UDALA

Etengabeko berrantolaketan ari da Udala, oinarrizko zerbitzuak indartu ahal izateko

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 1a, 00:00

Udaltzaingoarena da berrantolaketari esker indartu den zerbitzuetako bat.

Kontratazio berriak ere egin ditu, eta adinekoen egoitzara «ohi baino 22 langile gehiago» bideratu ditu, besteak beste. Udaltzaingoa, Zerbitzu Publikoak, Elikagai Bankua eta HHZ ere berrantolatu dira.

HERNANI  UDALA

COVID-19 dela-eta ezarri diren konfinamendu egoerak eta gainerako neurriek udal zerbitzuak berrantolatu beharra eragin du. Horrela, Udalak jakinarazi du aurreneko urratsa izan zela «etxetik lan egiteko moduan zeuden langileak identifikatzea, eta lana egin ahal izateko baliabide teknikoak eskaintzea».

Beste kasu batzuetan, langile batzuk «errefortzua behar izan duten zerbitzuetara bideratu» dira.

 

Adinekoen egoitzan,
Udaltzaingoan eta Zerbitzu Publikoetan, aldaketak

Aldaketa nabarmenena adinekoen egoitzan egin duela azpimarratu du. «Baliabide pertsonalak eta ekonomikoak haunditu dira zerbitzu horretan. Eguneko zentroa itxi zenean, bertako langileak adinekoen egoitzako langilegoa eta etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzera bideratu dira».

Horrez gain, kontratazio berriak egin izana ere nabarmendu du Udalak. «Guztira, adinekoen egoitzarako ohi baino 22 langile gehiago ari dira egun lanean: erizainak, klinika laguntzaileak, garbitzaileak eta mantenuko lanak indartu dira».

Aldaketa izan duen beste oinarrizko zerbitzu bat Udaltzaingoarena da. «Ohiko lanez gain, herritarrek gobernuek agindutako segurtasun neurriak betetzen dituztela ere kontrolatzen ari dira». Horrela, berrantolatzeak «udaltzainen kaleko presentzia haunditzea ahalbidetu» du.

Bestalde, Zerbitzu Publikoetako langileak ere «eginbehar berriak» egiten ari dira. «Kaleko garbiketa berezia, birusa ez zabaltzeko helburuz egiten hasi den gune arriskutsuen desinfekzioa, haiek egiten ari dira. Horrez gain, egunotan garrantzia haundia hartu duen Elikagai Bankuaren banaketa ere haiek egiten ari dira».

 

Soldatak bermatzea, konpromiso

Udalak jakinarazi du, baita ere, kontratatuta dauzkan zerbitzuetan, (kiroldegia, Biteri, garbiketa lanak), «ohiko soldata bermatzea» dela konpromisoa. «Enpresa horiek erabakitzen dutenaren arabera, Udalak konpentsatuko ditu langile horien soldatak kalte ekonomikorik izan ez dezaten».

 

Berrantolaketa etengabea

Azkenik, gogorarazi du Herritarren Harrera Zerbitzuak martxan jarraitzen duela, telematikoki edo telefonoz (943 33 70 00), baina «egoera oso aldakorra» denez, etengabe berrantolatzen ari dela Udala «sortzen diren beharrei ahalik eta egokien erantzuteko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!