Koronabirusaren bueltan, kasu positibo zein negatiboekin, eta horrelako datuekin batera, osasungintzako produktuen falta da gehien aipatzen den gaietako bat, egun hauetan. Behin erabiltzeko produktuak dira, eskari haundiena dutenak, osasun larrialdi honetan. Eta horretara bideratzen du bere jarduera, Hernaniko Oiarso Bexen Medical enpresak. Ibarluze poligonoko egoitzan, ospitaleetan behin erabiltzeko produktuak egiten dituzte. Enpresaren produktuen artean, baina, ez daude maskarillak. Ez luzaroan. Egungo egoerari aurre egiten laguntzeko, maskarillak fabrikatzen hastea aztertu zuten, eta laster jarriko dute produkzioa martxan. Markinan egingo ditu horiek, Mondragon taldeko beste enpresa baten egoitzan, Hernanikoa beste produktuak egiteko behar dutelako.
Kopuru haundietan egingo dute, gainera: «hilean 10 milioi maskarilla egitea espero dugu. Beraz, dena ondo joanez gero, izango ginateke Estatuan maskarilla gehien egiten dituen enpresa», Carlos Arsuaga Cortazar gerenteak azaldu duenez.
Medikamentuen Espainiako Agentziak deia, laguntza eske
Martxoaren 13an hasi zen dena, Oiarso Bexen Medical enpresak deia jaso zuenean, Medikamentuen Espainiako Agentziatik, laguntza eske: «gurekin harremanetan jarri ziren, galdetzeko ea posible ote genuen maskarillak, batak eta horrelakoak egitea. Esan genien ez dela guk egiten dugun produktu mota, baina lagundu genezakeela. Ospitaleetarako produktuak egiten daukagun 42 urteko esperientzia jarriko genuen beraien eskura, maskarillak ere erabilera bakarrerako produktuak direlako; eta guk dauzkagun anbiente kontrolatuko gelak ere baliatuko genituen horretarako», azaldu du Arsuagak.
Baina beste zerbait ere falta zuen Oiarso Bexen Medicalek, produkzioari ekiteko: maskarillak egiteko makina. «Mondragon korporazioko beste enpresa batek, Mondragon Assemblyk, fabrikatzen ditu makinak maskarillak egiteko, Txinan», dio Arsuagak.
Gauzak horrela, Mondragon Assemblyrekin jarri ziren harremanetan, proposamena aurrera eramaten hasteko. «Osasun Ministeriotik adierazi ziguten, oso haundia dela Txinatik ekarri beharreko produktuen kostua, eta estrategikoki, behar dutela produktuak bertan egin ahal izatea. Hori horrela, erabaki genuen Mondragon Assemblyk lau makina egitea: bat Espainiako Defentsa Ministerioarentzat, eta beste hiru guretzat, Oiarso Bexen Medicalentzat».
Proposamen hori landu, eta martxoaren 21ean bidali zieten eskaintza bi enpresek, Espainiako Gobernuari. Onartu egin zuten eskaintza, eta dagoeneko makinak egiteko lanean ari dira, Txinan.
«Behin hiru makinak instalatuta eta prest daudenean, bere errendimendu osoan lanean edukitzea da asmoa. Horretarako, hiru errelebotara ariko gara lanean, eta 20 lanpostu berri baino gehiago sortuko dira»
«Egingo ditugun maskarillak dira kirurgikoak, hiru kapakoak, babes haundiena eskaintzen dutenak»
Hernaniko enpresak azaldu du, osasungintzan erabiltzeko maskarillak izango direla, egingo dituztenak; eta babes haundiena eskainiko dutela: «maskarilla kirurgikoak egingo ditugu, hiru kapakoak, babes haundiena eskaintzen dutenak».
Horiek egiteko lehengaiekin daukate arazoa, orain: «lehengaietako bat oso zaila da aurkitzen, une honetan. Errusian badaude hornitzaileak, baina hango autoritateek ez dute aukera ematen esportatzeko, beraiek ere beharko dutela aurreikusita. Turkian eta Txinan ere badaude, baina egungo egoerarekin, eskaeraz gainezka daude», dio Carlos Arsuagak.
Edozein kasutan, espero dute lehengaiak ahalik eta azkarren lortzea, eta makinak ekarri eta prestatu bezain laster, martxan jartzea produkzioa: «espero dugu apirilaren bukaerarako hasi ahal izatea maskarillak egiten, kopuru haundietan. Eta dena ondo badoa, hilean 10 milioi egitea aurreikusi dugu, estatuan beste inork baino gehiago». Maskarilla horiek, Espainiako Gobernuarentzat izango dira.
20 lanpostu berri baino gehiago, horretarako
Proiektu honekin, gainera, maskarillak egiteaz aparte, lanpostu berriak ere sortuko ditu Oiarso Bexen Medicalek. Izan ere, bere asmoa da hiru makinak lanean edukitzea «bere errendimendu guztiarekin». Eta horretarako, hiru errelebotara arituko lirateke bertan: «inbertsioa haundia izango da, eta lanpostu berrien sorrera ere bai. Izan ere, makinak instalatu ondoren eta hiru errelebotara aritzeko, 20 lanpostu berri baino gehiago sortuko ditugu bertan».
Osasungintzaren sektorean, fabrikazioa eta aholkularitza
Osasungintzaren sektorean espezializatutako enpresa da Bexen Medical, 40 urtetik gorako esperientzia daukana. Behin erabiltzeko material sanitarioaren fabrikazioa da bere jarduera nagusia: EVA poltsak, poltsa fotoprotektiboak, zundak, xiringak, elikadura integralerako poltsak zein hodiak, ginekologiako tresneria, infusio eta transfusioetarako tresnak...
Eta horrez gain, sektorearekin lotutako aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen du, kalitatearen inguruan.
«Maskarillak egiteko hiru lehengaietako bat lortzeko dauzkagu zailtasunak: Errusian badaude hornitzaileak, baina autoritateek ez dute aukera ematen esportatzeko, beraiek ere beharko dutela aurreikusita»
Lagin biologikoak kudeatzeko, aurreneko gordailua Estatuan
Baina hirugarren arlo bat ere lantzen du Bexen Medicalek, eta horregatik notizia izan zen joan den irailean ere: lagin biologikoak kudeatzeko gordailua jarri zuen martxan bere egoitzan, Estatuan aurrenekoa dena.
Jarduera aitzindari horrekin, lagin biologikoak baldintza onenetan mantentzeko dagoen «behar gero eta haundiagoari» erantzun nahi izan zion enpresak: «instituzio eta industria haundiek sortzen dituzte lagin horiek, esaterako odol bankuek, biobankuek, botikaren industriak, edota nekazaritzako elikagaien industriak».
Horiei zerbitzua emateko, 8 milioi lagin baino gehiago gordetzeko tokia dauka, eta 88 ultraizozgailu, zero azpitik 80 gradutara mantentzen dutenak; kriogeniazko bi tanke, zero azpitik 196 gradukoak; eta kamara bat, zero azpitik 35 gradutara.
Instalazio berriekin, Bexen Medicalek nahi du «integratu lagin biologikoen manipulazioa eta prozesaketa gure enpresa, Estatu Batuetako eta Europako antzeko enpresetan egiten den bezala», Carlos Arsuagak berak nabarmendu zuenez.