«Egoera ekonomiko larrian dauden herritarrei oinarrizko elikagaiak bermatzea» da Elikagai Bankuaren helburu nagusia, familia askok hilabete bukaerara iristeko dituzten zailtasunak leuntzeko asmoz. Normalean, banaketa hileko lehenengo astelehenetan egiten du, baina, konfinamenduaren ondorioz, «familia asko kalte ekonomiko haundiak jasaten ari da», eta horri aurre egiteko, banaketa aurreratu du.
Horrela, astelehenean, martxoaren 27an egin zen aurreneko banaketa. Udalak adierazi duenez, «elikagaiak helarazi zitzaizkien larrialdi egoeran zeuden 4 familiari». Horrez gain, hurrengo egunean etxez etxeko banaketarekin hasi ziren.
Banaketa, ia 400 familiari
Etxez etxeko elikagai banaketan udal langileak ari dira laguntzen. Asteartean hasi zuten 393 etxeetara iristeko helburua duen lana, eta astea bukatzerako bukatzea espero dute.
Normalean, erabiltzaileak izaten dira elikagaien bila joaten direnak, baina, konfinamenduan egonda, udal langileak ari dira etxez etxeko banaketan. «Egunean 80 bat etxetara» joaten dira.
Goizeko 08:00etan hasten dira banaketarekin. Erabiltzaileei etxe atarian uzten zaie kutxa, aldez aurretik telefonoz jakinarazita. Udalak ziurtatu du udal langileak «egoera honi dagozkion prebentzio neurriak hartuta» ari direla lanean.
Elikagai Bankuaren bidez janari kutxa jaso nahi duenak telefonoz deitu dezake, baina Hernanin erroldatua egon beharko du.
Premia duenak eskaera, telefonoz
Elikagai Bankuaren bidez herritarrek jasotzen dituzten elikagaiak izaten dira lekariak, pasa, arroza, kakaoa, olioa, esnea, atuna, sardinak eta gailetak. «Kutxa hauen bidez ez da dieta osasungarri osoa lortzen», azaldu du Elikagai Bankuak, «baina oinarrizko jakiak bematzen zaizkie».
Elikagai Bankuaren beharra duten herritarrek eskaera egin dezakete, telefono zenbaki honetara deituta: 617 29 62 14. Joxanen galdera egin behar dute.
Gogorarazi dute elikagaiak jaso ahal izateko Hernanin erroldatuta egotea nahitaezko baldintza dela.