azoka

Naturkonek azokak egitea eskatzen du

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 26a, 00:00

Aurreko astean ez zen Hernanin azoka egin, baina talde naturalistak egiteko baimena eskatu du eta egingo da.

Koronabirusaren krisi larriaren aurrean, neurri zorrotzak hartu dituzte hainbat administraziok, esparru ugaritan. Eta azoketara ere iritsi dira, udal dezentek aurreko astean beren herrietako azokak bertan behera utzi zituzten. Horien artean zegoen Hernanikoa, baina gaur ordea posturen bat jarriko da Urbieta kalean.

Naturkon-Naturaren Kontserbazioaren aldeko Gipuzkoako taldeak Azoka bai! lelopean baimenak ematea eskatu du. «Udal batzuek, segurtasun-neurri zorrotzak ezarrita, azokak bestela egiteko aukera eman dute: Arrasate, Azpeitia, Oñati, Ordizia… Krisi hau lezio ugari ematen ari zaigu: osasun eta zaintza sistema publiko indartsuen beharra dugula ez ezik, globalizazioak ekarritako merkataritzak eta ekoizpena kilometroetara eramateak ondorio lazgarriak dituela ere bai, larrialdi egoera honen kasuan bezala. Eta orain ere bizitzeko elikagaiak behar ditugunez, ondoko baserritarrek eskaintzen dituztenak herritarren eskuetara iristea aldarrikatzen dugu, haien beharra izango baitugu orain eta etorkizunean, eta aste batzuetako geldialdia, baserritar askori ekoizpena galtzea ekarriko baitio».

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Osasun Sailari eta udalei eskatzen diete, behar diren neurriak hartuta, aukera eman dezatela herritarrei azoken bidez, zuzenean baserritarrei bertako fruitu, barazki eta bestelako jakiak erosteko. «Bertatik bertara, garaiko, bertako eta elikagai ekologikoen alde! Trantsizio ekologikoaren bidean eta Klima Aldaketaren larrialdia murrizteko, ekoizte- eta merkaturatze-zirkuitu laburrak behar ditugu, horien artean azokak, ahalik eta seguruenak, osasunari dagokionez zein ingurumenari dagokionez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!