«Kontzientziatuta geunden familiaren berri genuelako; hemen ez zen gehiegi nabaritzen etenaldia»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 25a, 00:00

Eider Oruezabala Mateos Eslovenian dago..

Eider Oruezabala  hernaniarra irailaz geroztik Eslovenian dago Erasmuseko ikasle bezala eta «ez dakigu nola bukatuko den kurtsoa».

Arkitektura ikaslea da Eider Oruezabala Mateos hernaniarra, eta irailaz geroztik Ljubjlanan dago, Eslovenian, Erasmus programan parte hartzen. Asmoa da ikasturte osoa bertan egitea, baina, Koronabirusa medio, «ez dakigu oso ondo nola bukatuko den kurtsoa», dio.

 

Ikasleak, neurriak nabaritzen aurrenekoak

Espero baino beranduago hasi ziren gaixotasunaren eragina nabaritzen, Oruezabalak aitortu duenez. «Italiatik hain gertu egonda, espero genuen lehenago hasiko zirela neurriak hartzen. Baina, kasuak hona oso berandu iritsi ziren, eta konparazioa eginda, oso gutxi daude».

Dena den, hartu dira neurriak, Eslovenian ere. «Nabaritu genuen aurreneko gauza izan zen unibertsitatean desinfektanteak jartzen hasi zirela, leku guztietan, egun batetik bestera. Higiene neurriak asko zaintzen. Hortik bi egunetara, mezu bat bidali ziguten, esanez, klaseak eten egingo zirela bi astez. Euskal Herrian baino lehenago izan zen hori. Hasiera batean, martxoaren 23ra arte etengo zirela esan zuten, baina orain, esan digute ez dakitela noiz arte izango den».

Neurriak zabaldu badira ere, pixkanaka izan da. «Unibertsitateko klaseak gelditu zirenean, kalean jendeak normal jarraitzen zuen. Taberna guztiak irekita zeuden, jatetxeak... Dena. Pixka bat kontzientziatuta geunden gu, jakinda Euskal Herrian egoera zein zen, nork bere familiaren  egoeraren berri jakinda. Baina bestela, hemen ez zen nabaritzen gehiegi».

 

Eslovenian hobeto, Euskal Herrian baino

Hernaniarrak beste hiru ikaslerekin partekatzen du ikasle-pisua. Madrilgo bat eta Alicanteko birekin. «Printzipioz, ondo gaude etxean», dio. «Ahal dugun gutxien ateratzen gara kalera. Klase batzuk online ematen dizkigute, baina ez denak. Beste batzuetan entregen bitartez funtzionatzen dugu. Baina ez dakigu nola bukatuko den kurtsoa».

Hala ere, bertan jarraitzeko asmoa dauka. «Egia esan, ez dut pentsatu etxera bueltatzea. Otsailean bueltatu nintzen bisitan, eta hona itzultzean, aireportuan (Veneziatik egin behar izan bainuen joan-etorria eta gero Veneziatik hona autobusa hartu) hegazkinetik jaisten zen guztiari sukarra hartzen zioten, ea dena ondo zegoen. Beraz, iruditu zitzaidan seguruagoa zela hemen geratzea. Gainera, hemen egoera hobea da hain baino, nire ustez. Dena pasa arte hobe da hemen geratzea».

Hori horrela, mezua helarazi nahi izan die Eiderrek gertukoei. «Lehenengo egunetan unibertsitatetik bidaltzen zizkiguten informazio mezuak eslovanieraz bidaltzen zizkiguten. Baina segituan jarri zen gurekin harremanetan gure nazioarteko laguntzailea, eta ingelesez bidali zigun informazioa. Nahiko lagungarria egin zaigu berarekin harremanetan egotea. Beraz, guraso eta familiari esan nahi nieke ondo nagoela, eta hemen dena nahiko lasai dagoela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!