KORONABIRUSA

«Egoerari aurre egin zaio, Ospitalean egokitzapena denborarekin egin delako»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 28a, 00:00

Donostiako Ospitalean, pneumologiako zerbitzuan egiten du lan, Maddi Amatriain mediku hernaniarrak.

Donostiako Ospitalean medikua da Maddi Amatriain Arrozpide hernaniarra, biriketako sailean, pneumatologiako zerbitzuan. Koronabirusaren ondorioz pneumonia garatu duten gaixoak artatzen ditu orain, besteak beste.

Non ari zara lanean, momentu honetan?
Donostiako biriketako sailean, pneumologiako zerbitzuan egiten dut lan, bai Ospitalean, eta baita Groseko anbulatorioan ere, kontsultetan. Eta Ospitalean guardiak ere egiten ditut.

Zein harreman duzu Koronabirusa duten gaixoekin?
Orain ospitalizatuta dauden pa­ziente gehienak dira birusaren ondorioz pneumonia garatu du­tenak, eta lehenago ere birike­tako gaixotasun kroniko bat du­tenak.

Nola antolatu da Donostiako Ospitalea? Zein da egoera?
Orain, pneumologiako zerbitzua, infekziosoetakoa eta barne me­dikuntzakoa batera ari ga­ra lanean, Koronabirusarekin kutsatutako gaixoak tratatzeko. Normalean banatuta egoten dira hirurak, baina orain batera ari gara lanean. Koronabirusa daukaten gaixo gehienak Amara eraikinean daude. Saiatzen ari gara guztiak eraikin batean izaten, beste gaixoengandik bereizita egon daitezen; behintzat, egoera jasangarria den bitartean. Hemen dauden gaixoak hiru zerbitzuen artean ikusten ditugu. Atzoko datuen arabera (martxoak 22), Donostian 65 bat lagun daude ingresatuta, eta horietako gutxi batzuk zainketa intentsiboko unitatean.

«Egoera jasangarria den bitartean», diozu. Gain hartzeko beldurrik baduzue?
Orain arte kontrolatua, progresiboa izan da kasuen igoera, eta denbora eman du Ospitaleak egokitzapen hori egiteko. Egoerari aurre egin zaio, egokitzapena denborarekin egin delako. Espero da nahikoa ohe izatea, egokitzen jarraitzea. Oraingoz, ez du ematen Donostian egoerak gain egingo duenik. Oraingoz baliabideak badaude. Hala ere, aste honetan espero da igoera haundiena.

Zergatik aste honetan?
Kutsatuen kurbak gora nola egiten duen ikusten ari dira. Kutsatu horiek berrogeialdia eta neurri zorrotzenak ezarri baino lehen gertatu dira, eta beste batzuk kutsatzen jarraitu dute inkubazio garaia pasa bitartean. Beraz, gaixo horiek orain azaleratuko dira. Gero eta kutsatu gehiago egon, orduan eta gehiago kutsatu dute haiek ere, eta kurbak gora egingo du. Hartutako neurrien ondorioak beranduago ikusiko dira, hemendik bi-hiru astera. Pentsatzen dugu orduan hasiko dela kurba behera egiten, neurriak hartu direlako.

Zein baliabide dituzue? Falta da ezer?
Koronabirusa duela baieztatzen zaion gaixo bakoitza ospitaliza­tzen denean, isolatu egiten da gela batean, eta bertan sartu behar dugun langile guztiek NBEa (Norbere Babeserako Ekipoa) jantzi behar dugu. Kasu honetan, maskarilak FFP2 edo FFP3 mailetakoak dira, hau da, %97tik gorako babesa ematen dute birusaren aurka. Beste guztiak maskarila kirurgikoak dira, batez ere, gaixoentzako, beraiek kutsatu ez dezaten. Orain arte gaixotasuna dutela baieztatutako pazienteak ikusteko materiala badago. Protokoloak egokitu egin behar izan dira dauden baliabideetara, baina badago. Eta orain berriro ere beste material erosketa haundi bat egin da. Bata, maskarila, eskularru eta betaurrekoak badaude. Beste gauza bat da egunerokotasunean gertatzen dena; ez denean baieztatutako kasu bat, kontsulta arrunt bat pasatzen ari garenean, horretarako ez dago nahikoa, ezinezkoa baita hainbeste maskarila egotea. Ho­rretara egokitu da maskarila kirurgikoak erabiltzea; ez du babesten ehuneko ehun, batez ere gaixoei jartzen zaie gainontzekoak ez kutsatzeko. Eta maskarila falta ez da Euskal Herrian edo estatuan bakarrik gertatzen, orokorra da. Baina Osakidetzak egin du erosketa haundi bat.

