezaten.

Helduek tristura uneak izango dituzte… Nola animatzen dituzue?
Gorabeherak izaten dituzte. Gu beraiekin pertsonalki egonez, lasaituz, argi esanez zein egoeretan gauden, eta psikologoaren laguntza behar izanez gero bertan dago laguntzeko ere. Horrela lasaiago egotea lortzen dugu.

«Zaila da bisitarik ez jaso, eta familiarrik ez ikustea, bai egoiliarrentzat baita familiarentzat ere. Horregatik jartzen gara harremanetan egunero, egoiliarren familiarekin»

Langileok nola laguntzen diozue elkarri? Babesa izango duzue zuen artean, ezta? Nolakoa da?
Langileek lankidetasun haundia dute. Egoera hau hasi zenetik eta eguneko zentroa itxi zenetik, bertako langileak egoitzan lanean jartzeko erabakia hartu zuen Udalak, eta horrek gogorra izaten ari den lan hau arintzen laguntzen du.

Zer pentsatzen duzue datorrela hemendik aurrera? Koronabirusak gure bizitzetan eragin gehiagorik izango duela uste duzue?
Koronabirus birusa hor dago eta ahal dugun guztia egin behar dugu guregana ez iristeko, eta horretan ari gara. Argi dago orain eragina izaten ari dela. Hau guztia bukatzen denean, ikusi beharko da zer eragin izan duen. Ahalik eta azkarren pasatzea espero dugu, eta bizitza arruntera bueltatu ahal izatea.

«Koronabirusa hor dago, eta ahal dugun guztia egin behar dugu guregana ez iristeko, eta horretan gabiltza buru belarri. Hau guztia amaitzean, ikusi beharko da zer eragin izan duen»

Zaharren egoitzetan dauden helduei baimena emango zaie haien familien etxeetara joateko, Gipuzkoan behintzat. Hernanin ere hala egingo da?
Foru Aldundia ari da gai hau lantzen, momentuz zirriborroan dago. Prozedura izango da etxera joan daitezkela egoiliarrak krisialdi hau pasatu arte. Egoitzan plaza gordeko zaie eta ez dute ordaindu behar. Hala ere, medikuak baloratuko du egoiliarra etxean zaintzeko moduan dagoen. Etxera joan dena ezin da itzuli krisi hau pasatu arte, konpromezu hori hartu behar du. Etxean mendekotasun prestazio ekonomikoa emango zaie familia zaintzailea izateagatik, baita behar dituzten laguntza teknikoak ere: ohe artikulatua, grua, koltxoia eskara ez sortzekoa...

Azken egunetan, hainbat kasu berri egon dira zaharren egoitzetan. Neurri gehiago hartu dira horregatik?
Neurri prebentiboak Foru Aldundiak ezarri dizkie egoitza guztiei. Adostu dugu suhiltzaileekin astearteetan 15:30etan egingo dutela espazio komunen desinfekzioa (terraza, pasilloa, egongela, jangela). Ordu pare bat izango da, eta siestako ordua denez, logelan egongo dira egoiliarrak. Orokorrean ondo gaude, behar diren neurriak hartuz. Egoiliarrek ulertzen dute, eta kolaboratu ere bai. Aktibitateak mantenduz normaltasuna lortzen saiatzen gara. Egunero elkartzen gara laneko ekipoa eta egiten dugu balorazioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!