Nahikoa proba egiten ari dira? Badirudi orain gehiago egiteko aukera dagoela, eta azkarrago, baina ez direla hain fidagarriak…
Euskal Herrian hasieratik proba asko egin dira, baina orain arte egin diren proba hauek prozesu nahiko konplexua dute, bere denbora behar dute. Prozesu konplexu horren ondorioz, mugatua da egunean egin daitekeen proba kopurua. Prozesu bat pasa behar da eta ezin dira egunean nahi diren guztiak egin. Proba berri azkar hauek ordu gutxitan ematen dute emaitza. Baina oraindik ez dakigu zehazki zein den fidagarritasuna.

Sintomak beti nabaritzen dira?
Printzipioz, kutsatuen %80k sin­toma arinak izango ditu. Eta ba­daude kasu positibo batzuk, sin­tomarik eduki ez dutenak. Baina, orokorrean, %80k arinak izango ditu: eztarriko mina, eztul lehorra, sukarra, ondoeza. Kasu larriagoetan ager daiteke arnas-estua eta pneumonia. Iku­si dena da, hasieran sintomak arinak izan badira ere, sei edo zazpigarren egunean izaten dela okertzera egiteko arriskua; orduan agertzen dira arnas-es­tua eta pneumonia. Baina %80k sintoma arinak ditu, eta kasu batzuetan, ez dago batere. Horiek ez dute neurririk hartu, baina orain denok ari garenez neurriak hartzen, isolatuta man­tentzen, kasu arin hauetan proba egitea ez da hasierako fasean bezain garrantzitsua. Hasieran probak balio zuen kasu arinak ere isolatzeko, baina orain denok egon behar dugu ho­rrela, eta sintomak dauzkanak, bere burua isolatu behar du. 

Zein neurri hartu behar dira? Sareetan denetik zabaldu da: infusio beroak, paracetamola bai eta ibuprofenoa ez…

Sintomak arintzeko ez dago tratamendu berezirik. Ez beroa, ez hotza, ez dago ezer egiterik. Ohean deskantsatu, hidratatu, eta sukarrarentzat, paracetamola hartu, beste edozein gripe daukagunean bezala. Horretaz aparte, ibuprofenoa txarra dela esateko ez dago oinarri zientifikorik, eta ez dago nahikoa ebidentzia oraindik, ibuprofenoa ez aholkatzeko. Inportanteena da sukarra tratatzea, hori delako tratatu daitekeena, eta horreta­rako, paracetamola da egokiena, antitermikoa delako.

Etxetik ez ateratzea zaila da. Guztiz beharrezkoa da?
Osasun sailean oso garrantzitsu jotzen dugu neurriak ondo betetzea. Esaten zaiguna betetzea, etxean geratzea, lehenbailehen kasuen igoera, hedapena jaisteko. Uste dut orain arduratsuak izan behar dugula, eta, batez ere, ez guregatik, arrisku faktorerik ez dugunongatik, baizik eta gure ingurukoengatik, edo arrisku faktoreak dauzkatenak babesteko. Hauek kutsatzea sai­hesteko eta kasuen igoera jais­ten saiatzeko, eta horrela, osasun baliabideak ez kolapsatzeko. Batez ere, arrisku faktoreak dituzten pertsonak babesteko. Ez bada guregatik, gure ingurukoengatik. Egoera larria da, eta hau da neurri bakarra.

Egunero gaixoekin harremanetan egonda, nola sentitzen zarete?
Presioa, tentsioa, batez ere, orain dela aste batzuk sentitu genuen, kasuak gora egiten hasi zirene­an, zetorrenaren esperoan ginelako. Gasteizen sanitario asko kutsatzen hasi ziren, ospitalizazioek gora egin zuten, eta etorri zitekeenari genion beldurra, batez ere. Baina gauzak antolatzen ari dira, egunean egunekoa bizitzen ari gara, ikasten ere bai, beste lekuetan egiten ari direnarekin. Kutsatzeko arriskuari baino, beldurra gehiago da nahikoa ez edukitzeari, datorrenari aurre egiteko prest ez egoteari. Baina egunean egunekoa ikusten ari gara, eta ahal den ondoen egiten.

«Kutsatzeko arriskuari baino, beldurra gehiago da nahikoa ez edukitzeari, prest ez egoteari datorrenari aurre egiteko»

Koronabirusarekin bizitzen ikasi beharko dugula esaten da. Zer espero daiteke datorren urteari begira?
Oraindik ez dakigu birus honen portaera zein izango den, jarrera estazional bat hartuko duen edo ez, gripearekin pasa zen bezala. Ez dakigu, ezta ere, Koronabirusa pasa duen jendeak zein inmunitate maila izango duen aurrerantzean. Oraindik goiz da jakiteko, eta ikusi egin beharko da hurrengo urtean zer pasatzen den.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!